Memoria historikoa

EP-IUk eskatu du biktimen erreparazio «osoa» jasotzea memoria historiko eta demokratikoaren legean

Legebiltzar taldeak 62 zuzenketa aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzaren lege egitasmoari.

Miren Gorrotxategi eta Jon Hernandez EP-IUko legebiltzarkideak. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 1a
13:20
Entzun

EAEko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege proiektua tramitatzen ari dira Eusko Legebiltzarrean, eta, zuzenketak aurkezteko epea zabaldu denez, Elkarrekin Podemos-IU taldeak gaur iragarri du 62 zuzenketa aurkeztu dizkiola lege proiektuari. Jon Hernandez legebiltzarkideak azaldu du lan «zorrotza» egin dutela testua hobetzeko eta «lege indartsu eta integral bat» onartzeko, eta «1936ko kolpe faxistaren eta ondorengo diktadura frankistaren biktimen egia, memoria, justizia eta erreparazioa lortzea» dela taldearen zuzenketen helburua.

Izan ere, koalizioak uste du lege proiektuak «hutsune ugari» dituela, eta «zehaztasuna» falta duela memoriaren historikoaren politikak behar bezala garatzeko. Horregatik, hainbat neurri planteatu ditu zuzenketen bidez: esaterako, biktimen errolda bat sortzea; biktimen «erreparazio osoa» bermatzea, «morala zein ekonomikoa»; biktima gisa izendatzeko kasuistika zabaltzea, eta 1982. urtera arte zabaltzea diktadura ondorengo egituren errepresioa jasan zutenek erreparazio neurriak jasotzeko aukera. Hernandezek salatu du EAJk uko egin diola «luzaroan» gai horiek lege batean jasotzeari, eta Elkarrekin Podemos-IUk elkarte memorialisten nahiak aintzat hartuta erabaki duela biktimen aldarrikapenak zuzenketa batean jasotzea.

Emakumeak eta hezkuntza
Legeari emakumeei buruzko artikulu bat gehitzea ere proposatu du EP-IUk, «jasan zuten errepresioa espezifikoa, orokorra eta sistematikoa izan zelako». Hernandezen ustez, emakume izate hutsagatik errepresioa pairatu zutenentzako berariazko politikak jaso behar ditu legeak.

Bestelako esparruak arautzea ere proposatu du koalizioak zuzenketetan. Hala, memoria hezkuntza sisteman txertatzeko eskatu du zuzenketa batean, eskola curriculumean derrigor jaso dadin eta irakasleek prestakuntza neurriak jaso dezaten. Memoriaren aurkako sinboloen eta elementuen kategoriak zabaltzeko ere proposatu du, frankistei ohore egiteko altxaturiko eraikin arkitektoniko eta eskultorikoak aintzat hartuta. Horrez gainera, EP-IUk proposatu du Memoria Historikoaren Euskal Kontseilua sortzea; Gogora Institutuaren barnean ikerketa talde propioa eta adituen batzorde espezifiko bat eratzea, gerra eta frankismo garaian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostena egiteko; Euskadiko Memoria Historikoaren Zentroa sortzea, eta 1936ko gerraren lekukotzen artxibo bat sortzea. Uztailaren 18a kolpe militarraren eta diktaduraren biktimak oroitzeko eta omentzeko eguna izendatzea ere proposatu du taldeak, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.