KLIMA LARRIALDIA

AZTIk tresna bat sortu du itsas mailaren igoerak sortuko dituen eraginak aurreikusteko

Bideometria bidez egindako behaketekin, Euskal Herriko eta Kataluniako kostaldeen inguruko informazioa bildu du AZTIk. Itsas mailaren igoerak eragindako kalteak arintzeko neurrien katalogo bat ere sortu dute.

jarraia214098.jpg
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 31
13:45
Entzun

Lurraren berotzearen ondorioz kostaldeko herrietan sortutako arriskuei irtenbideak bilatzea. Hori da azken bi urteotan AZTI zentro teknologikoak sortutako Marlit proiektuak izan duen helburua. Eta pauso garrantzitsuak eman ditu helmuga horretara iristeko bidean; olatuen parametroak eta haien inpaktua neurtzeko tresnak, inpaktu horien indarra neurtzen duen sentsore bat eta olatuen uholde prozesuak modu fidagarrian erreproduzitzeko gai diren eredu informatikoak sortu dituzte, besteak beste. Horretarako, 2020. urtetik Euskal Herriko eta Kataluniako kostaldeetan egin dituzte frogak, eta teknologia berri horiek jada martxan daude Biarritzen, Bermeon, Donostian eta Zarautzen.

«Berotze globalarekin batera datozen ondorioek, hala nola itsasoaren batez besteko maila handitzeak eta fenomeno meteorologiko kaltegarriek, ondorio garrantzitsuak izan ditzakete kostaldeko zerrendan kokatutako populazioentzat», azaldu dute AZTIkoek. Esan dutenez, horregatik, «erronka handia» da arrisku hori kudeatzea. Pedro Liria AZTIko Marlit proiektuaren koordinatzaileak azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak, gaur Donostiako Kursaalean egin duten aurkezpenean. Hala ere, argitu du zentro teknologikoak Kataluniako zein Frantziako beste hainbat erakunderekin elkarlanean gauzatu duela proiektua—Communauté d 'Agglomération Pays Basque (APB); Eusko Jaurlaritza – Euskalmet, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza (DAEM); eta Kataluniako Institutu Kartografiko eta Geologikoa (ICGC) besteak beste—.

Ekaitzek kostaldean duten eragina ebaluatu eta aurreikusteko bazeuden tresnak lehendik ere; baina Marlit proiektuak tresna horiek «hobetu eta automatizatzea» izan du helburu, teknologia berriak erabilita. Era horretan, kostaldeko ur mailaren igoerak sortuko dituen ondorioak arintzeko neurriak hobeto diseinatu ahalko dituzte.

Datu baseak, bideometria bidez

Zehazki, Euskal Herrian zein Katalunian ekaitzek duten inpaktuari buruzko informazioa bildu eta datu base bat osatu dute. Liriak nabarmendu duenez, horretarako bereziki interesgarriak izan dira bideometrian oinarritutako aterabideak. Kostaldeko leku jakin bati begira hainbat kamera berezitu jartzean datza behaketa mota hori, gero puntu jakin bat erakusten duten perspektiba anitzeko irudiak osatzeko. Horren bidez, kostaldean olatuek, uhinek zein ekaitzek daukaten inpaktuen parametroak monitorizatu daitezke. Zarautzen, Bermeon, Donostian —Igeldon eta Zurriolako hondartzan—, Mutrikun, Biarritzen, Ziburun —Zokoako hondartzan— eta Donibane Lohizunen — Artha hondartzan— hartu dituzte irudiak, besteak beste.

Biarritzen, esaterako, algoritmo berezi bat sortu dute, eta horren bidez zehatzago kalkulatu daiteke olatuak noraino heltzen diren, non egiten duten talka, edo itsasoak noiz egingo duen gainezka. Zarautzen, ordea, metodo bitxi bat erabili dute hondartzen goiko aldearen informazioa biltzeko: hondartzetan lanean ibili ohi diren traktore bati lotu dizkiote eremu hori monitoreatzeko gailuak, eta traktoreak egunero egindako ibilibideari esker atera dituzte datuak.

Gainera, beste teknologia bat ere landu dute: olatuen uholde prozesuak modu fidagarrian erreproduzitzeko gai diren eredu informatikoak garatu dituzte, hain zuzen. Liriak azaldu du behaketa horiek oso lagungarriak direla kostaldean izan daitezkeen kalteak ekiditeko: «Datu eta soluzio horiek konbinatuz gero, kostako arriskuak tokian-tokian nola eboluzionatuko duen ebaluatu ahal izango dugu, eta, gainera, neurri espezifikoak identifikatu ahal izango ditugu, lurralde bakoitzeko administrazio publikoek ezar ditzaten».

Neurrien katalogoa

Behin olatuek egin ditzaketen kalteak kalkulatuta, horiek arintzeko neurriak diseinatzen jardun du AZTIk. Baina, hala ere, azaldu dutenez, kostaldeko eremu bakoitzak bere ezaugarri propioak dauzka, eta Euskal Herrian, zehazki, mota askotakoak dira kostaldeko eremuek dituzten baldintzak: «Gure kostan mota askotako hondartzak daude, esaterako. Eremu urbano asko dago kostan, eta, beraz, neurri berezituak behar dira eremu bakoitzean». Hori horrela, eremu bakoitzari hobekien egokitu zaizkion neurriak ezartzeko katalogo bat osatu dute Marlit proiektuan, «aplikazioaren bideragarritasuna baloratuz eta administrazio publikoei ekar diezaiekeen kostu ekonomikoa simulatuz».

Lekuan lekuko baldintzetara egokituz, hainbat neurri biltzen ditu katalogoak: harea leku batetik bestera mugitu edo duna artifiizialak eraiki inpaktua gutxitzeko, posidonia landareak landatu harea lurrera finkatzeko, edo hondarrez betetako zakuekin behin-behineko barrikadak eraiki. Horiek dira neurri bigunenak, baina bestelako neurri gogorrak ere proposatu dituzte: dikeak eraikitzea, esaterako. Hala ere, Liriak azaldu du AZTIn neurri mistoen alde egiten dutela. Adibidez, dike txiki bat eraiki, eta itsasoaren hondoan arrezife artifizialak, puzgarriak, jartzea. Arriskua dagoela aurreikusten denean puztuko lirateke arrezife horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.