Martin Ugalde foroa

Amatasuna hizpide izan dute Martin Ugalde foroan

Erika Lagoma eta Estitxu Fernandezek amatasun eredu «estuaz», hura zabaltzeko ahaleginaz eta prozesu horrek dakartzan bizipenez gogoeta egin dute, Martin Ugalde foroan, Alaine Agirrek gidatuta. BERRIAk zuzenean eman du.

Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 2a
16:53
Entzun

Amatasuna letra bakarrera eraman behar izanez gero, ‘eme’-ak laburbiltzen du ondoen esperientzia hori, Erika Lagomak atzo iluntzean Martin Ugalde foroan azaldu zuenez. Letra larrizko ‘eme’ handi horren azpian txikiagoak diren hamaika kabitzen direla azaldu zuen: «mamuak, damua, mina, maitasuna...». Hain justu, hizki hori eraman dute azalera Estitxu Fernandezek eta biek M ama* eme* ume liburuan, eta ama izatearekin loturiko ‘eme’ handi horretan arakatu dute bertan, begirada feministatik. Atzo iluntzean egindako lanaren gainean aritu ziren, Alaine Agirre idazleak gidatuta.

Amatasun eredu «estu» eta inposatu hori arrakalatzen lagundu asmo duen liburua ondu dute Lagomak eta Fernandezek, 11 amaren eta bi aitaren bizipenak bilduta. Aniztasuna bilatu dute esperientzietan, baina kortse estuak bere horretan dirauela jakinda, betiere. Fernandez: «Liburuan garbi geratzen da zer zaila den libreki aukeratzea nola bizi amatasuna». Gogora ekarri zuen emakumea sukaldera, etxera, «zokoratu» eta ama izate hori ororen gain jarri duen duen eredu horrekin apurtu beharra zegoela, eta aitortza egin zion feminismoari, horregatik. Aldi berean, ordea, horretatik urrunduta ere ereduak estuak direla nabarmendu zuen, eta horiek zabaltzen ari direla goratu: «Ematen du umeen zaintzan ari diren horiek patriarkatuak irentsi dituela. Eta hori ez da horrela: ama dezente ari dira beste modu bat aldarrikatzen».

Hain justu, amatasuna itomenez bizitzera eramaten duena zer den hizpide izan zuten, Agirreren galderatik tiraka: «Umeak eramaten gaitu egoera monstruosora, edo sistema honek?». Bigarrenari buruz, zaintza beharrean azpimarra egin zuen Fernandezek: «Izaki sozialak gara; behar ditugu besteak. Itogarria bihurtzen da exijentzia horretatik egiten denean, eta sistemak ez duenean sostengurik ematen». Aldi berean, babes horren falta amarengan edo, are, umearengan zamatzearen arriskuaz ohartarazi zuen. Umearen beharrak «zentroan» jarri behar direla adierazi zuen, eta gogoratu menpekoak direla eta munduratzea ez dela haien hautua izan. Alde horretatik, gordin mintzatu zen Lagoma: «Ume bat mundura ekartzea oso erabaki egoista da. Prozesua eta bizipena eskuzabalak izan daitezke, baina erabakia bera oso-oso egoista dela uste dut. Baina ume horien beharrak, horiek ezin dira zalantzan jarri».

Biologiari ukorik ez

«Erromantizatzearen» arriskuez ere aritu ziren, baina, halaber, azaldu zuten ama izateak gorputzarekin baduela lotura. «Ezin da ukatu prozesu batzuk daudela —haurdunaldia, erditzea eta erdiondoa—, eta horiek badutela eragina. Horiek ukatzeak ez digu mesede egiten», ohartarazi zuen Lagomak. Amatasuna esentzialismoarekin lotzeko arriskuak gaia tentuz hartzera eraman izan duela jakinik, bizitzaren garai jakin horretan «prozesu biologiko» hori egon badagoela uste du Fernandezek ere: «Komunitatea behar dugu lehen momentutik, baina prozesu biologiko hori errespetatu behar dugu». Liburuan elkarrizketatutakoek ama hitza «politikoki» aldarrikatzen zutela adierazi zuen Fernandezek, prozesu horri lotuta.

Liburuarena ere izan da prozesua, biek esan zutenez, eta oso emozionala gainera, euren bizipenak besteenekin zeharkatzeaz gain, euren buruak «ertz eta toki zail batzuetan» jartzera ere eraman baitzituen. «Jakinda gu baino ertzerago dagoela jende pila bat», ohar egin zuen Fernandezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.