Buru Osasuna

Gipuzkoako buru osasuneko langileen %85ek sare pribatuan jarduten dutela salatu du ELAk

Arrasateko Aita Menni zentroan greban oraindik, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko; 32. greba eguna dute gaur 2017tik.

Joan den urtean Aita Mennin zentroko langileek egindako protesta. RAUL BOGAJO / FOKU
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 2a
16:27
Entzun

Gipuzkoan buru osasuna “enpresa pribatuen esku dagoela” salatzeko agerraldia egin du ELAk gaur Donostiako egoitzan. Argitaratu duten txosteneko informazioaren arabera, sektore honetako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako inbertsioaren %10 baino gutxiago inbertitzen da Gipuzkoan, Bizkaia eta Arabarekin alderatuta.

Bizkaian 74 milioi euroko aurrekontua dute, eta 26koa Araban. Gipuzkoan, berriz, 11 milioi bideratzen dira sektore honetara. Azpiegitura publikoen falta ere nabarmendu du sindikatuak, Bizkaian hiru ospitale publiko (342 ohe) eta Araban bat (175 ohe) baitaude, eta Gipuzkoan bat ere ez.

Langileen kopuruari helduz, Gipuzkoako %15ek bakarrik (169 behargin) jarduten dute sare publikoan, eta denek lehen mailako arretan. Bizkaian 952 dira, eta Araban, 384, lehen mailako arretan eta ospitale publikoetan sakabanatuta. Finean, Gipuzkoan lehen arreta Osakidetzak eskaintzen du, eta egonaldi ertainak eta luzeak pribatizatuta daude.

Jaurlaritzari egotzi dio erantzukizuna Janire Diaz ELAren Gipuzkoako Osasun Mentalaren arduradunak: “Osakidetza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta bestelako instituzioak sartzen dira hemen. Ez dakigu zehazki zeinen erabakia izan den herrialdeen artean halako ezberdintasuna egotea, baina Gipuzkoan dugun egoera guztiz salagarria da”.

Pribatizazioa eta prekaritatea

Egonaldi ertain eta luzeak %100ean sare pribatuaren esku egoteak langileen egoera are prekarioagoa izatea eragiten duela esan du Diazek. Instituzio publikoak jo ditu erantzule: “Ez dago enpresa hauen jardunaren gaineko inolako kontrol publikorik, eta, etekinak lehenesten dituztenez, langileen prekaritatea izugarria da”. Bestalde, gardentasun falta ere nabarmendu du Diazek, erakunde publikoek “muzin egiten baitiete” ELAk egin dituen hamaika bilera eskaerei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.