Prostituzioa

Onartu dute Espainiako Kongresuan PSOEk prostituzioaren aurka ondutako proposamena

Talde politikoek hitz egin dutenean, kritikak ugariak izan dira, baina aski babes jaso du azkenean: 218 boto alde, 37 kontra, 68 abstentzio

Adriana Lastra, PSOEren legea kongresuan aurkezten, gaur. EFE
Jone Arruabarrena - Arantxa Iraola
2022ko ekainaren 7a
16:58
Entzun

Hainbat tirabira izan ondoren, azkenean gaur bozkatu dute Espainiako Kongresuan prostituzioaren inguruko lege proposamena. Lege berezitu bat egongo da gai hori arautzeko, PSOEk eta PPk galdegin zuten bezala, eta PSOEk aurkeztutako lege proposamena hartuko da oinarritzat. Funtsean, jarrera abolizionista bat izango du araudiak, PSOEk askotan adierazi baitu prostituzioa deuseztatzearen aldeko hautua.

Adriana Lastra legebiltzarkideak egin du proposamenaren defentsa. Adierazi du legeak «proxeneten» kontra egin nahi duela ororen gainetik. «Ez gaude abolizionismoan ere», adierazi du: «Proxenetismoa amaitzea du helburu legeak, besteen prostituzioarekin dirua irabazten dutenak amaitzea».

PPk bakarrik egin du argi eta garbi legearen alde. Gainerako alderdiek PSOEri egotzi diote lege hau «korrika eta presaka» aurkeztea ez zuelako lortu eduki hori Sexu Askatasunaren Aldeko Legean sartzea. Egotzi diote, baita ere, soilik neurri «zigortzaileak» proposatzea. Ildo horretakoak izan dira, esaterako, EAJko eta EH Bilduko ordezkariek egin dizkieten kritikak. Alderdi biek iragarri dute abstenitu egingo direla, eta lege proposamena onartzen bada horren gaineko eztabaidan parte hartuko dutela.

Gainerako taldeek ere kritika gogorrak egin dizkiote PSOEri, uste baitute «moralkeriaz» ari dela, eta ez baitu proposatu prostituzioan ari diren andreei beste ate eta aukera batzuk emateko neurririk; gogorarazi dute Atzerritarren Legeak, esaterako, andre asko prostituziora bultatzen dituela, eta hor eragin gabe ezin dela neurri eraginkorrik hartu. Ikuspegi «oso» batetik egindako lege bat beharrezkoa dela esan dute.

Podemosen izenean Sofia Fernandez Castañon legebiltzarkideak hartu du hitza. Esan du jendearen «baldintza materialei» begiratu gabe eztabaida «moral» hutsetan ez dutela konponbide onik ikusten, baina, eztabaidatzeko prest daudenez, aldeko botoa emango dutela. Bozketan 218 boto izan dira legea onartzearen aldekoak; 37 kontrakoak, eta 68 abstentzio.

Prostituzioa «deuseztatzeko» legea

PSOEk proposatutako legeak Zigor Kodearen 187. artikulua aldatu nahi du, zehazki. Lege horrek proxenetismoa zigortzen du esplotazio harreman bat dagoela ulertzen denean, baina hainbat adituk adierazi dute esplotazio harreman horiek badaudela frogatzea oso zaila dela askotan, eta, beraz, kasu horietan proxenetak ez duela zigorrik jasotzen. Hori dela eta, «proxenetismoa orokorrean» zigortu nahi du PSOEk aldaketaren bidez, eta esplotazio harremanak egotea ez da ezinbesteko baldintza izango zigorra aplikatzeko.

Horrenbestez, hiru eta sei urte bitarteko espetxe zigorra eta 18 eta 24 hilabete arteko isuna ezarriko zaio, «indarkeria, larderia edo nagusitasuna erabiliz ala biktimaren zaurgarritasuna baliatuz pertsona bat prostituzioan aritzera behartzen edo mantentzen duenari».

Prostituzioaren bezeroei ere isunak ezarriko dizkie lege horrek: 12-24 hilabete arteko isuna—24-48 hilabete artekoa prostituitzen den andrazkoa adingabea bada—, eta urtebete eta hiru urte arteko espetxe zigorra.

Berdintasun Ministerioak hasieran proposatu zuen lekurako bitartekotza ere berreskuratu du legeak. Figura juridiko hori Felipe Gonzalezen gobernuak ezabatu zuen 1995ean, eta, legean azaltzen denez, prostituziorako diruaren truke bitarteko materialak jartzen dituztenak zigortzen dira; esaterako, prostituitzeko lokalak errentan jartzen dituztenak: «Irabazi-asmoarekin, eta normalean higiezin, lokal edo establezimendu bat edo beste edozein gune, publikoari irekia izan zein ez, beste pertsona baten prostituzioaren esplotazioaren alde egitera bideratzen badu, urtebetetik hiru urte bitarteko espetxealdi zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hemezortzi hilabetera arteko isuna ere».

Bestalde, hainbat talde feministak eskatu dute pornografia debekatzeko neurriak ere jasotzea lege honetan, baina araudiak ez du horren inguruko zehaztapenik egingo.

Ibilbide polemikoa

Hala ere, ibilbide luzea eta eztabaida ugari egon dira Espainiako Kongresuan lege hau eztabaidatzeko erabakia hartu arte. Hasieran, prostituzioaren inguruko arauak sexu askatasunerako legean sartzekoa zen Espainiako Berdintasun Ministerioa.

Berdintasun Ministerioa Podemos alderdiak dauka gaur egun, eta alderdiaren beraren barruan ere desadostasunak daude arlo horri dagokionez. Besteak beste, En Comú Podem kataluniako adarrak—prostituzioa erregulatzeko beharra dagoela defendatzen du—zuzenketa bat aurkeztu zuen lekurako bitartekotzaren figura juridikoa kentzeko eskatuz.

Era berean, PSOE eta PPk beste zuzenketa bat aurkeztu zuten, prostituziorako lege berezitu bat behar zela defendatuz, eta sexu askatasunerako legean prostituzioa arautzea konponbide «partziala» zela argudiatuta. Adierazi zuten prostituzioaz ari ziren artikuluak legetik atera ezean ez zutela hura onartuko.

Sexu askatasunerako legearen alde egingo zutela iragarria zeukaten ERCk, EH Bilduk, Junts-ek eta Cs-ek ere, baina horiek ere adierazi zuten prostituzioaren inguruko artikuluak kendu ezean ez zutela legea onartuko, ez baitzetozen bat lekurako bitartekotza ezartzearekin—jarrera erregulazionista erakutsi dute alderdi horiek—.

Horiek horrela, Berdintasun Ministerioak sexu askatasunerako legetik kendu zituen prostituzioa arautzen zuten artikuluak, eta «eztabaidarako gune batera» eramatea proposatu zuen, «pertsonen salerosketaren aurkako legera, adibidez».

PSOEk, ordea, prostituzioa abolitzearen alde egiten zuen lege baten proposamena aurkeztu zuen ordu batzuk geroago; gaur eztabaidagai izango dena, hain zuzen. Adriana Lastra PSOEko legebiltzarkideak, orduko hartan, Irene Montero Berdintasun ministroari eskatu zion prostituzioaren gainean bere alderdiak zuen jarrera argi uzteko; adierazi zuen Monterok ez duela argiki bere iritzia azaldu nahi, bere alderdiaren barruan ere ez direlako ados jartzen gai horren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.