Irakurraldi jarraitua

‘Martutene’-ren esaldi amaigabeak, ahots goran

Ramon Saizarbitoriaren eleberri mardula irakurri dute Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen irakurraldi jarraituaren hamabosgarren aldian. Berrehun bat lagunek hartuko dute parte, guztira.

Arriaga plazan kokatutako pantaila, irakurraldiaren une batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
amaia igartua aristondo
2022ko ekainaren 8a
13:39
Entzun

Esaldi luze eta korapilatsuek osatzen dute Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria (Erein, 2012), eta mataza hori askatzea egokitu zaie gaur berrehun bat laguni, Bilbo Zaharrak antolatzen duen irakurraldi jarraituaren hamabosgarren aldian. Bilboko Arriaga antzokiko foyerrean kokatutako atril batean irakurri dute gehienek beren pasartea, ahots goran, eta telematikoki aritu dira beste batzuk. Euskaltegiko ikasle eta irakasleek, kazetariek, idazleek, enpresa, erakunde eta instituzio publikoetako ordezkariek eta euskaltzainek hartu dute parte, besteak beste. Ekitaldia 08:00etan hasi da, eta Saizarbitoriak berak abiatu du; 14:00ak inguruan bukatu da. Arriaga plazan pantaila handi bat ipini dute, irakurraldia kanpotik ere jarraitu ahal izateko.

Martutene argitaratu zenetik hamar urte bete dira aurten; horregatik hautatu du euskaltegiak irakurraldi jarraiturako. Ia 800 orriko obra bat da, zehar estilo librean dago idatzita, eta aldian-aldian pertsonaia batengan ardazten da kontakizuna, hark pentsatu eta bizi dituenak ordena zehatzik gabe uztartuz. Batuan idatzia egoteak irakurketa errazten duela uste arren, Martutene-k «bertigoa» ematen diola onartu du Steilas sindikatuko Ana Perezek. «Esaldiak luzatzen doaz, parentesi artekoak ere luzeak dira, eta galdu egiten zara». Irakurri gabe du liburua, baina horretarako gogoa du orain, egokitutako pasartea leitu eta beste batzuk gainbegiratu ondoren. «Ea datorren urterako irakurtzen dudan».

Askotariko irizpideak

Euskal literaturaren ertz asko hartu dituzte kontuan Bilbo Zaharra euskaltegikoek irakurraldi jarraituetako obrak aukeratzerakoan. Klasikoei heldu zieten aurrena: Axularren Gero eta Juan Antonio Mogelen Peru Abarca irakurri zituzten 2008an eta 2009an, hurrenez hurren; klasiko modernoak ere izan dituzte jomugan, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox 2012an, esaterako; itzulpen bat irakurri zuten 2016an, Franz Kafkaren Metamorfosia; eta haur literatura nabarmendu zuten hurrengo urtean, Mariasun Landaren ipuinen hautaketa batekin. Bigarren aldiz aukeratu dute Saizarbitoria: 2011n, haren Hamaika pauso irakurri zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.