Sanferminak

Hipikarik ez Iruñean, enpresen interes faltagatik

Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, enpresa bakar batek ere ez du azaldu borondaterik hirian txapelketa bat antolatzeko. Udaleko talde politiko guztien artean, soilik Navarra Sumak nahi zuen hura egitea.

Iruñeko Harresien I. Hipika Sariketa Nagusiko irudia, 2021eko irailekoa. IñAKI PORTO, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko ekainaren 1a
09:47
Entzun

Iruñeko Harresien I. Hipika Sariketa Nagusia egin zuten 2021eko irailaren 2tik 12ra, Iruñeko Ziudadelan. Sanferminak ohi bezala ospatu ez, eta festetarako izan ohi den aurrekontuaren parte bat horretan inbertitzea erabaki zuen Udalak orduko hartan, «iruindarrentzako eskaintza zabaltzearren». Txapelketak lehenbiziko aldia zuen hirian, izenak adierazten zuenez. Bada, ez da izanen bigarrenik, ez aurten behintzat.

Kirol zinegotzi Maria Caballerok egin du jakinarazpena. Emandako azalpenen arabera, bistan gelditu da, dena dela, erabakia ez dela guztiz librea izan, baldintzek behartua baizik. Iruñeko Udalak ez du inolako proposamenik jaso txapelketa antolatzeko. Hau da, hipika enpresa bakar batek ere ez du interesik azaldu Iruñean halakorik egiteko.

Nafarroako hiriburuan iaz egin zen hipika txapelketa hasiera-hasieratik izan zen polemika iturri, hura antolatzeko asmoa iragarri zenetik bertatik. Sariketak aurrera eginen zuela jakinarazi ondotik ere, hainbat izan ziren hura gelditzeko ahaleginak, protestak tarteko. Besteak beste, Hipikarik Ez taldea sortu zuten auziaren harira, eta ekintzak gauzatu zituzten udan.

Ikusi gehiago: Iruñeko hipika txapelketa prestatzeko erabiltzen ari diren makina bat sabotatu dute

Baina iritsi zen iraila, eta Navarra Sumak erdietsi zuen nahi zuen hori. Caballero zinegotziaren esanetan, «arrakasta» izan zen iazkoa. Ez ordea, gaur egungoak ikusita, sariketa errepikatzeko adinakoa.

Ziudadela, garbiago

2021eko hipika txapelketak piztutako sumina eta ezinegona ez zen sariketa bukatzearekin batera iraungi. Ziudadela txapelketarako atontzeko, hareaz bete zituzten zuloguneak, hondarrez bete zuten eremu osoa, baita beste hainbat material baliatu ere. Kalteak hasieratik izan ziren nabarmenak, eta luze iraun zuten ondotik. Udalaren «utzikeria» gaitzetsi zuten herritarrek eta hainbat eragilek.

Izan ere, txapelketa bukatu eta zenbait hilabetetara, hondarrak Ziudadelan segitzen zuen artean. Navarra Sumak salbu, udaleko talde politikoek adierazpen bat onartu zuten eremua berehala egokitu dadila eskatzeko. Handik lau hilabetera garbitu zuten guztiz Ziudadela. Hala eta guztiz ere, hainbat taldek salatu dute kalte batzuk «konpondu ezinekoak» direla.

Ikusi gehiago: Hipika txapelketa bukatu eta hilabete eta erdira, Iruñeko Ziudadela hondarrak hondatua dago oraindik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.