Gerra Ukrainan

Errusiak ziurtatu du Berdianskeko eta Mariupolgo portuak prest daudela garia esportatzeko

NBE Kievekin eta Moskurekin negoziatzen ari da zerealaren arazoari irtenbide bat emateko, eta litekeena da Turkiako armadak Itsaso Beltzean kargaontziak babestea.

Ukrainako Berdiansk hiriko portua, gerra hasi aurretik. IRINA GORBASYOVA / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 7a
13:57
Entzun

Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak astearte honetan ziurtatu duenez, Ukraina hegoaldeko Berdiansk eta Mariupol hirietako portuak «normal» ari dira lanean, eta Ukrainako zereala esportatzeko «prest» daude, otsailaren 24tik blokeatuta egon ostean. «Berdianskeko portua martxan dago. Prest gaude portu horretan eta Mariupolgo portuan dauden zerealak garraiatuko dituzten ontziak kargatzeko», adierazi du Xoiguk, Interfax berri agentziak jasotako informazioen arabera.

Horiek horrela, Mariupolgo portutik minak kendu dituztela baieztatu du. «Helduak dira lehen kargaontziak». Alde horretatik, Errusiak Donbassen «askatutako zenbait hiritan bizitza baketsua itzultzen» ari dela zehaztu du Xoiguk.

Bi portu horiek Azoveko itsasora dute irteera —Errusiaren kontrolpean dago, Mariupol hiria okupatu ondoren—. Gisa horretara, Moskuk lehorreko korridore bat osatu zuen Donbass eskualdetik Errusiak 2014an anexionatutako Krimeako penintsularaino.

Kievek eta Mendebaldeak behin baino gehiagotan leporatu diote Errusiari Ukrainako portuak «blokeatzea», bai Azoveko itsasoan, bai Itsaso Beltzean. Munduko zerealen esportatzaile nagusietako bat da Ukraina, eta blokeo horrek eragotzi egiten dio Kievi zereala esportatzea: hogei milioi tona zereal baino gehiago ezin dituzte atera. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, halaber, ohartarazi du litekeena dela Ukrainako portuetan 75 milioi tona zereal pilatzea udazkenerako.

Mendebaldeak, bestalde, Errusiari egotzi dio Ukrainako nekazaritza ekoizpena «bereganatzea» eta «beste herrialde batzuei saltzea». Kremlinek, berriz, esan du Mendebaldeak ezarritako zigorrak ari direla eragiten elikagaien krisia, eta salatu du zigor horiek «mugak» ezarri dizkietela bere esportazioei.

Bien bitartean, Nazio Batuen Erakundea Ukrainarekin eta Errusiarekin negoziatzen ari da zerealaren arazoari irtenbide bat emateko, eta litekeena da Turkiako armadak Itsaso Beltzean kargaontziak babestea.

Errusiako ordezkaritza bat, Turkian

Kremlineko ordezkaritza bat Turkiarekin batzartzekoa da gaur, Ukrainako zereala eta gainerako elikagaiak esportatzeko beharrezkoak diren mekanismoez eztabaidatzeko; Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov negoziazio mahai horretan izango da, eta bi aldeek Ukrainako zereala Itsaso Beltzetik garraiatzeko proposamen bateratu bat lantzea izango dute xede. Izvestia Errusiako egunkariak atzo jakinarazi zuenez, zereala esportatzeko aurreakordio bat lortu zuten Errusiak, Turkiak eta Ukrainak, baina inork ez zuen baieztatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.