Hondakinak

Uraren Agentziak oniritzia eman dio Lezaman zabortegi bat egiteari

Uraren Agentziak esan du proiektua «potentzialki baimentzeko modukoa» dela. Eusko Jaurlaritzari dagokio baimena ematea, eta esan dute ez dietela halakorik eskatu oraingoz.

jarraia214223.jpg
Natalia Salazar Orbe.
2022ko ekainaren 3a
11:16
Entzun

Lezamako Udala eta herritarrak kezkatuta daude Uraren Euskal Agentziak oniritzia eman diolako herrian Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zabortegirik handiena jartzeko proiektuari. Proiektuak aurrera egiteko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren babesa behar du, baina, oraingoz, Uraren Agentziak – Jaurlaritzaren mende dago– esan du «potentzialki baimentzeko modukoa» dela. Herriaren garapen jasangarria helburu duen Lezama Bizirik elkartea Jaurlaritzak har dezakeen erabakiaren beldur da.

Promociones Zubiarraun enpresak iaz jakinarazi zuen Lezaman, Eguzkitza errekaren bi ertzetan, Asua ibaiaren arroko lursailetan, zabortegi bat egiteko interesa zuela. Hain zuzen, 27. eta 28. zenbakietako katastro lursailetan egin nahi du proiektua, Txorierri lasterbidearen ondoan. Eremuan erreka bat dagoela kontuan hartuta, udala eta Lezama Bizirik sinetsita zeuden Uraren Agentziak baimenik ez ziola emango. Iñaki Azurmendi elkarteko kideak esan du bestelako erantzuna jaso zutela: «Ezustea hartu genuen iaz Uraren Agentziak baiezkoa erantzun zuenean. Ondorio garbia eman zuen: proiektuak uren araudia betetzen duela. Uraren Agentziak babesa emanda, alarma gorriak piztu zitzaizkigun», aitortu du.

Uraren Agentziak iaz egin zuen zabortegiaren aldeko lehen txostena. Hura jaso eta gutxira, EAJk eta EH Bilduk osatutako udalbatzak adierazpen instituzionala bidali zuen Bizkaiko Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara, harekin ados ez zeudela adierazteko. «Txostenak zioen lursail hartan dagoena ez dela erreka bat. Nolatan ez da izango, bada, abuztuan ere ura badarama? Trazatu horretan aprobetxamendurik ez dela ezagutzen ere bazioen. Hori ere gezurra da: bi hargune daude», adierazi du Azurmendik.

Azurmendik esan du oso denbora laburrean udalak Ingurumen Sailaren erantzuna jaso zuela: «Txosten mardula bidali zuten, baina adierazpen esanguratsu bat zegoen: udalari ez zegokiola esaterik proiektua egingo zen ala ez; Eusko Jaurlaritzak duela 2030era arteko plan estrategikoa [Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana], eta proiektuak planeko baldintzak betetzen baditu egin ahalko dela». Erantzun horren ostean kezka «areagotu» egin zitzaiela aitortu du, sail horri dagokiolako aldeko edo kontrako txostena egitea eta baimenari buruz erabakitzea.

Proiektua, «bideraezina»

Egoera hori ikusita, Ingeotyc S. L. enpresari azterketa bat egin zezan eskatu zion udalak. Azken horrek ondorioztatu zuen zabortegiaren proiektua «bideraezina» zela. Besteak beste, ondorioztatu zuen ez direla betetzen lurralde antolamenduko arauak, planteamendukoak eta ingurumena babesteko legediari lotutakoak. Txosten horren arabera, “«zabortegiak eragina izango du Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko Lurraldearen Plan Sektorialean balio estrategiko handiko kategoria duten lurzoruetan. Gainera, Lezamako Plangintzako Arau Subsidiarioek debekatzen dute Eguzkitza errekaren arroan era horretako zabortegi bat egitea». Izan ere, hango «lursailak paisaia babesteko eremutzat jo dira, eta ibarbideak babesteko araudiaren mende daude».

Horrez gain, Ingeotyc S. L. enpresaren txostenaren arabera, proiektuak ez lituzke beteko sistema hidrologikoa babesteko Uraren Agentziaren irizpideak, «errekaren jariatzeak 0,58 kilometro koadroko isurialdea» duelako, «jariatze iraunkorra» duelako eta XX. mendean ur hornidura publikoaren parte ziren iturburuak eta harguneak dituelako. Hala adierazi du Azurmendik. «Eta Uraren Agentziak esan zuen legearen arabera ezin dela desbideratu erreka bat bere arroak kilometro koadro bat baino gehiago badu. Uraren agentziak berak 0,5 kilometro koadrotan finkatu zuen kopuru hori, ordea».

Lurgintza enpresak egin zuen lehen txostena Uraren Agentziarentzat, eta esan zuen arroak 0,37 kilometro koadro zituela. Lezamako Udalak azterketa berrikusteko eskaera egin ostean, agentziak beste neurketa bat egin zuen, eta ebatzi du arroaren neurria 0,47 kilometro koadrokoa dela. «Ondorioz, indarrean dagoen araudiaren arabera, ibilgua desbideratzea potentzialki baimentzeko modukoa izango litzateke», idatzi zuen Uraren Agentziak maiatzaren 9an argitaratu zuen txostenean. «Dena den, zabortegi bat egiteko balizko baimena emateko baldintza da lurrazaleko zein lurrazpiko uren kalitateari ez eragitea».

Bizkaiko Hitza-k proiektuari buruz galdetu dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari. Esan dute era horretako proiektuek «ezinbesteko» dituztela ingurumen baimen bateratua eta ingurumen ebaluazio txostena. «Eusko Jaurlaritzan ez da halakorik eskatu, ezta baimendu ere. Ez dira tramite horiek egiten hasi», esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.