Osasuna

Osakidetzan egin nahi dituzten aldaketak «epe luzerako» direla zehaztu du Sagarduik

Haserrea adierazi du SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak, eta «medikuen aurkako kanpaina bat» abiatzea egotzi dio sailburuari

Gotzone Sagardui, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko ekainaren 9a
10:29
Entzun

Zeresana eman dute Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo Executive Forum España jardunaldietan esandakoek. Lehen arreta eta ospitale sarea «birdefinitzeaz» mintzatu zen sailburua: «Beharrezkoa da aldaketa kultural bat, erabiltzaileek eta osasun profesionalek uler dezaten eskualdeko ospitale eredu batetik ospitale espezializatu batera pasatzeak mugikortasun handiagoa ekarriko duela». Zehazki, Sagarduik esan zuen askotan beharrezkoa izango dela leku batetik bestera mugitzea «prozesu jakin batzuetan arreta jasotzeko», eta gaineratu zuen, medikuen faltan, «litekeena» dela oporraldietan zenbait osasun zentro eta anbulatorio itxi behar izatea edota gaixoak erizainek artatu behar izatea. Gaur, ñabardurak egin ditu, eta esan du ez dutela osasun etxeak ixteko asmorik. «Ordutegiak moldatu bai».

Mediku eta erizainen sindikatu zenbaitek gogor kritikatu dute sailburua, batetik, lehen arretako profesionalak «gutxiesten» dituela iritzita, eta, bestetik, aipatutako aldaketak «adabakiak» eta «azaleko neurriak» direla salatuz. Gaur, Sagardui «harrituta» azaldu da Radio Euskadiren Boulevard saioan, bere hitzek sortutako kalapitarengatik. Sailburuak azaldu duenez, Osakidetzan egin nahi dituzten aldaketak «epe luzerako» dira: «hamarkada bat baino gehiago iraun dezakete».

Haren ustez, atzo esandakoak ez ziren berriak –«urte eta erdi daramat gauza bera esaten—, eta gaineratu zuen proposatutako aldaketak «zerbitzua hobetzen jarraitzeko bide bat» baizik ez direla. Hala ere, zehaztu du atzoko adierazpenetan ez zela ari familia medikuei buruz, «zerbitzu espezializatu batzuei buruz baizik».

Ikusi gehiago:Oposizioak «planifikazio falta» egotzi dio Osasun sailari eta ardura herritarrengan uztea arbuiatu du

SME Euskadiko Sendagaien Sindikatuak argitaratutako oharra ere hizpide izan du Sagarduik: «Ez dut ulertzen, eta ez nator bat». Sindikatuak «haserrea» adierazi du ohar horretan, Osasun Sailak «medikuen aurkako kanpaina» bat abiatu duela iritzita: «Prestigioa kendu nahi diete sendagile eta profesionalei». Gotzone Sagardui sailburuak iragarritako zerbitzuen berrantolaketa ere kritikatu du sindikatuak oharrean, «inora ez garamatzan neurri aringarrien sorta bat» delakoan. Horren ordez, Sagarduiri eskatu diote «irtenbideak bila ditzala, Oinarrizko Arreta eta kalitatezko Osasun Sistema publikoa bermatze aldera».

Sagarduik atzo eginiko adierazpenak txarretsi ditu sindikatuak: «langileen lan izugarria aitortu beharrean» kanpaina bat abiatu duelako «profesionalen izen ona zikintzeko, herritarren begietara». Izan ere, Osasun sailburuak adierazi zuen «3.000 euro eskaintzen ari direla 08:00 eta 15:00 arteko lanaldiagatik, edo mediku egoiliar batzuek, prestakuntza amaituta, hilabete sabatikoak hartzen dituztela edo gobernuz kanpoko erakunde batera joaten direla». Hitz horiek «onargaitzak» dira medikuen sindikatuarentzat: «Aurkeztu nahi gaituzte diruaren truke ere lan egin nahi ez duten hippy batzuen erara». Norberaren «hautuak, erabakiak eta ibilbide profesionala errespetatzeko» eskatu diote Sagarduiri.

Satse: «Erizain kopurua handitu»

Satse erizaintzako sindikatuak ere «premiazko neurriak» galdegin dizkio Osasun Sailari, azken urtebetean «unean uneko arazoa» zirudiena «ohiko» bihurtu dela iritzita: «Sindikatuak urteak daramatza ohartarazten ez dagoela profesionalik Lehen Mailako Arretan». Hori dela eta, sektoreari «prestigioa» eman eta «higadura gelditzeko» xedez, «erizainen kopurua handitzea eta horiei ardura handiagoa ematea» proposatu dute, «betiere segurtasun juridikoa eta behar bezalako aitorpena bermatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.