Hezkuntza

Aragones pozik agertu da katalanari buruzko «itun handia» aurrera atera delako

Murgiltze eredua bermatzeko ERCk, JxCk, PSCk eta Comukoek adosturiko lege proposamena onartu du Kataluniako Parlamentuak, Auzitegi Nagusiak finkaturiko epetik kanpo.

Pere Aragones Generalitateko presidentea —erdian— eta Salvador Illa oposizioburua (PSC) —eskuinean—, parlamentuan, lege proposamena onartu ondoren. QUIQUE GARCIA / EFE
ander perez zala
2022ko ekainaren 8a
12:08
Entzun

Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea pozik agertu da parlamentuak onartu egin duelako katalanaren lege proposamena, zeinak murgiltze eredua bermatzea duen helburu. Aragonesek «adostasuneko akordio handitzat» jo du testua, eta azaldu du hizkuntza hori izango dela Kataluniako «eredu linguistikoaren ardatza».

Lege berriaren arabera, katalanaren eta gazteleraren erabilera ikastetxe bakoitzaren behar pedagogikoen eta egoera soziolinguistikoaren arabera erabaki beharko dute; hori bai, 2. artikuluan jaso dutenez, katalana «komunikazio hizkuntza» izango da, eta gaztelera, berriz, «hizkuntza kurrikularra».

ERC Esquerra Republicana, JxC Junts per Catalunya, PSC Kataluniako Sozialisten Alderdia eta Comu iragan maiatzaren 24an jarri ziren ados hezkuntza sistemaren inguruan. Irakastorduen %25 gazteleraz izateko Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aginduari erantzuteko ituna egin zuten lau indar politiko horiek, baina gaurko saioak agerian utzi du ez dutela berdin interpretatzen legearen edukia; ERCrentzat eta JxCrentzat, esaterako, testuak murgiltze eredua «gotortzen» du, eta bermatzen du katalana «komunikazio hizkuntza» bakarra izango dela.

PSCren ustez, berriz, legeak Auzitegi Nagusiaren sententzia errespetatzen du, eta, hortaz, argudiatu du gaztelera ere «komunikazio hizkuntza» izango dela ikastetxeetan. Antzeko iritzia eman zuen atzo Estatutu Bermeen Kontseiluak, esan baitzuen parlamentuak onartu duen testuak modua emango duela gaztelera «askoz modu zabalgoan» erabiltzeko.

Lege proposamena adostu zuten lau indar politikoek iragan hilabeteko azken egunera arte zuten epea testua onartzeko, baina Ciutadansek, PPC Kataluniako Alderdi Popularrak eta Voxek hori eragoztea lortu zuten, Estatutu Bermeen Kontseiluari txosten bat eskatu baitzioten testuaz; kontseilu horrek atzo eman zion oniritzia lege proposamenari, eta, beraz, Kataluniako Parlamentuak Auzitegi Nagusiak finkaturiko epetik kanpo onartu du katalanaren legea.

Hiru alderdi eskuindar horiek ohartarazia dute lege horri buruzko eztabaida eta gatazka ez dela amaitu, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionaleraino eramango dutela testua.

CUPek ere legearen aurka egin du, baina argudiatuta horrek atea irekitzen diola «gazteleraren erabilerari, hizkuntza hori ikasteaz harago». Carles Riera diputatuaren arabera, testua negoziatu zuten lau alderdiek «arrazoia» eman diote Auzitegi Nagusiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.