Frantziako Asanblearako bozak
NUPESeko eta Ensembleko hautagaiak lehiatuko dira bigarren itzulian
Laugarrenen hautesbarrutian Annick Trounday (Ensemble) eta Iñaki Etxaniz (NUPES) izanen dira. Bosgarrenean, Sandra Pereira (NUPES) eta Florence Lasserre (Ensemble) orain arteko diputatua izanen dira lehian. Seigarrenean, Vincent Bru (Ensemble) eta Tom Dubois-Robin (NUPES).

* Frantziako Asanblearako hauteskunde eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian. Datorren igandean izango da bigarren itzulia, hilaren 19an. Hemen, bozen nondik norakoei buruzko hamar gako.
* 32 diputatugai aurkeztu dira Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan. Frantziako ezkerraren eta Emmanuel Macronen gehiengoaren artean Frantzian sortu den lehian, EH Baik beste ahots bat ekarri du.
* Laugarren hautesbarrutia: Annick Trounday (Ensemble) eta Iñaki Etxaniz (NUPES) lehiatuko dira bigarren itzulian laugarren hautesbarrutian. Egoitz Urrutikoetxea (EH Bai) bosgarren lekuan jalgi da.
* Bosgarren hautesbarrutia: NUPESeko Pereira hautagaiak «ezker errepublikanoaren batasunaren» arrakasta goraipatu du. Hirugarren lekua kausitu du Lesellier Batasun Nazionaleko hautagaiak. Laugarren postuan jalgi da Mathilde Hary EH Baikoa.
* Seigarren hautesbarrutia: Orain arteko diputatu eta Elkarrekin-eko hautagaiak lortu du lehen lekua, eta bigarren lekuan da Dubois-Robin (NUPES). Hirugarren lekua kausitu du EH Baiko Dufauk, eta 2017tik ia 1.500 boz gehiago eskuratu ditu koalizio ezkertiar abertzaleak.
Zuzeneko kontakizuna
Borne: «Uste dut gure lehen betebehar kolektiboa abstentzioa murriztea dela»
Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak Calvados bere barrutian jasotako babesa eskertu du, eta abstentzio historikoari aurre egiteko deia egin du; izan ere, abstentzioa %50etik gorakoa izan da igande honetan egin diren bozen lehen itzulian. «Uste dut gure lehen betebehar kolektiboa abstentzioa murriztea dela», adierazi du.

Mikel O. Iribar
Macroni babesa emateko eskatu du Frantziako lehen ministroak
Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak hautesleei eskatu die Emmanuel Macron presidenteari babesa emateko datorren igandean, Asanblea Nazionalean gehiengo osoa lortzeko, eta «ezegonkortasunaren eta erradikalismoaren arriskua» saihesteko.
«Erradikalismoaren aurrean, proiektu koherente, argi eta arduratsu bat dugun bakarrak gara», azpimarratu du Bornek, hauteskunde legegileen lehen estimazioak ezagutu eta gutxira.
Zundaketen arabera, Ensemblek 270 eta 310 diputatu artean lor ditzake legebiltzarrean dauden 577 diputatuetatik, eta horrek esan nahi du ez duela gehiengo osoa bermatuta: 289 ordezkari eskuratu behar ditu.
Gehiengo absoluturik gabe, Macronek zailtasun handiak izango lituzke duela zazpi aste presidentzialak irabazi zituen hauteskunde programako gai asko aurrera ateratzeko.
«Astebeteko mobilizazioa dugu aurretik», azpimarratu zuen Bornek, «Frantziarren premiei erantzuteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, eta gehiengo sendo eta argia izateko».

Mikel O. Iribar
Batasun Nazionalaren aldeko boz kopurua bikoiztu da bost urtez Iparraldean
Ipar Euskal Herriko emaitza orokorrei begiratuta, Ensemble izan da alderdi bozkatuena (43.188 boz), eta NUPES bigarrena (33.020). Batasun Nazionala hirugarren lekuan da: 17.019 hauteslek egin dute alderdiaren alde: 2017ko emaitzekin alderatuta kasik bikoiztu da alderdiaren aldeko boz kopurua (8.657 zituen orduan). EH Bai da laugarren lekuan 16.385 bozekin, 2017an baino ia 4.000 boz gehiago eskuratuta.
Eskuin muturreko Errekonkista alderdiak, bestalde, 6.442 boz erdietsi ditu Ipar Euskal Herrian. Hala, orotara, 23.461 hauteslek egin dute eskuin muturreko alderdi baten alde.

