Gerra Ukrainan

NATOk esan du Ukrainak «higatze gerra luze baterako» prest egon behar duela

Kremlinek berretsi du Ukrainan egiten ari den «operazio militar bereziko helburu guztiak» beteko dituela. ABko presidentea zerealen esportazioei eragiten dieten zigorrak kentzearen alde azaldu da.

jarraia214235.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 3a
13:44
Entzun

Ehun egun bete dira gaur Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik. Errusiako armada aurrera doa Donbass eskualdearen erabateko kontrola bereganatzeko helburuan. Borrokek eta suntsiketek gogor segitzen duten bitartean, Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak esan du Ukrainak «higatze gerra luze baterako» prest egon behar duela, eta guda negoziazio mahai batek «bakarrik» amai dezakeela. Etxe Zurian egin ditu adierazpenok Stoltenbergek, Joe Biden AEBetako presidentearekin batzartu ostean.

Bi aldeen arteko oldarraldirik gogorrenak Sievierodonetsk hirian izaten ari dira azken egunotan; hiriaren zatirik handiena Errusiaren okupazioaren pean dago, eta, guztia hartuz gero, Luhansk oblast osoa kontrolatuko luke.

Ikusi gehiago:Etsi-etsian luzatutako gerra

Ikusi gehiago:Gerra Ukrainan; Errusiaren inbasioa, egunez egun

Kremlinek, berriz, beste behin berretsi du otsailaren 24an abiatutako «operazio militar bereziko helburu guztiak» beteko dituela; hain zuzen ere, Moskuren xede handienetako bat da «Luhansk eta Donetsk oblasteko jendea babestea». Hala ziurtatu du gaur Errusiako Gobernuko bozeramaile Dmitri Peskovek, egunero telefono bidez egiten duen prentsa agerraldian. «Herri asko Ukrainako erregimen nazitik askatu ditugu», zehaztu du.

NBE Nazio Batuen Erakundeak Ukrainan duen koordinatzaile Amin Awadek, bestalde, gerra «berehala» amaitzeko eskatu du. «Gerrak ez du irabazlerik, eta ez du izango. Bakea behar dugu», esan du, Kieven eta Moskuren arteko negoziazioak etenda dauden honetan.

Awaden hitzetan, Errusiaren inbasioak gogor jo ditu milioika zibil. «Galdu den guztiaren lekuko izan gara: bizitzak, etxeak, lana, oparotasuna...». Otsail amaieratik, ia hamalau milioi ukrainarrek egin behar izan dute ihes etxetik. Emakumeak eta haurrak izan dira gehienak. Horretaz gain, NBEk gogorarazi du Ukrainan gutxienez 15,7 milioi pertsonak —biztanleriaren heren batek— «laguntza eta babesa behar dutela».

Antzera mintzatu da Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko zuzendari nagusi Robert Mardini ere. Deitoratu duenez, Ukrainan izandako suntsipen maila «ulergaitza» da. «Etxebizitzak, eskolak eta ospitaleak suntsitu dituzte, eta zibilek gatazkaren izugarrikeriak jasan dituzte», adierazi du.

Afrika, gatazkaren «biktima»

AB Afrikako Batasuneko eta Senegalgo presidente Macky Sall Errusiako presidente Vladimir Putinekin batzartu da gaur, Sotxin, Errusian, elikagai krisiaz eta bien arteko merkataritza harremanaz hitz egiteko. Sallek adierazi du Afrika Ukrainako gatazkaren «biktima» dela, eta, aldi berean, zerealen eta ongarrien esportazioei eragiten dieten zigorrak kentzearen alde azaldu da. «Gatazkatik oso urrun dauden herrialdeak ondorioak jasaten ari dira», nabarmendu du ABko presidenteak, Errusiako telebista publikoak jasotakoaren arabera.

Ukrainaren inbasioa hasi aurretik, Afrikak gariaren %40 Ukrainatik eta Errusiatik inportatzen zuen. Gaur-gaurkoz, ordea, Ukrainako portuetan otsail amaieratik hogei milioi tona gari baino gehiago blokeatuta daude, ez aurrera, ez atzera. Mendebaldeak Errusiari ezarritako zigorren eraginez, Afrikak ez du Errusiako zerealak inportatzeko sarbiderik. «Horrek ondorioak ditu Afrikako elikagaien segurtasunean», ohartarazi du Sallek.

Txadek, esaterako, elikagai larrialdia deklaratu zuen atzo, herrialdeko egoerak «etengabe okerrera» egin duela eta. Modu berean, laguntza humanitarioa emateko eskatu zion nazioarteari. Nazio Batuen Erakundearen arabera, iaz 5,5 milioi txadarrek —biztanleriaren herenak— premiazko laguntza humanitarioa behar zuten. Ukrainako gerrak egoera gaiztotu baino ez du egin.

Senegalgo agintariak gogorarazi du iragan asteartean Europako Batasuneko buruzagiekin hitz egin zuela, eta Afrikako herrialdeen premiarik larrienak zehaztu zizkiela. Erantsi du ABk talde komunitarioko kide diren 27 estatuekin lan egingo duela «krisiari irtenbideak emateko».

Sallek, bestalde, argi utzi nahi izan dio Errusiako presidenteari Afrikako kontinentea «oso plurala» dela. Herrialde guztiek ez baitute oraindik Errusiaren jarrera gaitzetsi NBEren Segurtasun Kontseiluan, «presio politikoa gorabehera». Nolanahi ere, ABk Errusiarekin «lankidetzan aritzeko itxaropen handiak» dituela azpimarratu du Senegalgo presidenteak.

Putin, berriz, ez da zuzenean elikagai krisian sartu, eta merkataritzaz eta lankidetza humanitarioaz soilik hitz egin du. Gogorarazi duenez, Errusia «beti egon da Afrikaren alde, eta beti babestu du Afrika kolonialismoaren aurkako borrokan».

Era berean, Putinek oroitarazi du Errusiaren eta Afrikaren arteko goi bilera egin zela 2019an, Sotxin, eta «garai berri honetan» Kremlinek «garrantzi handia» ematen diela Afrikako herrialdeekiko «harremanei»; hain zuzen ere, Errusiaren eta Afrikaren arteko merkataritza trukea handitzen ari baita. Aurtengo lehen hilabeteetan, esaterako, merkataritza %34 baino gehiago handitu da. «Uste dugu Afrikak asmo handiak dituela. Hori kontuan hartuta, gure arteko harremanak are gehiago sendotzeko prest gaude», biribildu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.