Alemania

Gutxienez lau pertsona hil dira Bavarian, tren bat bidetik atera denean

Zauritu asko daude, horietako 16 larri. Ikasle ugari zeramatzan trenak, Mendekosteko oporrak hasi berritan.

Ikuskatzaileak, istripua eragin duen trena aztertzen. NETWORK PICTURES
Edu Lartzanguren.
2022ko ekainaren 3a
16:35
Entzun

Gutxienez lau pertsona hil dira Alemaniako hegoaldeko Bavaria estatuan gertaturiko tren istripu batean.

12:15 aldera, tren baten hiru bagoi bidetik atera dira Garmisch-Partenkirchen herritik gertu. Bagoiak irauli egin dira. Munichera zihoan eskualdeko trena, eta ikasle ugari zeramatzan, Mendekosteko oporrak hasi berritan, etxera itzultzeko.

Gutxienez sei helikoptero eta 500 larrialdi langile joan dira istripuaren lekura, biktimak iraulitako bagoietako leihoetatik ateratzeko, eta zaurituak erietxera eramateko. Eskualdeko agintariek adierazi dutenez, gutxienez 60 zauritu daude, eta horietako 16 bat, larri.

Agintarien arabera, zaurituen artean, «adin guztietako» pertsonak daude. Zaurituak inguruko eraikin batean elkartu dituzte, eta Municheko Klinikan mobilizatu egin dira lekua egiteko, zaurituetako batzuk hartze aldera.

Ez dute esan zenbat pertsona zihoazen trenean, baina litekeena da normalean baino gehiago izatea, ikasleen oporrengatik, eta atzo indarrean jarri zelako garraio publikoa bultzatzeko plan berezia. Izan ere, hilean 9 euro ordainduta, alemaniarrek ia nahi bezala bidaiatu ahalko dute datozen hiru hilabeteetan herrialdeko garraio publikoan, besteak beste eskualdeko trenetan.

Azken tren istripu larria otsailean gertatu zen Alemanian. Munichetik gertu, pertsona bat hil zen, eta beste 14 zauritu bi trenen arteko talkan. Eta herrialdeko orain arteko tren istripurik larriena 1998. urtean gertatu zen, abiadura handiko tren bat bidetik atera zenean, Escheden: 101 pertsona hil ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.