Yemen

Yemengo menia abuztura arte luzatu dute

Hans Grundberg Nazio Batuen Erakundearen ordezkariak esan du su etenak «aldaketa esanguratsu bat eragin» duela «gerraren ibilbidean».

Matxino huthi batzuk Sana hiburuan, iragan apirilean. YAHYA ARHAB / EFE
2022ko ekainaren 2a
16:41
Entzun

Hans Grundberg NBE Nazio Batuen Erakundearen Yemenerako ordezkariak jakinarazi du gerrako bi aldeak ados jarri direla gaur amaitzekoa zen su etena luzatzearen inguruan. Hortaz, meniak beste bi hilabete iraungo du, abuztu hasierara arte, «oinarrizko akordioaren termino beretan».

Saudi Arabiak gidatzen duen nazioarteko koalizio militarra eta matxino huthiak gerran daude 2014az geroztik, eta krisi humanitario erraldoi bat eragin dute Yemenen. Hori kontuan harturik, Grundbergek esan du hilabeteotako su etenak «aldaketa esanguratsu bat eragin» duela «gerraren ibilbidean».

Besteak beste, «biktima zibilak nabarmen murriztu» dira, Hudaidako portura erregai gehiago iritsi da eta Sanako aireportuko nazioarteko hegaldiak berriz hasi dituzte.

Baina bi aldeek ez dute aurrerapausorik eman bakea finkatzeko negoziazioetan, ezta su eten hori egonkor eta iraunkor bilakatzeko asmoan. «Menia bere gaitasunik handienera iristeko, beharrezkoa izango da pauso gehiago ematea; batez ere, errepideak irekitzearen eta hegaldi komertzialen operazioen aferetan», azaldu du NBEren Yemenerako ordezkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.