Makina-erreminta

Ia 2018an adina erakusketari eta parte hartzaile izango ditu BIEMH azokak

Makina-erremintaren nazioarteko biurteko azoka astelehenean hasiko da, BECen. Pandemiaren ondorioz, 2020koa ez zen egin, eta lau urte igaro dira azken ekitalditik.

Goizean egin dute aurkezpen prentsaurrekoa BECen, Barakaldon (Bizkaia). OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko ekainaren 8a
20:01
Entzun

Urte bi atzeratu da izurritearen erruz, baina ekainaren 13tik 17ra arte egingo da BIEMH Makina-erremintaren Nazioarteko Biurtekoa, Bilbao Exhibition Centerren, (Barakaldo, Bizkaia). Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak adierazi du «industria azoka garrantzitsuenetakoa» dela, eta erakustazokan urte osoan egingo duten topaketa «inportanteena» dela. Sei pabiloi erabiliko dituzte, eta 28 herrialdetako 1.446 enpresa erakusketari batuko dira.

Biurtekoak bere «bertsiorik onena» egingo duela adierazi du Basañezek: «Negozioetarako hainbat aukera izango ditu, eta ezagutza ardatz duen gune bat izango da». Izan ere, nazioarteko 230 hizlari egongo dira bost egun iraungo duen azokan. Iragarri dutenez, lehenengo biderrez egitarau propio bat izango du azokak. Esaterako, Automation & Robotic Talks zikloan industriara aplikatutako robotikaren eta automatizazioaren arloko azken teknologiak eta garapenak jorratuko dituzte. Additive Talks eta Digital Talks-en, berriz, «industriaren oinarrizko gaietan jarriko dute arreta». Analisi gune horietan, jasangarritasuna, digitalizazioa eta genero ikuspegia landuko dituzte, besteak beste.

Jose Perez Berdud AFM makina-erremintaren klusterreko presidenteak sektorearen susperraldian ipini du arreta. Elkarteak hainbat jardun hartzen ditu bere gain: makina-erreminten eta haien osagaien ekoizpena, fabrikazio aditiboa, 3D inprimaketa, automatizazio robotikoa eta mekanizazioa, besteak beste. Horiek denek osatzen duten «ekosistema» egongo da ikusgai datorren astean. Datu bat eman du sektoreari buruz. «Batez beste, ekoizten dugunaren %80 esportatzen dugu, eta merkatu oso zorrotzetara». AFMren presidentearen berbetan, sektorearen «erdigunea» dira makina-erremintak eta fabrikazio aurreratua.

«Susperraldi» urtea

2018ko ekitaldiak baino erakusketari eta parte hartzaile «gutxixeago» izango ditu aurtengoak. Hala ere, Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak nabarmendu du kopuru ona dela, urte hartakoa hamarkada osoko oparoena izan zelako; «guztiz ezohikoa».

2021 «susperraldi» urtea izan dela zehaztu du Ortuetak. Azaldu duenez, aurtengo egoera zailagoa izaten ari da, «nazioarteko egoerarengatik», baina lortu dute eskaerak handitzea. Energia garestitzeak, lehengaien urritasunak, garraio arazoek eta txipen gabeziak, ordea, oraindik ere zalantzak sortzen dituztela gehitu du, eta «gaitza» dela aurreikuspenak egitea: «Ziurgabetasun sasoietan eskaerak lortzea zailago egiten da». Hala ere, baikortasunez begiratzen diote urteari, energiaren eta autogintzaren sektoreetan egingo diren inbertsioek «baliatu beharreko aukerak» sortuko dituztelako. Denbora asko behar izaten da eskaerak negoziatzeko bezero eta ekoizleen artean, eta horretarako laguntzen dute BIEMH moduko topaketek.

Dekoletaje makineria eta osagai ekoizleak izango dira nagusi azokan: erakustokien %22 eta %20 hartuko dituzte, hurrenez hurren. Automatizazioa eta robotika, deformaziorako makineria, tresnak, metrologia eta CAD-CAM izango dira beste arloak, eta bakoitzak %10-14 arteko presentzia izango du. Antolatzaileek kanpaina «zehatza» egin dute erosleak erakartzeko, eta hirurehun bat gerturatzea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.