Hizkuntza eskubideak

Euskalgintzaren Kontseiluak uste du ezin dela atzera egin hizkuntza eskakizunetan

Administrazio orokorreko langileak merituengatik egonkortzeko prozesuaren harira, eztabaida sortu da Eusko Jaurlaritzaren eta Elkarrekin Podemos-IUren artean

Olatz Garamendi, atzo, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko ekainaren 7a
13:51
Entzun

Eztabaida piztu da administrazio orokorreko lanpostuen hizkuntza eskakizunen inguruan. Atzo, Elkarrekin Podemos-IUk eskatuta, agerraldia egin zuen Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak. Hain zuzen, merituengatik langileak egonkortzeko LEP Lan Eskaintza Publikoetako hizkuntza eskakizunak izan zituzten hizpide. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak BERRIAri nabarmendu dio ez dela horrelako eztabaidetarako unea. Irmo mintzatu da: «Lanpostu horiek badituzte beraien hizkuntza eskakizunak ezarrita, eta hori errespetatu behar da».

Gisa horretako eztabaidak gainditzearen aldekoa da Garamendi ere: «Ez du ematen komeni denik garai bateko eztabaidak berpiztea, are eta zatiketa handiagoa eragiten dutelako». Haren hitzetan, euskara eskakizunek «gizarte adostasun zabala» dute, eta, gainera, kopuru bat eman du, auziari neurria hartzeko: administrazio orokorreko behin-behineko langileen %90ek bere lanpostuko hizkuntza eskakizuna betetzen dute. Jon Hernandezek, EP-IUko legebiltzarkideak, erantzun dio ez dela koalizioaren asmoa «adostasunak haustea», baina, hizkuntza eskakizunak direla medio, «esperientzia daukan jende asko» kanpoan utziko dituztela uste du.

Bilbao, berriz, langileei bainoago herritarren eskubideei erreparatzearen alde agertu da: «Herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubide hori dago jokoan». Horregatik, lanpostuetan langile elebidunak jarri behar direlakoan dago: «Lanpostu horiek berez badaukate ezarrita beraien hizkuntza eskakizuna aspalditik, eta, gainera, langile horiek aukera izan dute euskalduntzeko. Hor ezin da atzera egin».

3.500 lanpostutik gora

Egonkortu asmo dituzten lanpostu kopuruak ez dira nolanahikoak. Garamendik gogorarazi duenez, administrazio orokorrean 2022an 1.686 lanpostu eskaintzea onartua dute. Horri 2017an, 2018an, 2019an eta 2021ean egindako eskaintzak gehitu behar zaizkio —oraindik azterketak egin gabe daude—. Beraz, orotara, 3.683 lanpostu esleituko dituzte LEPetan. Lanpostu guztien deialdiak urtea amaitu aurretik egingo dituztela ziurtatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.