Energia merkatua

AEBetako gas esportazioak ezbaian, biltegi batean izandako leherketarengatik

AEBek beren gas natural likidotuaren %20 inguru esportatzen dute handik. Instalazioak gutxienez hiru astez egongo dira itxita, eta Europako gasaren prezioan eragin dezakeela ohartarazi dute analistek.

Gas likidotua ekoizteko planta bat. CLAUDIO REYES (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko ekainaren 9a
12:20
Entzun

Freeport LNG AEBetako gas natural likidotua (GNL) esportatzeko instalazio handienetako bat gutxienez hiru astez itxiko dute, Texasko golkoan duen biltegian asteazkenean izandako leherketa baten ondorioz. Reuters berri agentziaren arabera, leherketa zerk eragin duen ikertzen ari dira, baina konpainiak ez du beste xehetasunik eman nahi izan.

Gertakariak AEBetako gas naturalaren merkatuak astindu ditu, eta litekeena da eragina Europako eta Asiako merkatuetara ere zabaltzea, analistek ohartarazi dutenez. Freeport LNGk AEBetako gas natural likidotuaren %20 inguru esportatzen du. Geldialdiak tentsioa areagotu dezake Europako erosleengan, Ukrainako inbasioaren ondoren Errusiako GNLa erostea saihesten ari direlako, eta Txinako eskaria handitu egin delako.

«Ekoizpen etenaldi handi bat da, Estatu Batuetako instalazio handi batean. Eta horrek zera esan nahi du: eskasia. Merkatuetan gas likidotua lortzeko lehiaren ondorioz, litekeena da nabarmen igotzea prezioak», azpimarratu du Rapidan Energy ikerketa zentroko zuzendari Alex Muntonek.

Hego Euskal Herrira iristen den gas gehiena (%62,75) itsasontziz iristen da, Bilboko portura, gas likidotu moduan (GNL) eta bereziki AEBetatik, alde handiz.

Iaz, AEBetako gas likidotuaren esportazioak hazkunde izugarria izan zuten, eta bide beretik jarraitzea aurreikusten dute, Errusiari jarritako betoengatik. Freeport LNG 2002an sortu zuten, eta Europako eta Asiako gas hornitzaile nagusiekin egiten du lan; besteak beste, BP, Total Energies, JERA, Kansai Electric eta Osaka Gas. Gaur egun, Texasko planta handitzeko obretan ari zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.