Ukrainako gerra

Saudi Arabia petrolio gehiago ekoizteko prest dago, Errusiarena murrizten bada

LPEEko kideek eta haren aliatuek —tartean Errusia— ekoizpena uste baino gehiago igotzea erabaki dute gaurko bileran. Europak Errusiari ezarritako zigorrek hornidura krisi bat eragin dezaketen beldurra handitu egin da.

Errusiako Atzerri mnistro Sergei Lavrov eta Saudi Arabiako Energa ministro Mohammed bin Salman bin Abdulaziz, martxoan egindako bileran batean. EFE
jokin sagarzazu
2022ko ekainaren 2a
11:48
Entzun

Saudi Arabiak esan du petrolio gehiago ekoizteko prest dagoela Errusiarena nabarmen murrizten bada. Hala adierazi du gaur Financial Times egunkariak. Orain arte, Saudi Arabiak uko egin die ekoizpena bizkortzeko egindako eskaerei, nahiz eta gaur egun upelaren prezioa 120 dolar ingurukoa den (112 euro), azken hamarkadako garestiena.

Saudi Arabiak erreserbei eutsi nahi die, baina baliteke jarrera aldatzea. Datozen hilabeteetan munduko petrolio eskaria handitzea espero da, COVID-19aren krisiaren ondorengo susperraldi ekonomikoaren ondorioz, eta, bereziki, Txinaren beharrengatik. Horri gehitu behar zaio Errusiako petrolio ekoizpena nabarmen jaisteko probabilitatea, Europak ezarritako debekuengatik. Errusiak munduko petrolioaren %10 baino gehiago ekoizten zuen Ukrainako gerra hasi aurretik.

Saudi Arabiak behin eta berriz baztertu ditu Etxe Zuriak eta G7koek ekoizpena handitzeko egindako eskaerak. Baina, azken asteotan, AEBetako ordezkariek herrialdea bisitatu dute. Financial Times egunkariak aipatu dituen iturrien arabera, Saudi Arabia prest agertu da prezioak lasaitzeko eta bere ekoizpena handitzeko, hornikuntza krisia egongo balitz.

Hizketagai izan dute hori LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kideek eta haien aliatuek —tartean Errusia— gaur egindako bileran. Saudi Arabia da karteleko ekoizle nagusia. Wall Street Journal egunkariaren arabera, taldeko kide batzuk Errusia erakundetik kanpo uztea aztertzen ari dira. Oraingoz, ordea, elkartean jarraituko du Errusiak.

LPEEko kideek ekoizpena ez handitzeko asmoa erakutsi dute orain arte; alegia, iaz zehaztutako bide orriari eustea: eguneko 400.000 upel inguru handituz joatea, COVID-19aren aurreko kopuruetara itzuli arte. Gaur egin duten bileran, ordea, igoera handiagoa izango dela jakinarazi dute; egunean 650.000 upel inguru gehiago ekoitziko dituzte uztailean eta abuztuan. Jarrera horrek saltzaile berriak bilatzera eraman ditu hainbat herrialde: Venezuelara, Nigeriara... AEBek «inoiz hartu gabeko» erabakia hartu dute, eta erreserbak merkaturatzen hasi dira.

Azerbaijango gasa

Energiaren gerraren beste frontea gasarena da. Europako herrialdeek Errusiakoa ordezkatzeko hainbat mugimendu egin dituzte. Jo dituzten ateetako bat Azerbaijangoa da. Herrialde horretako Energia ministro Parviz Shahbazovek gaur iragarri duenez, handitu egingo du Europarako gas hornidura. Urte amaierarako, herrialdeak 23.000 milioi metro kubiko esportatzea espero du; horietatik 10.000 milioi metro kubiko, Europara. 2021ean, 8.200 milioi bidali zituen.

Azerbaijanek gaur egun Italia, Grezia eta Bulgariara esportatzen du gasa. Ministroak adierazi duenez, laster azpiegitura handituko du, hegoaldeko korridorea hedatzeko eta Europarako hornidurak handitzeko. Korridore hori 2020ko abenduaren 31n ireki zen. Italiako hegoaldean amaitzen da. Gaur egun, urtean 10.000 milioi metro kubiko esportatzeko ahalmena du, baina 20.000 milioi metro kubikora igo daiteke. Proiektuaren kostua 4.500 milioi euro ingurukoa da.

Errusiaren oharra

«Argi dago Errusiaren aurkako aldebakarreko zigorren pakete berriak eragin autosuntsitzailea izango duela Europako Batasunarentzat», ohartarazi du gaur Errusiako Atzerri Ministerioak, adierazpen batean. Moskuren arabera, EBk Errusiako petrolioaren zati bati uko egiteko erabakiak «prezioak igoko ditu, merkatuak ezegonkortuko, eta kate logistikoak aldatuko». «Horrek guztiak EBko ekonomia eta segurtasun energetikoa ahulduko dute, eta elikagaien krisia bizkortuko», nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.