Ingurumena

Europako Parlamentuak atzera bota du CO2 merkatuaren erreforma

Karbono mugaren zerga eta pobrezia energetikorako funtsa ere eten ditu. 2035etik aurrera saldutako autoak emisiorik gabekoak izatea babestu du.

Eurodiputatu bat, Estrasbugoko parlamentuan. JULIEN WARNAND (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko ekainaren 8a
20:41
Entzun

CO2 isurien merkatuaren etorkizuneko araudiak eztabaida handia sortu du asteazken honetan Europako Parlamentuan. Handik testu bat ateratzea zen asmoa, udazkenean Europar Kontseiluan estatu kideek akordioa itxi dezaten, baina, taldeen arteko desadostasunak direla medio, araudi hori abiapuntura itzuliko da, eta, horrekin batera, harekin loturiko beste neurri batzuk ere bai.

CO2 merkatua 2005etik dago indarrean Europako Batasunean, eta horren bitartez prezioa jartzen zaie energia kontsumo intentsiboko industrien isuriei. Doako CO2 baimen batzuk aurreikusten ditu sektore batzuentzat. Ingurumen Batzordean onartutako testuak baimen horiek pixkanaka murriztea aurreikusten zuen, 2030ean erabat desagertzeko, baina Alderdi Popularrak jarritako eta parlamentuak onartutako zuzenketa batek 2034ra arte luzatzea nahi zuen. Horrek sozialdemokraten eta Berdeen haserrea eragin du, testuaren aurka bozkatu dute, eta ez da aurrera atera. Horrela, araua parlamentuko Ingurumeneko Batzordera itzuliko da.

Asteazkenean bozkatu behar ziren zortzi araudietako bat zen emisio eskubideen merkatuaren erreforma. Horiek guztiak Fit For 55 (Egoki 55erako) izeneko lege sortaren parte dira. Neurri horien helburua da isurketak gutxienez %55 murriztea 2030a baino lehen, 2050ean klima neutraltasuna lortzeko.

Ezkerreko taldeek beren zuzenketa batzuetan proposatu dute 2030erako murrizketak %61-67ra zabaltzea, Europako Batzordeak egin dituen azken proposamenekin bat eginez, baina horrek eskuineko taldeen haserrea eragin du, eta blokeatu egin du beste araudi batzuen tramitazioa.

Europako Batzordeak iazko uztailean aurkeztu zuen Fit For 55 plana, eta negoziazioak urtebete luzatu dira. Isuri eskubideen erreformaz gain, beste batzuk ere gelditu dira. Adibidez, Karbonoa Mugan Egokitzeko Mekanismoa. Horrek beste herrialde batzuetako ingurumen estandar apalagoetatik babesten ditu Europako zenbait industria —altzairua, zementua eta aluminioa—; asmoa da CO2 zerga bat jartzea beste leku batzuetako esportazioei —bereziki Txinakoei—.

Ingurumen Batzordera itzuli den beste araua Klimaren Gizarte Funtsarena da; emisioen merkatutik lortutako diru sarreren zati bat pobrezia energetikoa murrizteko erabili nahi da.

Autoak eta hegazkinak

Arau horien tramitazioa gelditu bada ere, beste batzuk aurrera atera dira. Autogintzarena, esaterako. Europako Batzordeak proposatu du ekoizleek auto guztien CO2 isuriak gehiago murriztea 2025 eta 2030 bitartean, eta 2035etik aurrera salduko diren guztiak isuririk gabekoak izatea. Araudi horrek aurrera egin du, Alderdi Popularrak 2035eko muga luzatzea eskatu badu ere. 2030erako helburuak, berriz, berdin mantenduko dira autoetan (%55eko murrizketa) eta gutxitu egingo dira furgonetetan (% 50).

Horrez gain, beste neurri batzuk ere babestu ditu parlamentuak. Nekazaritzako isuriak %55tik %57ra igotzea proposatu du. Hegazkinen kasuan, CO2 isuriengatik ordaintzea babestu du Europako Batasuneko aireportu guztietatik irteten diren hegaldi guztientzat, eta sektoreak dituen doako isuriak gradualki murriztea 2025etik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.