AEB

AEBetako Ordezkarien Ganberak armen salmenta arautzen duen lege bat onartu du

Errifleak erosteko adina 18 urtetik 21era luzatzeko araua biltzen du, besteak beste. Litekeena da Senatuak ez berrestea.

jarraia214461.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 9a
14:08
Entzun

Armen salmenta arautzen duen lege proiektu bat onartu du gaur Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak, azken asteotan gertatutako tiroketa masiboek eragindako hildakoen ondoren. Bost ordezkari errepublikanoek demokratekin bat egin dute bozketan, eta gisa horretara onetsi dute; 223k alde bozkatu dute; 204k, aurka. Lege horrek zortzi arau biltzen ditu; hala nola errifleak erosteko adina 18 urtetik 21era luzatzea, kargagailuen tamaina mugatzea eta armak kontrolatzeko arauak kodetzea. Halere, ikusteko dago lege proiektuak bidea egin dezakeen; izan ere, oso litekeena da Senatuak ez onartzea.

Senatuan, demokratek eta independenteek 50 ordezkari dituzte bien artean —48 eta bi, hurrenez hurren—, eta beste hainbeste errepublikanoek. 60 boto behar dira legeari oniritzia emateko.

«Gure seme-alabak beren segurtasunagatik beldurrik edo kezkarik gabe eskolara joan ezin izatea gure herrialdeko kulturaren aurkako erasoa da», azpimarratu du Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak osoko bilkuran, CBS News telebista kateak jaso duenez. Jarraian, errepublikanoei mintzatu zaie Pelosi: «AEBek ume gehiago galdu dituzte armen indarkeriagatik beste edozein arrazoirengatik baino. Horrek lotsarazten al zaituzte?».

Ordezkarien Ganberako buruzagi errepublikanoek, ordea, neurrien aurkako botoa emateko eskatu diete ordezkariei, lege proiektua estatubatuarrek su armak edukitzeko dituzten eskubide konstituzionalen «aurkako erasoa» dela argudiatuta. «Eskubideak urratzen ditu; alegia, jainkoak emandako eskubideak, gure konstituzioak babesten dituenak», esan du Jim Jordan Ohioko errepublikanoak.

Nolanahi ere, Senatuko bi alderdiak negoziatzen ari dira neurri «moderatuei» buruz, eta errepublikanoen babesa lor dezakete, ganberan eskatutako 60 botoko muga gainditzeko. Ostera, errepublikano nagusietako batek, John Cornyn Texasko senatariak, ohartarazi du «desadostasunak» dituztela «nonahi».

50 senatari errepublikanoetatik gutxi batzuk baino ez daude armei buruzko legedi berri bat onartzeko prest, eta demokratek neurri «mugatuagoak» nahi dituzte konpromiso gisa. Espero da senatariek azken akordioa lortzea astearen amaierarako.

Babes handiena duten proposamenek, berriz, «bandera gorria» izeneko lege bat jasotzen dute, eta horrek gaixotasun mentalak edo aurrekari penalak dituzten pertsonei su armak erostea eragotziko lieke, baita armen erosleen aurrekarien kontrolak zabaltzea ere, armen salmenta pribatuak barne.

18 urteko gazte batek errifle batekin hemeretzi haur eta bi irakasle hil zituen tiroz maiatzaren 24an, Uvalden, Texasen. Eta hamar egun lehenago, 18 urteko beste gazte batek hamar lagun hil zituen Buffaloko supermerkatu batean, New Yorken, eraso arrazista batean. Gertakari horiek armak edukitzeari buruzko eztabaida piztu dute berriro AEBetan.

Kapitolioaren erasoa, hizpidera

2021eko urtarrilaren 6an AEBetako Kapitolioari egindako erasoa ikertzen ari den batzorde legegileak xehetasunen berri emango du gaur. Batzordearen helburua izango da frogatzea Kapitolioaren aurkako erasoa ez zela gertaera «bakan bat» izan, «hainbat urratsekin koordinatutako ahaleginen emaitza baizik, Joe Biden AEBetako presidente demokratak agintea har ez zezan», batzordeko aholkulari batek Efe agentziari azaldu dionez.

Iturri horren arabera, Donald Trump presidente ohi errepublikanoa (2017-2021) 2020ko hauteskundeetako emaitzak baliogabetzeko konspirazio horren «erdigunean» zegoela frogatuko du batzordeak. Horretarako, mila lekuko baino gehiago elkarrizketatu ditu, eta 140.000 dokumentu baino gehiago aztertu. Horrez gain, argitaratu gabeko material grafikoa erakutsiko du, eta Trumpen jarraitzaile talde batek Kapitolioari eraso egitea haizatu zuten gertakarien laburpena eskainiko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.