GIRONA 0-1 EIBAR

Suspertu egin da Eibar

Eibartarrek irabazi egin dute Gironan, eta urrats handia egin dute Espainiako Lehen Mailara igotzeko bigarren kanporaketarako sailkatzeko. Aketxek sartu du partidako gol bakarra, era ikusgarrian, 30 metro baino gehiagotik.

Ager Aketxe, hark sartutako gola ospatzen. SD EIBAR
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 2a
21:11
Entzun

Gaizka Garitanok gauza bakarra egin du joan den igandean Eibarrek Alcorconen (Espainia) galdu eta zuzenean Lehen Mailara igo ezinik geratu zenetik: kolpe latza jaso arren, bizirik zeudela aldarrikatu. Behin eta berriz esan du azkeneko egunetan inor susper badaiteke, haiek susper daitezkeela. Kosta ahala kosta sinestarazi nahi zien hori jokalariei. Ez zuen nahi azkeneko unean igoerak ihes egin izanak eragindako etsipenak ezerezean uztea sasoi osoan egindako lan ona.

Helburua lortu du Garitanok: suspertu egin dira haren jokalariak. Gaur erakutsi dute. 0-1 irabazi du Eibarrek Gironan (Herrialde Katalanak), Lehen Mailara igotzeko aurreneko kanporaketako joanekoan. Horri esker, aurrerapausoa eman du azkeneko kanporaketarako sailkatzeko. Igandean argituko da dena. Itzuliko neurketa jokatuko dute Eibarrek eta Gironak, Ipuruan (18:30). Ona da gaurko emaitza, baina ez erabakigarria. Ez da komeni gauzak egintzat ematea. Eibartarrek oso present dute zein ondorio ekar ditzaketen halakoek.

Eibarreko jokalariek hasieratik utzi dute argi aurre egin diotela aurreko asteburuko kolpeari. Gogotsu zelairatu dira, presioa eginez. Berehala eman dute lehen abisua: Venancio gola sartzear izan da, baina Arnauk atera du baloia ate azpitik. Oso argia izan da aukera, baita handik gutxira Edu Expositok izandakoa ere: haren jaurtiketak langa jo du.

Nagusi zen Eibar, eta 28. minutuan jaso du nagusitasun horren saria. Ager Aketxek sekulako zartakoa eman dio baloiari, 30 metro pasatxotik, eta ziztu bizian sartu da Gironaren atean. Merezitako gola izan da, askoz gehiago baitzen euskal taldea.

Bikain zihoan dena, baina lehen zatia amaitzear zela aldrebestu egin da: epaileak txartel gorria atera dio Tejerori. Ondorioa: bigarren zatia jokalari bat gutxiagorekin aritu beharra. Sufritu egingo zuen Eibarrek, eta sufritu egin du, baina gai izan da aldeari eusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.