Osasuna

Oposizioak «planifikazio falta» egotzi dio Osasun Sailari, eta arbuiatu egin du herritarren gain uztea ardura

Sagarduik egindako adierazpenekin kezka agertu dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C’s-k. Sailburuaren agerraldi bat eskatuko dutela iragarri dute.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 9a
11:47
Entzun

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak lehen arreta berrantolatzeari buruz atzo egindako adierazpenek kezka eta haserrea piztu dute oposizioko taldeengan. EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C’s-k Eusko Legebiltzarreko prentsa aretoan egindako adierazpenetan gogor kritikatu dituzte Osasun sailburuaren hitzak. Hiru taldeek bat egin dute euren kritiketan: Osasun Sailari «planifikazio» eza egotzi diote, eta arbuiatu egin dute ardura oro herritarren gain uztea.

EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak salatu du «eufemismoa» dela Sagarduik aipatutako «kultura aldaketa», atzean osasun publikoaren «suntsipena, pribatizazioa eta murrizketak» baino ez daudelako. Erantsi du osasun profesionalen eskasiaz hitz egitea «mantra» bat dela, baina atzean dagoena beste arazo bat dela: Osakidetzan indarrean den kontratazio eredua eta langileei eskaintzen zaizkien lan baldintza eskasak. Horrez gain, Uberak gogor salatu du gaur egungo egoeraren ardura herritarren eta langileen bizkarrean uztea, eta Jaurlaritzari erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu dio. Osasun sistemaren arazoa «egiturazkoa» dela salatu du Uberak, eta bestelako politikak premiazkotzat jo ditu: tartean, planifikazioa.

Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik, bestalde, «oso larritzat» jo ditu Sagarduiren adierazpenak, eta atzean osasun sistema publikoaren «suntsiketa» dagoela salatu du. «Osasun sistemaren pribatizazioa ezin da eufemismo baten azpian ezkutatu, erabaki politiko bat delako. EAJren ereduaren isla da, aurreikuspen faltaren isla». Gorrotxategik uste du Osakidetzan «pribatizaziorako bidea» hartu dela: «Ayusoren eredurantz doa». Gaineratu du herritarrei ez dagokiela egoerara moldatzea; kontrara, aldaketa gobernuak berak egin behar dituela.

PP+C’s taldeko Laura Garridok ere kritika gogorrak egin dizkio Sagarduiri. Garridok gogoratu du Osakidetzaren arazoa lehendik datorrela eta «egiturazkoa» dela, eta Osasun Sailak «axolagabe» jokatu duela, bere ardurari uko eginda.«Osasun profesionalek askotan ohartarazi dute egoeraren larritasunaz, baina Jaurlaritzak beste alde batera begiratu du». Iritzi dio planifikaziorik ez dagoela: «Osasun Sailak hausnartu beharko du zer dela-eta Osakidetza ez den erakargarria langileentzat». Halaber, gaineratu du euskara eskakizuna «oztopo» dela osasun profesionalentzat.

Hiru taldeek iragarri dute Sagarduik bere kabuz agerraldi eskaerarik egiten ez badu haiek galdegingo dutela. Ez dute baztertu, halaber, ekinaldi gehiago aurkeztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.