Errepideak

16 urtetik gorakoentzako gidabaimena bultzatuko dute Hegoaldean

Azterketak auto transmisio automatikodunekin egitea sustatuko du Espainiako Trafiko Zuzendaritza Orokorrak, eta adinekoak gidabaimena maizago berritzera behartuko ditu

Ikasleak, autoeskola batean. GORKA RUBIO / FOKU
2022ko ekainaren 9a
14:31
Entzun

Espainiako Barne Ministerioak 2030erako Errepide Segurtasuneko Plana aurkeztu du gaur, Trafiko Zuzendaritza Orokorrarekin batera. Hamarkada amaitzen denerako errepidean hiltzen direnen kopurua erdira jaisteko helburua dutela adierazi dute, eta hainbat neurri iragarri dituzte.

Neurrietako asko gazteei begira proposatu dituzte. B-1 baimen berri bat sortuko dute 16 urtetik gorakoek modua izan dezaten ibilgailu elektriko batzuk gidatzeko: orduko 90 kilometroak gaindituko ez dituztenak eta 400 kilo baino gutxiagokoak.

Orain arte, B baimena behar zen horiek gidatzeko. Ipar Euskal Herrian, aspaldi dago indarrean gidabaimen hori. Horren bidez, landa eremuetan gazteak ibilgailu elektrikoekin mugitzea errazteko asmoa dute.

Haatik, adinekoei gidabaimenak sarriago berriarazi nahi dizkiete. Gaur egun, 65 urtera arte, hamar urtetik behin berritu behar da gidabaimena. Plan berriarekin, adin horretatik aurrera bost urtetik behin berritu beharko da, eta 70 urte baino gehiago dituztenek, bi urtetik behin. Azaldu dutenez, errepide istripuetan hildakoen %30 65 urtetik gorakoak dira Europako Batasunean, eta uste dute ehuneko hori handitu egingo dela populazioa zahartu ahala.

Gaineratu dutenez, orain eskuzko transmisioa duten autoekin egiten dira gidabaimena eskuratzeko azterketen %98, baina Europako Batasunak auto elektrikoak bultzatu nahi ditu, eta horiek transmisioa automatikoa daukate. Horregatik, adierazi dute azterketak ere transmisio automatikoa duten autoekin egitea bultzatuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.