Oihana Teyseyre Koskarat
Le Pen, Macronen eta Melenchonen aurka
Marine Le Pen Batasun Nazionaleko buruzagiak hautesleei eskatu die Emmanuel Macronek bigarren itzulian gehiengo osoa lor dezan galarazteko, baita Jean-Luc Melenchon buru duen NUPES koalizioaren alde ere ez bozkatzeko.
«Datorren igandean garrantzitsua izango da Emmanuel Macronek gehiengo absoluturik ez izatea. Gehiegikeriaz jokatuko du bere metodo basatiak eta bere proiektu antisoziala aplikatzeko», adierazi du Le Penek, Henin-Beaumont herrian.
Le Penek ohartarazi du, halaber, Frantziako presidenteak gehiengo absolutu hori lortzen badu «argirik gabeko tunel batean sartzeko arriskua» dagoela. Frantziarren gehiengo batentzat, egoera hori ez da batere ona izango».
Le Penek botoen %55eko babesa lortu du bere hautesbarrutian, baina parte hartzea oso baxua izan denez, horrek ez dio ziurtatu diputatu aukeratua izaten lehen itzulian. Dena den, emaitza horiek datorren igandean errepikatuko balira, eserlekua eskuratuko luke.

Mikel O. Iribar
Zemmour ez da bigarren itzulian izango
Errekonkista alderdiko Eric Zemmourrek ez du bigarren itzulira pasatzea lortu Var hautesbarrutian. Hirugarren postuan geratu da (%10,54). Benedicte Auzanot (RN) izan da lehena (26,08), eta Sylvie Viala (Esemble) bigarren (%23,07).
Emaitzak jakin berritan mintzatu da Zemmour: «Gure alderdiaren izenean, frantsesei esan nahi diet borrokan jarraitu behar dugula, gure seme-alaben alde, eta Melenchonen [NUPES] aurka». Haren esanetan, Melenchon eta Emmanuel Macron «txanpon beraren bi aldeak» dira: «Macronek identitate frantsesa desegin nahi du, eta Melenchonek suntsitu».

Mikel O. Iribar
Egoitz Urrutikoetxea: «2017ko emaitzei so eginez gero, EH Baik gora buruzko bidean segitzen du»
Honela mintzatu da Urrutikoetxea: «Guk karrikan eramaten diren borroken bozeramaile izan nahi genuen hauteskunde horietan; lerroak mugitzeko beharrezkoa da zango bat karrikan ukaitea, eta beste bat instituzioetan. Dena den, pozten gara 2017ko emaitzei so eginez gero, EH Baik gora buruzko bidean segitzen baitu».
Bosgarren lekuan sailkatu da bozen %10 bildurik.

Oihana Teyseyre Koskarat
Femu a Corsica bigarren itzulian hiru hautesbarrutitan lehiatuko da
Hego Korsikako 1. hautesbarrutian Ensemble aliantzako Laurent Marcangeli (%31,81) eta Femu a Corsica alderdiko Romain Colonna (%18,58) igaroko dira bigarren itzulira.
Hego Korsikako 2. hautesbarrutian, Korsikako Nazioaren Alderdiko Paul-Andre Colombani (%37,24) eta DVD alderdiko Valerie Bozzi (%27,63) lehiatuko dira bigarren itzulian.
Korsika Garaiko 1. hautesbarrutian, Femu a Corsica alderdiko Michel Castellani (%33,77) eta DVC alderdiko Julien Morganti (13,61) pasatuko dira bigarren itzuliko lehiara.
Azkenik, Korsika Garaiko 2. hautesbarrutian, Femu a Corsica alderdiko Jean-Feliz Acquaviva (%33,46) eta DVD alderdiko Francois-Xavier Ceccoli (%29,06) igaroko dira bigarren itzulira.

Mikel O. Iribar
Lasserre: «Macronek Asanblean gehiengoa lortu ezean herrialdea blokeo egoeran izanen da»
«Ez dut erranen triste nagoenik». Kontaketa osoki bukatua ez bada ere, bosgarren hautesbarrutian lehen postuan legoke Florence Lasserre (Modem- Ensemble). «Lan handia egin dugu hauteskunde kanpainan ahal bezainbat jende ukitzeko. Jendeen etxeetara joan gara, merkatuetara, bilkura publikoak egin ditugu...», adierazi du Euskal Irratietan.
Bigarren itzulirako Ensemble-ko hautagaien alde egitera deitu du. «Emmanuel Macroni gehiengoa eman beharko zaio Frantziako Asanblean, bestela herrialdea blokeo egoeran».

