Nafarroako Gobernua

Nafarroan, funtzio publikoko behin-behinekotasuna murrizteko dekretua baliozkotu du parlamentuak

EH Bilduren abstentzioaren ondorioz, foru dekretua ez da atzera bota, eta, koalizio abertzaleak eskatuta, lege proposamen bidez tramitatuko da; aldaketak egin ahalko zaizkio edukiari, hortaz.

Javier Remirez presidenteorde eta Funtzio Publikoko kontseilaria. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2022ko ekainaren 9a
13:22
Entzun

Presa zuen Nafarroako Gobernuak eta batik bat Javiez Remirez Funtzio Publikoko kontseilariak foru dekretua aurrera ateratzeko, eta bederen lortu du atzera ez botatzea. PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k alde bozkatu dute; Navarra Sumak eta Ezkerrak, kontra; eta EH Bildu abstenitu egin da.

EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, behin-behinekotasuna murrizteko gobernuak proposatutako lanpostu kopurua «eskasa» da, baina dekretua atzera botatzea aukera «okerragoa» litzateke. Hala, Nafarroako Gobernuarekin egindako elkarrizketetan testua hobetu daitekeelakoan, dekretua lege proposamen bidez tramitatzeko eskatu du.

Gobernuko bazkideek zein Ezkerrak aintzat hartu dute eskaera hori, eta, ondorioz, alderdien kritikak kritika, gobernuak erdietsi du denbora irabaztea. Lege proposamena premiazko prozedura bidez eztabaidatuko da, eta astelehenean zehaztuko ditu parlamentuko eledunak haren epeak.

Dekretuaren helburu nagusia da Espainiako Gobernuak abenduan enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko ezarritako neurriak Nafarroako administrazio publikoaren errealitatera egokitzea. Espainiako oinarrizko legedia errespetatuz Nafarroak funtzio publikoan dituen eskumenak baliatu dituztela nabarmendu du Javier Remirezek, eta beharrezkotzat jo du aurrera ateratzea, etorkizuneko lan deialdiei eta neurriei esparru juridikoa zehazten dielako.

Esparru horren barruan, maiatzaren 25ean administrazio publikoko behin-behineko 3.589 lanpostu egonkortzeko hiru dekretu kaleratu ditu gobernuak, Madrilek ezarritako ekainaren 1eko epemugaren aurretik: 1.417 postu Osasunbidean, 1.409 administrazio nukleoan, eta 726 Hezkuntzan. Remirezen arabera, abendurako postu horien inguruko lan deialdiak kaleratu behar dituzte, eta prozesu guztia 2024 amaierarako burutuko da.

Dena amaituta, egun Nafarroako funtzio publikoan dagoen %43ko behin-behinekotasuna %10era murriztuko litzateke administrazio orokorrean, %13ra Osasunbidean, eta %8ra hezkuntzan.

Remizek argudiatu du gaurdaino «eskua luzatuta» eduki dutela bai sindikatuekin bai eta alderdiekin, eta jokabide hori izango dutela aurrerantzean ere, behin lege proposamen gisa tramitatuta. Gaineratu du «oso zaila» dela auzi horretan interes guztiak bateratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.