BERRIA TALDEA

Sostengu eraginkorragoa lehentasun

Independentzia ekonomikoa bermatuz garaira egokitzea jarri du erronkatzat BERRIA Taldeak Akziodunen Batzarrean. Inoizko BERRIAlagun gehien ditu: 15.000tik gora.

Iban Arregi eta Beatriz Zabalondo. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 4a
15:31
Entzun

Komunitatearen sostengua erdigunean jarrita, «independentziari eta bideragarritasun ekonomikoari eustea»: helburu hori izango du BERRIA Taldeak datozen bi urteetan. Hala berretsi dute akziodunek, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa) egindako batzarrean. Komunitate hori zabaltzeko, ezinbestekotzat jo zuten irakurleek «BERRIA gehiago eta gehiagotan» irakurtzea, eta, horretarako, beharrezkotzat ezarri zuten hedabideen eremuan gertatzen ari diren «eraldaketa sakonetara» egokitzea.

Izan ere, 2022-2024ko aldirako plan estrategikoak parez pare begiratzen die hedabideen arloan gertatzen ari diren joerei: «Kalitatezko informazioa eskaintzeko eta jasotzeko moduak eraldatzen ari dira. Informazioaren mundua gero eta digitalagoa izango da herritarrentzat, eta, ondorioz, hedabideontzat ere bai». Horregatik, eremu digitalean hazi eta hari lotutako sostengu ekonomikoa zabaldu nahi du hedabideak, orekari eutsita eta «paperaren eskaintza behar bezala balioetsiz».

2024ra arteko kudeaketa planak, halaber, iparrorratz izango ditu BERRIAren bost ildo estrategikoak: «Kazetaritza esanguratsua egitea»,«irakurleen esperientzia digitala hobetzea», «BERRIAren komunitatearekin harremana sendotzea», «negozio eredua egokitzea» eta «BERRIA feminista eraiki eta lanerako leku hobea egitea».

Urte zail baina «emankor» baten osteko gogoetak plazaratu ditu Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak batzarrean. Pandemiaren eraginpeko bigarren urtea izan zen iazkoa, eta horretara moldatu beharrak konplikatu zuen lana: «Etxetik lan egiteko antolatu behar izan dugu, eta neke handia pilatu da. Taldea erdigunean jartzeko eta zaintzeko ahalegin handia egin da». Zaila izan zen, halaber, ikuspuntu ekonomikotik, baina, hala ere, «irabazi txiki batekin» amaitu zuen taldeak iazko urtea.

Publizitate aurreikuspenak bete izanak eta Jaurlaritzarekin eginiko itunak lagundu dute horretan, aitortu duenez, baina, batez ere, BERRIAlagun kopuruan izan den «jauzia» nabarmendu du. Inoizko gehien dira: 15.000tik gora. Salmentetan urteotan izandako beherakadak bere horretan jarraitzen du, baina, aldi berean, BERRIAlagunen komunitatea handitzen ari da.

Positiboagoa da Interneteko eskaintzaren bilakaera. 2021eko datuak 2020koak baino okerragoak izan arren, datuek erakusten dute pandemia aldagai erabakigarria izan zela, eta, erreferentzia gisa 2019ko datuak hartuz gero, gorakada ikusten da. «Irakurketa maiztasuna» ere handitzen ari dela aipatu zuen Arregik, eta horren garrantzia nabarmendu. Azaldu zuen maiztasuna igo ahala «atxikimenduak» ere hala egiten duela.

BERRIA ez dago joera orokorretatik salbu, hala ere, eta horrek ez du hobera egin urte berriarekin. KPI Kontsumo Prezio Indizearen igoerak «lehendik zaila zen egoera areago zaildu» duela adierazi zuen. Gorakada horren islarik ez da izan langileen soldatetan, eta %4 igo dira. Testuinguru horretan, batzarrak aurrekontu defizitarioa onartu du, datozen bi urteetan diru sarrerak handitzeko helburuarekin.

Hori lortzeko, komunitatea «handitzea» eta»trinkotzea» datozen urteetarako erronka izango dela esan zuen, eta hala egin beharko dela, «independentzia ekonomikoa» bermatu ahal izateko; informazio «onena eta esanguratsuena» eskainiz egin nahi dute hori, batetik, eta sektoreko etengabeko aldaketetara egokituz, bestetik. Azken horrek eskatzen dituen «jauzi digitalak» egiteko, ordea, finantzaketa publikoa behar-beharrezkoa izango dela gaineratu du.

Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak, berriz, eskerrak eman dizkie BERRIAlagun, euskaltzale, babesle eta irakurleei, eta «euskarazko kazeta bakarra zaintzera» deitu du: «Gure aurrekoek egindakoari zor diogun errespetuagatik, ondorengoei transmititzeko dugun obligazioagatik, gure erantzukizuna delako». Beste argudio bat ere erantsi du: «Munduko dibertsitateari egiten diogun ekarpenarengatik».

Aldaketak

Administrazio Kontseilua ere berritu dute batzarrean. Bost urte beteta, kargua utzi dute Amagoia Gurrutxaga BERRIAko kazetari eta Lanarteako kideak eta Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoak, eta haien lekua hartu dute Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak eta Jon Olano BERRIAko kazetariak. Horiekin, Arregirekin eta Zabalondorekin batera, hauek osatzen dute kontseilua: Haizpea Abrisketak, Karmele Artetxek, Gabirel Erdoizak, Erika Lagomak, Txema Ramirez de la Piscinak, Mikel Legarrak eta Idoia Torregaraik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.