Ekhi Erremundegi Beloki
Melenchon: «Esemble hondoratuta dago»
Jean-Luc Melenchonen (NUPES) ustez, Emmanuel Macronen Esemble aliantza «hondoratuta» dago, eta bigarren itzulian hautetsontziak «betetzeko» deia egin die frantziarrei, NUPES koalizioari babesa emateko. «NUPES 500 barruti baino gehiagotan lehiatuko da bigarren itzulian», jakinarazi du.

Mikel O. Iribar
Peio Dufau (EH Bai): «Boz kopuruan anitz irabazi dugu»
Hirugarren lekua lortu du, eta ez da bigarren itzulian izanen. Halere, baikorki baloratu du EH Bairen emaitza, eta lortutako bozen kopuruan emendatzea izan dela erran du. Bigarren itzuliari begira, «talde gisa» erabakiko dute, eta bihar bilduko dira EH Baiko kideak, erabakiak hartzeko.

Oihana Teyseyre Koskarat
Annick Troundayk. «Biziki umilki hartzen ditut emaitzak»
Hautesleak eskertu ditu Annick Troundayk (Ensemble) laugarren hautesbarrutiko hautagaiak. Lehen postuan iritsi da laugarren hautesbarrutian, eta Iñaki Etxaniz NUPESeko hautagaiaren kontra lehiatuko da heldu den igandean. «Biziki umilki hartzen ditut emaitzak Ez da deus irabazirik eta lanean segitu beharko dugu», adierazi du Euskal Irratietan. Julien Lassallen hautesleengana joko duela iragarri du.
Etxanizen kontra jo du, hizkuntzen kontrakoa dela erranez «Euskalduna naiz, euskalzalea. PSko Etxaniz batere. Berak borroka hori ez du eramanen». Pour Que Vivent Nos Langues (Gure hizkuntzak bizi daitezen) kolektiboaren galdetegia ez zuen erantzun Troundayk; Etxanizek bai.
Hemen duzue joan den astean BERRIAk Troundayri egindako elkarrizketan: https://www.berria.eus/paperekoa/1855/009/001/2022-06-09/boterean-denez-gero-gaitz-guztiak-egozten-zaizkio-macroni.htm

Ekhi Erremundegi Beloki
Bru eta Dubois-Robin leihatuko dira bigarren itzulian
Vincent Bru (Ensemble) oraingo diputatuak bigarren itzulirako lekua lortu du. Haren ondotik sailkatu da Tom Dubois-Robin Nupes Frantziako ezkerreko alderdien aliantzaren hautagaia. Bien artekoa izanen da, beraz, bigarren itzulia. Hirugarren lekua lortu du Peio Dufau EH Baiko kideak. Bozen %87 zenbatu dituzte oraingoz, baina Bruk lortu du boz gehien (%29), eta Dubois-Robinek %9,8. Dufauk bozen %13,8 bildu ditu.

Oihana Teyseyre Koskarat
Sandra Pereira (NUPES) «Oso gustura»
Sandra Pereira (NUPES) bosgarren hautesbarrutiko hautagaia «oso gustura» agertu da lehen itzulian lortu dituen emaitzekin. «Garaipen bat da, biziki baikorki hartzen dugu». Presidentetzarako hauteskundeetatik azken hilabeteetan egin duten kanpaina nabarmendu du. «Oso gustora gaude ezkerrak lortu dituen emaitzekin, ezker errepublikarrak lortu dituen emaitzekin».
Abstentzio maila «dezepzio» bat dela erran du, nahiz eta entseatu diren hautesleak interesatzen. «Argi da ez dugula lortu. Bihar goizetik herritarrak konbentzitzera joko dugu».

Ekhi Erremundegi Beloki
Melenchon litzateke lehena Belgikako RTBF hedabidearen arabera
Belgikako RTBF hedabidearen arabera, Jean Luc Melenchonen NUPES koalizioa aterako litzateke garaile bozetako lehen itzulian (%25,7-%25,8), Emmanuel Macronen Esemble aliantzaren aurretik (%25). Hirugarren postuan, Fronte Nazionaleko Marine Le Pen geratuko litzateke (%11,6-%14).

