Zezenketak

Gero eta aldarri ozenagoa

Iruñeko Udalak aitortu du zenbait musika taldek ez dutela sanferminetan jo nahi, zezenketengatik. Hirian ere, eragile batzuek erdigunean jarri dute animalien auzia.

Sanferminetan hildako zezen baten gorpua, plazan. TRAS LOS MUROS
edurne elizondo
2022ko ekainaren 3a
11:22
Entzun

Zezenketek besta zapuztu diote Iruñeko alkate Enrique Maiari. Navarra Sumako arduradunak “lehen mailako” musika talde bat ekarri nahi zuen aurtengo sanferminetara, baina ezin izan du hitza bete. Aurrekontua izan da oztopo nagusia, baina ez bakarra. Maiak berak aitortu du “ia itxita” zituzten hiru proiektuk “zezenen auziagatik” huts egin dutela: musika taldeek ez zuten parte hartu nahi izan animalien kontrako tratu txarrekin lotutako besta batean.

Gero eta gehiago dira besta ereduaren inguruko gogoetaren beharraz ohartarazten duten ahotsak Iruñean; animalien erabileraren auziari buruzko kezka, halere, ez da oraingo kontua: PETA eta Anima Naturalis taldeak Iruñean protesta egiten hasi baino lehen ere, hiriburuko Rosa Negra kolektiboak zezenketen kontrako manifestazioa egiten zuen urte oro, duela hiru hamarkada. Hiriburuan sortutako Zezen Gorri taldeak hartu zuen gero protesta horien lekukoa, eta, orain, Iruñe Antitaurinoa elkarteak antolatu ohi du zezenketen aurkako kalejira, San Fermin egunean. Nafarroako Animalien Askatasuna taldeak eta Zaunk Iruñerriko eragile antiespezistak ere heldu diote zezenketen eta, oro har, gizakiz bertzeko animaliak erabiltzearen aurkako aldarriari.

Peñetan aritzeari uko

Zezenketen kontrako jarrera, gainera, zabalduz joan da Iruñean, eta animalien aldeko taldeen esparrutik at ere urratsak egin dituzte zenbait eragilek. Iruindarrok, adibidez, zezenketen kontrako peña bat da, sortu zenetik. Pamplonesa udal musika bandako kide batzuek ere uko egin diote azken urteotan zezen plazan jotzeari, eta, aurten, berriz, Iñigo Orduña Iruñeko DJak erabaki du peñetan ez aritzea, zezenketak babesten dituzten bitartean.

“Anitz pentsatu eta gero” hartutako erabakia da Orduñarena. “Pena” eragiten diola ere ez du ukatu, herritarren bestekin lotzen baititu peñak. Garbi du, ordea, zezenketen auzian jarrera hartzeko ordua dela: “Ezin dugu jarraitu zezenketak babesten; ezin dugu jarraitu zezenen kontrako indarkeria babesten”, erran du.

Iruñe Antitaurinoak “eskertu eta txalotu” egin du Orduñaren jarrera: “Urrats bat da zezenketen aurkako borrokaren bidean; gero eta herritar gehiago dago zezenketen, ehizaren eta zirkuen aurka, eta nahi dugun besta ereduari buruz gogoeta egiteko garaia da”, erran du taldeko kide Txaro Buñuelek.

Iruñeko peñetara ere eraman nahi izan dute gogoeta hori, eta txosten bat helarazi diete zezenketen inguruan. Oraingoz, erantzun bakarra jaso dute: “Peña batetik, hitzaldi bat egiteko proposamena jaso dugu”.

Peñak, oraingoz, ez dira prest entzierroaren eta zezenketen inguruko gogoeta egiteko. Horixe nabarmendu du peñen federazioko buru Iosu Sanchezek, hain zuzen ere: “Garbi dut karrikan eztabaida badagoela, baina peñen federazioan, ez. Ofizialki, ez dago eztabaidarik. Federazioak zerbait egiteko, bi edo hiru peñaren eskaera jaso beharko genuke, baina ez da gertatu horrelakorik. Federazioak, beraz, ez du zezenketen inguruko jarrerarik; ez alde, ez kontra”.

Peñek aldeko jarrera garbia dute, sanferminetan plazan babesten baitituzte zezenketak, arratsalde oro. “Euskal Herriko bestetan modu askotan zapaltzen ditugu animaliak, eta Iruñeko sanferminak horren eredu garbia dira. Animaliak dibertitzeko erabiltzen ditugu”, salatu du Zaunk taldeko kide Olaia L. Garaialdek.

Eragile antiespezista horrek bi eztabaida saio egin ditu —maiatzaren 19an lehendabizikoa, eta joan den asteartean, maiatzaren 31n, bigarrena—, Iruñeko norbanakoak eta taldeak batzeko animalien erabilerari buruzko gogoetara. “Helburua da zezenketen aurkako plataforma bat sortzea”, azaldu du L. Garaialdek.

Zaunk taldeko kideentzat ere “berri ona” da musikaren esparruko talde batzuek sanferminetan jotzeari uko egin izana. “Horrek agerian uzten du zezenketen aurka dagoen sektore handi bat dagoela, eta poztekoa da”, nabarmendu du Olaia L. Garaialdek.

Gizakiz bertzeko animalien bizitzak “erdigunean” jarri nahi ditu Zaunk taldeak. Peñei zuzenean eskatu die besta ereduari buruz martxan den gogoetara batzeko. “Hausnartzekoa ez ezik, aldaketak egiteko garaia ere bada; zezenketak amaitzeko garaia da”.

Argazkia: Aitor Garmendia-Tras Los Muros.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.