Antropologia Feministaren Lehen Kongresua

Antropologia Feministaren Lehen Kongresua egingo dute, «ezagutza eraldatzeko»

Ekainaren 8tik 10era egingo da kongresua, EHUren Donostiako HEFA fakultatean.

EHUren Donostiako HEFA fakultatearen kanpoaldean aurkeztu dute kongresua. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 1a
15:08
Entzun

Lau urteko prestakuntzaren eta bi urteko atzerapenaren ostean, datorren asteazkenean hasiko da I. Antropologia Feministaren Kongresua. 350 pertsonatik gora elkartuko dira, antropologia feministak diziplina horri egiten dizkion ekarpenei buruz hitz egiteko, baita nazioarteko ikuspegiei buruz aritzeko ere.

Euskal Herriko sei hizlarik parte hartuko dute AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeak antolatutako kongresuan, eta nazioarteko beste hamar ere egongo dira: Kataluniatik, Brasildik, Herbehereetatik eta Mexikotik etorriak.

AFITeko kideek diote helburu nagusia dela «diziplina barruko zein kanpoko ezagutza eta errealitatea aldatzea», eta nabarmendu dute horretarako «deserosotasuna» apustu kontzeptual, pertsonal eta politiko bihurtu behar dela.

Hiru eguneko kongresu horretan, bi formatuko egitasmoak egingo dituzte. Lehenik eta behin, mahai inguruak; bost egingo dituzte guztira hiru egunetan: Unibertsitatea, jakintza eta prekarietatea: biziraupen zaila, Genero-antropologia eta antropologia feminista: genealogia komun baten zenbait ibilbide, Eztabaida eta erronka teorikoak, Prozesu etnografiko eta ekarpen metodologikoak eta Antropologia feminista, feminismoa eta jendartea: eztabaida eta harremanak.

Panelei dagokienez, askotarikoak izango dira landuko dituzten gaiak; esaterako, diziplinartekotasuna, antropologiaren aplikagarritasuna, zaintzak eta feminismoa, genero disidentziak eta disidentzia sexualak, eta justizia feminista.

2018tik prestatzen

Dirudiena baino ibilbide luzeagoa du datorren astean hasiko den kongresuak. 2018an hasi ziren antolatzen, eta 2020ko ekainean egiteko asmoa zuten, 2020ko martxoan itxialdia iritsi zen arte.

Orduan, martxan jarri ziren 2021ean egin ahal izateko, baina urte horretan ere ezin izan zuten egin azkenean; izan ere, lehen egunetik antolatzaileen lehentasuna izan da kongresua presentziala izatea, eta horregatik erabaki zuten berriro ere atzeratzea.

Baldintzak hobetu direnez, aurten egingo dute azkenean, baina, ordutik, ez dira geldirik egon. Joan den urteko ekainean Antropologia, Feminismoa eta Pandemia izeneko beste kongresu bat egin zuten, pandemiari buruz antropologia feministaren betaurrekoekin hausnartzeko. Aitzindariak dokumentala ere estreinatu zuten orduan, 2020tik prest zutena; AFITen webgunean ikusgai dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu