Merkataritza

Abian da Euskadi Bono Denda kanpaina

640.000 kontsumo bonu jarriko dituzte zirkulazioan hirugarren alduan, 6,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 4.400 establezimenduk parte hartuko dute, uztailaren 3ra arte.

Hainbat denda Gernika-Lumoko kale batean. ANE MARURI ARANSOLO
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 2a
11:28
Entzun

Euskadi Bono Denda kanpainaren hirugarren aldiari gaur ekin diote, eta uztailaren 3an amaituko da. Guztira 640.000 deskontu bonu jarriko dituzte zirkulazioan, 6,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Eusko Jaurlaritzak bultzatu du kanpaina, eta Bizkaiko eta Arabako foru aldundiak eta hainbat udal ere gehitu dira egitasmora —Gasteiz; Bizkaiko Derio, Gueñes, Lekeitio, Portugalete eta Santurtzi; eta Gipuzkoako Arrasate, Hondarribia, Urretxu eta Zumarraga—.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 4.400 establezimenduk parte hartuko dute. Aurreko aldiek «harrera handia» izan dutela azaldu du Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak; guztira, hamabi milioi euro mugiarazi ziren horietan. «Bonu hauekin kontsumo arduratsua sustatzea nahi dugu, kontsumitzaileak tokiko merkataritzara begira jarri daitezen eta gure ekonomia bultzatzeko», gehitu du.

Eusko Jaurlaritzak hogei milioi euro inbertituko ditu tokiko merkataritza sustatzeko. Horietatik bost milioi bonuen kanpainara bideratu ditu; gainontzeko hamabost milioiak, zuzeneko laguntzetara. Bonu kanpainaren hirugarren aldian parte hartuko duten aldundi eta udalek 1,4 milioi euro gehitu dituzte aurrekontura.

Bonuen funtzionamendua

Aurreko urteetako aldien prozedura bera izango da aurten ere: 30 eurotik gorako erosketetan hamar euroko deskontua lortu ahalko da. Hamasei urtetik gorako pertsona bakoitzak gehienez bost bonu izango ditu eskuragai, komertzio txiki eta tokikoetan trukatzeko. Euskadibonodenda.eus webgunean ikusi daiteke kanpainara batu diren establezimenduen zerrenda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.