Palestina

Israelgo Armadak bi palestinar hil ditu Zisjordanian

Israeldarrak familia baten etxea eraistera joan direnean istiluak sortu dira Jabad hirian, eta han hil dute tiroz 24 urteko gazte bat.

Israeldarrek hildako 29 urteko Aiman Meisenen gorpua eramaten, gaur, Belendik gertuko Al Deixa errefuxiatu eremuan. ABED AL HASHLAMOUN / EFE
2022ko ekainaren 2a
17:40
Entzun

Bi palestinar hil dituzte gaur Israelgo militarrek tiroz, Zisjordanian eginiko bi operaziotan.

Iparraldeko Jabad hirira joan dira soldaduak, Diaa Hamarxe militantearen familiaren etxea eraistera. Martxoan Israelgo Bnai Brak hirian eginiko eraso baten ostean hil zuten Hamarxe. Erasoan bost pertsona hil ziren. Israelek ekintzaile palestinarren sendien etxeak botatzen ditu, zigor kolektibo gisa. Familiaren etxea inguratu dute militarrek, hura eraisteko, eta palestinarrek protesta egin dute kalean. Istiluetan, 24 urteko Bilal Kabaha tirokatu eta hil dute israeldarrek.

Armadak esan du «jende armatuari» egin ziotela tiro. Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Mohammad Xtayyehk, berriz Kabaharen hilketa salatu du. «Okupazioaren soldaduen hilketa operazio sistematiko» baten parte dela esan du. Nazioarteari eskatu dio «bi neurriak» baztertzeko eta zigorrak ezartzeko Israeli, nazioarteko arauak aintzat ez hartzeagatik.

Beste hilketa

Eguneko bigarren istilu larria Belenetik gertuko Al Deixa errefuxiatu eremuan gertatu da. Israeldarrek 29 urteko Aiman Meisen hil dute han, eta beste palestinar bat zauritu dute.

«Susmagarri» bat atxilotzeko asmoz sartu dira militarrak errefuxiatu eremuan, baina ez dute beste xehetasunik eman.

Martxoaren amaieratik, 30 palestinar baino gehiago hil dituzte halako operazioetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.