Nigeria

Gutxienez 50 pertsona hil dituzte eliza katoliko bati eraso eginda

Igandeko meza egiten ari ziren Owo herrian. Tiroz eta lehergaiz egin dute erasoa.

Eliza, erasoaren ostean harturiko irudi batean. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2022ko ekainaren 6a
08:09
Entzun

Xabierko Frantziskoren elizan Mendekosteko igandeko meza egiten ari ziren atzo, Nigeriako Ondo estatuko Owo herrian, eta gizon armatu batzuk sartu ziren.

Agintarien arabera, tiro egin zuten eliztarren kontra, eta lehergailu bat zartarazi zuten.

Gutxienez, 50 pertsona hil zituzten, eta dozenaka zauritu. Hildakoetako batzuk haurrak dira. Apaizak eta apezpikua bizirik atera dira erasotik, Nigeriako Eliza katolikoko eledun batek azaldu duenez.

«Herrialde honek ez dio inoiz amore emango gaizkiari, eta jende gaiztoa eta iluntasuna ez zaizkio inoiz gailenduko argiari», adierazi du herrialdeko presidente Muhammadu Buharik.

Ez dute jakinarazi erasotzaileak nortzuk edo zer taldetakoak ziren. Edonola ere, Ondo estatuko legebiltzarreko kide Adeyemi Olayemik esan du Fulani talde etnikoko kideak zirela. Fulani gehienak musulmanak dira. Gatazka dago Nigeriako iparraldean artzain bizimodua duten herrien eta lurjabeen artean. Estatuko gobernuak berriki debekatu du aziendak Ondon bazkatzea, besteak beste basoetan, bahiketak egin dituztelako inguruan. «Segurtasuna handitu da abeltzainak gure basoetatik bidali ditugunean», esan du Olayemik. «Eraso hau mendekua da, gobernadoreari deabruzko mezu bat bidaltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.