Egurgintza

LABek Gipuzkoako egurgintzako hitzarmena berritzeko «konpromisoa» hartu du

Hemeretzi urte «hilda» daramatza hitzarmenak, inongo soldata igoerarik gabe, eta LAB sindikatuak «hitzarmen duin eta beharrezko» bat lortu nahi du.

Egurgintza sektoreko langileak LABen agerraldian, Donostian. LAB
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 2a
12:34
Entzun

Gipuzkoako egurgintza sektoreko hitzarmena «berpizteko konpromisoa» erakutsi du gaur LAB sindikatuak, Donostian hainbat langile ordezkarik egindako agerraldian. Hemeretzi urte «hilda» daramatza hitzarmenak, soldata igoerarik gabe, eta akordio «duin eta beharrezko» bat lortzeko lanean arituko direla adierazi dute.

Urteetan sektorean izan diren lan baldintzen «utzikeria» atzean utzi eta garai berri bati hasiera eman nahi diote. Langileen egoeraren zertzeladak eman dituzte agerraldian: soldatak izozturik izan dituzte hemeretzi urtez, erosahalmenaren %36,9 galdu dute, urteko lanaldian ez da aldaketarik izan, eta langileen lan eta bizi baldintzak «errotik ahanzturan» geratu dira.

«LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu itzalpeko lanak egiten, eta dagoeneko esan genezake iritsi dela garaia sektoreko langile guztiontzat oinarri izango den herrialde hitzarmen duin bat izan dezagun», adierazi dute agerraldian. Dei egin die patronalei «prekarietate egoera basatia» gainditzeko. Irailera bitartean, gainontzeko sindikatuekin eta sektoreko enpresekin harremanetan jarriko dira elkarlanak bilatzeko.

Espainiako hitzarmena

Gipuzkoako akordioaren faltan, 2013an onartu zen Espainiako egurgintza hitzarmena. LABentzat «ez da onargarria» gutxieneko soldata edo hitzarmen estatala izatea Gipuzkoako langileentzako erreferentzia bakarra, eta dagokion tokiko hitzarmenaren alde egin du. «Enpresa bakoitzaren lan harremanak hitzarmen ezberdinez daude araututa gaur egun», baina oraindik «ugariak dira heldulekurik eta eskubideak babesturik ez dituzten langileak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.