Zahar etxeak

Bizkaiko Aldundiak bizikidetza unitateak sortuko ditu egoitzetan

Sergio Murillo foru diputatuak uste du garrantzitsua dela zahar etxeetako langileek «lan baldintza egokiak» izatea

Zahar etxe bateko egoiliarrak, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko ekainaren 2a
13:02
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundiak bizikidetza unitateak sortu nahi ditu zahar etxeetan, hau da, egoitzen barnean egongo diren gune txikiagoak, etxekoa bezalako bizimodu bat garatzeko egokiak. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak horren berri eman du aste honetan Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzordean, eta orain berretsi du Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean.

Murillok azaldu duenez, 500 lagunentzako tokiak sortu nahi dituzte. Horietatik 226 laster sortuko dituzte, lanei berehala ekingo dietelako; beste 156 sortzeko baimena emanda dago, eta 112k aldez aurretiko baimena dute. Gainera, Aldundiak kudeatzen dituen Leioako eta Elorrioko egoitzetan ere horrelako unitateak sortu nahi dituzte, eta horretarako lanak datorren astean lizitatuko dituzte.

Murillok uste du bizikidetza unitateen eredu hori Bizkaiko zahar etxe guztietara eraman daitekeela, alderdi arkitektonikoa izan ezik, egoitza batzuek ez baitute horretarako biderik ematen. Etxetik programa ere izan du hizpide: programa horren arabera, etxean bizi diren adinekoei zerbitzua ematen zaie, haiek zaintzen dituzten senitartekoei laguntza emanez. Gaur egun, 30.000 adineko eta 21.000 zaintzaile daude programa horretan. Aldundiaren asmoa da 2023rako zaintzaile horien erdiek laguntza jasotzea bitarteko informatikoen bidez.

Joan den astelehenean Bizkaiko zahar etxeetan izandako greba eguna ere hizpide izan du Murillok. Foru diputatuak nabarmendu du lan hitzarmena sinatzeasindikatuen eta enpresen arteko afera dela, eta hor Aldundiak ez duela esku hartzen. Edonola ere, langileek soldata duinak eta «lan baldintza egokiak» izateari beharrezko deritzo: «Gaur egungo hitzarmena abiapuntu egokia da. Azken hamabost urtean asko aurreratu da, eta orain dena berrikusi eta bizikidetza unitateen eredua aintzat hartuko duen akordio berria erdietsi behar da». Esan duenez, Aldundia prest dago «bitartekari» izan eta akordioa sustatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.