Mikel O. Iribar
Florence Lasserre nagusitu da Baionan
Florence Lasserre nagusitu da Lapurdiko hiriburuan.
Florence Lasserre (Modem-Ensemble) %31,06
Sandra Pereira (NUPES) %29,72
Pascal Lessellier (Batasun Nazionala) %12,99
Mathilde Hary (EH Bai) %9,18
213 bozen diferentzia izan dute Pereirak eta Lasserrek. Bosgarren hautesbarrutiko joera horrelakoa litzateke Euskal Irratien arabera: Lasserre aitzinean eta Pereira gibeletik.

Ekhi Erremundegi Beloki
Berdinketa, Ensemble aliantzaren eta NUPEsen artean, zundaketen arabera
Ipsos-Sopra Steriak etxeak egindako zundaketaren arabera, Emmanuel Macronen Ensemble aliantza eta Jean Luc Melenchonen NUPES lehen postuan berdinduta geratuko lirateke gaurko lehian, botoen %25,2 babesarekin. Bien atzetik, Fronte Nazionaleko Marine Le Pen legoke, %18,9ko babesarekin. Laugarren postuan, LR-UDI-DVD —%13,7—, eta bosgarren lekuan, Reconquete —%3,9—.

Mikel O. Iribar
Bru (Elkarrekin) gailendu da seigarren hautesbarrutian, lehen estimazioen arabera
Lehen estimazioen arabera, seigarren hautesbarrutian Vincent Bru (Elkarrekin) orain arteko diputatua iritsi da lehen postura, bozen %28,7 lorturik. Haren ondotik datoz Peio Dufau (EH Bai) bozen %17,5 lorturik, eta Tom Dubois-Robin (Nupes) bozen %17 lorturik. Behin-behinekoak dira emaitza horiek, oraingoz. Hala, bigarren itzulira begira Bruk lekua segurtatua du, kontaketa aitzinatu ahala ikusteke dago Dufauren eta Dubois-Robinen artean nork duen bigarren itzulirako lekua segurtatua.

Oihana Teyseyre Koskarat
Annick Trounday litzateke lehena laugarren hautesbarrutian
Frantziako Barne ministerioaren datuen arabera, bozen %93 kontatuta, Annick Trounday litzateke lehen postuan Ipar Euskal Herri barnealdea eta Biarnoa barnebiltzen dituen laugarren hautesbarrutian.
Annick Trounday (Elkarrekin) %26,6
Iñaki Etxaniz (NUPES) %24,6
Julien Lassalle (Eutsi) %20,28
Emaitzak baieztatzen badira, lehen biak sailkatuko lirateke bigarren itzulira, Lassallek ez baitu erroldaren %12,5 baino gehiagoren babesa eskuratu.

Ekhi Erremundegi Beloki
20:00etan emanen dituzte lehen emaitzak
20:00etan argitaratuko ditu lehen emaitzak Frantziako barne ministerioak. Bozka bulego gehienak 18:00etan hetsi dituzte, eta kontaketa bukatu duten lekuetan ere, 20:00ak arte ez dituzte tendentzia orokorrak emanen. Frantziako hiri nagusietan 20:00etan hetsiko dituzte bozka bulegoak, eta emaitzak eguneratzen joanen dira gaualdian zehar.

Oihana Teyseyre Koskarat
Ipar Euskal Herriko bozka bulegoak itxi dituzte
Frantziako Asanblearako bozen lehen itzulia da gaur, eta Ipar Euskal Herriko herritarrak bozkatzera deituak ziren. 18:00etan itxi dituzte Ipar Euskal Herriko bozka bulegoak. 17:00etako datuen arabera, Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan herritarren %50,4 joan dira bozkatzera. 2017ko hauteskundeekin alderatuta, ia zortzi puntuz igo da parte hartzea.
Frantziako parte hartze datua bestelakoa da; 17:00etan herritarren %39,4 joan dira bozkatzera, 2017an baino puntu bat gutxiago, alegia. Herri gehienetan bozka bulegoak itxi dituzte, baina hiri handietan 20:00ak arte bozkatzen ahalko dute herritarrek.
Bigarren itzulira sailkatuko diren hautagaien lehen estimazioa 20:00etan emanen dute.

Oihana Teyseyre Koskarat
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.