GERRA UKRAINAN

Errusiak AEBei ohartarazi die Ukraina armatzearen «arriskuez»

Washingtonek misil eta munizio gehiago emango dizkio Ukrainari. Joe Bidenen ustez, militarki indartuz gero, Kievek «posizio sendoago bat» edukiko du negoziazio mahaian      

Ukrainako armadako soldadu bat Bakhmuten, Donetsk hiritik gertu, parean bonbardaketa baten ondorioz sutan dagoen etxalde bat duela. EFE
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 1a
18:41
Entzun

AEBek misil eta munizio gehiago emango dizkiote Ukrainako armadari, modu horretan «zehaztasun handiagoarekin» eraso egin ahal dezan «guda zelaian». Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak jakinarazi zuen atzo, azkeneko orduan, The New York Times egunkariak argitaratutako zutabe batean. Sergei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeari gaur galdetu diote, RIA-Novosti Errusiako berri agentziaren arabera, ea erabaki horrek Moskuren eta Washingtonen arteko gatazka zuzen bat hauspotu ote dezakeen, eta erantzun du «handitu» egin dezakeela «arrisku» hori.

Washingtongo funtzionario batek atzo komunikabideei azaldu zienez, 700 milioi dolarreko —650 milioi euro— diru sail bat onartu dute Ukrainarentzako armetan gastatzeko, eta arma horien artean dago irismen luzeko misilen sistema bat. What America Will and Will Not Do in Ukraine (AEBek Ukrainan egingo dutena eta ez dutena egingo) izeneko artikuluan Ukrainako inbasioari irtenbide diplomatiko bat ematea defendatu du Bidenek, baina iruditzen zaio militarki indartuz gero Ukrainak «posizio sendoago bat» edukiko duela negoziazio mahaian.

Adierazi du, gainera, «NATOren ekialdeko hegala AEBen eta beste aliatu batzuen baliabideekin indartuta» ez duela bilatzen ez Mendebaldeko aliantza militarraren eta Errusiaren arteko gerra bat, ez eta Vladimir Putin Kremlineko burua eroraraztea ere. Horren harira, erasorako armak jaso arren, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan du ez dutela Errusiari eraso egiteko asmorik: «Ez dugu interesik Errusiako Federazioan. Ez gara ari haien lurraldean borrokatzen, haiek egiten dutenaren kontrara», azpimarratu du Newsmax AEBetako telebista kate kontserbadorean.

Alemaniak ere baliabide militarrak emango dizkio Ukrainari; aireko defentsa sistema bat, hain zuzen, Olaf Scholzek gaur Bundestagean zehaztu duenez. Modu horretan hiriak erasoetatik babesteko modua edukiko dute, kantzilerrak adierazi zuenez. Kremlinek kritikatu egin du «Kieveko erregimena armez leporaino betetzeko» erabakia, eta Riabkovek ohartarazpen bat egin du: «Gure posizioa argia da: operazio militar bereziko helburuak beteko ditugu edonola ere». Uste du, gainera, gatazka luzatzeak «Errusiaren etsaiei» egiten diela mesede.

Egunero hildako soldaduak
Gerra frontea Donbassen dago zentratuta egun, eta Luhanskeko gobernadore Serhi Haidaik jakinarazi du, gaur, Telegramen, Errusiako indarrek Sievierodonets hiriaren %70 kontrolpean dutela. «Abantaila hartzeko posizioetarantz jo dute Ukrainako tropek». Zelenskik onartu du, gaur, egoera «oso zaila» dela Donbassen, eta borroketan, egunero,Ukrainako «60 eta 100 soldadu artean» hiltzen direla, eta 500 inguru zauritu.

Bestalde, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak egunero ematen duen prentsaurrekoan adierazi duenez, Mendebaldeak Errusiari ezarritako «legez kanpoko murrizketen» ondorio da elikagai eskasia. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak gaur plazaratutako datuen arabera, Ukrainan bakarrik 5,2 milioi haurrek laguntza humanitarioa behar dute gerraren ondorioz.

Erdogan, ezezkoan

NATOn sartzeko eskaera egin dute Suediak eta Finlandiak, baina Turkiak betoa jarri die leporatuta militante kurduak babesten dituztela, eta beto horri eusteko asmoa du, Recep Tayyip Erdogan presidenteak berriki esan duenez, NTV telebista katearen arabera.
Hiru herrialdeetako ordezkaritzek elkarrizketak hasi zituzten aurreko astean, baina, Erdoganen esanetan, «zoritxarrez» ez dute esperotako «mailarik» eduki. Turkiako presidenteak «zintzotasuna» eskatu die bi herrialdeei, eta adierazi pauso zehatzak ematen ez badituzte ez duela iritzia aldatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.