KLIMA LARRIALDIA

Zientzialari talde batek ohartarazi du aldaketa «eraldatzaileak» behar direla klima larrialdiaren aurka

'BioScience' aldizkarian argitaratutako artikulu batean, adierazi dute gaur egungo neurriak «erreformistak» direla, eta ez dutela behar adina denbora izango eraginkorrak izateko.

Lurra baso batek su hartu ondoren, Hondurasen. GUSTAVO AMADOR/EFE
jone arruabarrena
2022ko ekainaren 2a
12:45
Entzun

Gaur egun klima larrialdira egokitzeko hartu dituzten neurriak «motelegiak» dira, eta ez dute behar adina denborarik izango benetako eraginkortasuna izateko. Hala ohartarazi du zientzialari talde batek, BioScience aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Larrialdiari aurre egiteko, adierazi dute beharrezkoa dela aldaketa «sakon eta premiazkoak» egitea ekonomian eta gizartean, eta, horretarako, Parisko akordioaren antzerako itun bat proposatu dute. Unai Pascual Basque Centre for Climate Changeko Ikerbasque irakaslea, BC3ko ikertzailea eta IPBES NBEko Ekosistema eta Biodibertsitaterako Gobernuarteko Plataformako kidea da artikuluaren egileetako bat.

Artikuluak helburu argia dauka: «Naturaren aldeko akordio bat, Pariskoaren ildotik». Hain zuzen, aurten Kunmingen (Txina) egingo den batzarrean lortu nahi dute itun hori. Horretan, 196 herrialderako ordezkariak bilduko dira, «biodibertsitatea defendatzeko arnas luzeko helburu batzuk finkatzeko» asmoarekin.

Izan ere, artikuluan adierazi dute gaur egun ingurumenaren inguruan proposatzen diren politikak «erreformazko aldaketetan» oinarritzen direla: «Gaur egungo egitura, eta helburu ekonomiko eta sozialekin bat datozen ekintzak baino ez dira proposatzen, hala nola energia eraginkortasuna areagotzea, zalantzan jarri gabe hazkuntza ekonomiko esponentzial jarraituaren paradigma».

Neurri horiek hartzearekin batera, aldaketa «eraldatzaileak» ere galdegin dituzte. «Harrigarriki, Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmena eta Biodibertsitateari buruzko Nazio Batuen Hitzarmena atzeratuak doaz, ikusirik nola ebidentzia zientifikoek garbi erakusten duten beharrezkoa dela klima aldaketa, biodibertsitatea eta gizartea ikuspegi bakarrean integratuko dituen ikuspegi bat erabakiak hartzeko», adierazi du Pascualek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.