Lan gatazkak

24 langile inputatu dituzte azken urteetako lan gatazketako protestaldietan

Langileen artean «beldurra zabaldu» nahi duela egotzi diote sindikatuek Jaurlaritzari. Isun ekonomiko asko jaso dituzte, 3.000 eurorainokoak.

Tubacexeko langile bat ertzain eginiko zauria erakusten, proestaldi batean. ANDONI LUBAKI / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko ekainaren 2a
12:36
Entzun

«Jaurlaritzak beldurra zabaldu nahi du langileen artean, borroka egin ez dezaten. Patronalarekin konplizitate osoz dihardu». Salaketa gogorra Zigor Aizpeolea LAB sindikatuko kide eta IPT Aero PCB langilearena da. Azpioleak eman du azalpena, baina CCOO, LAB, ESK, CNT, Hiru eta Steilas sindikatuen izenean hitz egin du, bat egin dutelako azken hilabeteetako lan gatazketan zigorturiko langileei babesa adierazteko. Izan ere, sindikatuek emaniko datuen inguruan, 24 langile inputatu dituzte, eta askok jaso dituzte isun ekonomikoak. Isun horiek 3.000 eurorainokoak dira.

Jaurlaritzari langile borroka kriminalizatzea egotzi diote, eta langile asko akusazio faltsupean atxilotzea. Era berean, mozal legea aplikatzen ari dela leporatu diote, eta iradoki diote «gogo bera» jarri beharko lukeela negoziazio mahaiak sustatzeko. Alde horretatik, azaldu dute Enplegu sailburuordearekin bildu zirela urtarrilean gaia jorratzeko, baina ezin dutela «balantze positiborik» egin, «egoerari buelta emateko borondate falta» duelako. Segurtasun sailari ere bilera eskatu zioten, eta ez dute erantzunik jaso.

Era berean, azaldu dute kasu batzuetan Jaurlaritzak fiskaltzaren zigor eskaerak handitu dituela. Duela bi urteko Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioko protestetan atxiloturiko langile baten kasuan gertatu zen. Fiskaltzak urtebeteko zigor eskaera egin zuen, eta Jaurlaritzaren abokatuek 23 hilabetera handitu zuten. Bizkaiko metalgintzako protestetan hamabost langile inputatu ziren, eta bi epaitzeke daude oraindik. Epaiketa hori ekainaren 7an izango da, Bilbon. Sindikatuek auzipetuei babesa emateko elkartasun deialdia egin dute egun horretarako epaitegien aurrean (09:15).

Sindikatuek goizean egin dute agerraldia eta zigorturiko bi langile bertaratu dira.

«Hatz bat mindu zidatela erakustera joan, eta atxilotu egin ninduten»
Aintzane Mendia (Tubacex): «Amurrioko (Araba) epaitegiaren aurrean atxilotu ninduten. Aurrean bilduta ginen, eta Ertzaintzak handik joateko esan zigun. Baztertu egin gintuen, eta, bidea oztopatu gabe baztertzea ezinezkoa zenez, hantxe gelditu ginen. Ertzain batek bultza egin ninduen, eta hatz bat mindu zidan. Erakustera joan nintzaion, eta atxilotu egin ninduten. Agintaritzaren aurkako atentatua egotzi didate, hamabost hilabeteko zigor eskaera. Epaiketak ez du egunik, eta isun ekonomikoa zigorraren araberakoa izan litzateke».

«Hiru ertzain nire gainera etorri ziren, eta estrangulatu egin ninduten»

Edun Anton (Petronor): «Agintaritzaren aurkako atentatua egozten didate, lau urte arteko zigorra izan daiteke. Iazko ekainean atxilotu ninduten, epaitegiek legez kanpokoa den aldi baterako erregulazio baten aurka protestan ari ginenean. Hirugarren egunean izan zen eta egun hartan Ertzaintzak jarrera oso ezberdina izan zuen. Eraso egin ziguten eta tentsio handia egon zen. Langile baten bila zihoazela ikusi eta hura laguntzera joan ginenean atxilotu ninduten. Lurrera bota, eta estrangulatu egin ninduten, hiru ertzain nituen gainean. Nik ez nuen ezer egin».

Isun eta zigor zerrendak:
Bizkaiko metalgintzako protestak: 15 langile inputatu, hiru zigortuak, bederatzi absolbituak, batek prozedura etenda du eta azken biak ekainaren 7an epaituko dituzte. Zigortuei desordena publikoa egotzi zitzaien, eta batek hemezortzi hilabeteko zigorra onartu zuen.

ITP Aero PCB: Bost langile daude inputatuak. Langile baten aurkako auzia artxibatu zuen epaileak eta enpresak helegitea jarri zion ebazpenari. Zigor ekonomiko ugari jaso dituzte langileek, ia 5.000 euro guztien artean.

Tubacex: Sei langilek deklaratu behar izan dute, eta hiru daude inputatuak agintaritzaren aurkako delituengatik. 17 langilek isunak jaso dituzte, 100 eta 3000 euro artekoak.

Petronor: Langile bat inputatua kalteak eragiteagatik eta agintaritzaren aurkako atentatuarengatik. Lau urtera arteko isuna jaso dezake. Bost langilek isunak jaso dituzte, eta 3.400 euro ordaindu behar dituzte guztien artean.

Artiach: Lau langilek isun ekonomikoak jaso dituzte. 3.000 euro lauren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.