Hizkuntza eskubideak jomugan

Zupiriak Anduezari esan dio 4. hizkuntza eskakizuna Osakidetzako 27.000 langiletatik hogeiri baino ez zaiela eskatzen

PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du ezin zaiela mediku guztiei eskatu laugarren hizkuntza eskakizuna. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza sailburuak erantzun dio 27.000 langiletatik hogeiri baino ez zaiela eskatzen laugarren hizkuntza eskakizuna: euskararen zaintzaren ardura duten profesionalei, hain zuzen.

Eneko Andueza, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon olano
2022ko ekainaren 10a
10:44
Entzun

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean, euskara eskakizunekin lotu ditu osasun sistemak sendagile nahikoa edukitzeko dituen zailtasunak: «Familia medikuen eta beste espezialitate batzuetakoen defizit bat baldin badago, baldintzak egokitu egin beharko dira sendagileak sartzeko. Ezin dugu espero izan Euskadin lanpostuak betetzeko mediku guztiek laugarren hizkuntza eskakizuna izatea, eta eskakizun jakin batzuek asko zailduko dute hori».

Anduezaren hitzetan, «ezin da gauza bat eskatu eta, gero, ziur asko ezinbestekoak edo hain erabakigarriak izango ez diren baldintza batzuen eskakizuna handitu». Gaineratu du osasungintza dagoela «jokoan», eta «denek» jarri behar dituztela «beharrezko tresnak hori birbideratzeko».

Ikusi gehiago:Osakidetzako sindikatuek manifestaziora deitu dute ekainaren 26rako Bilbon

Anduezak azaldu du bera «euskararen defendatzailea eta euskalduna» dela, baina hau erantsi: «Osasun arloko lan eskaintza publiko batean, elementu inportanteetako bat ezin da izan hizkuntza eskakizuna, arriskuan jartzen baitira zenbait zerbitzu». Anduezaren iritziz, «lehentasunak» jarri behar dira lanpostu horiek «lehenbailehen» betetzeko: «Ezin da eduki hamarreko osasun sistema bat, hori eragozten duten exijentziak jartzen badira».

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuak erantzun dio arratsaldean, zorrotz idatzitako ohar batean. Uste du Anduezaren adierazpenen atzean egoeraren «ezagutzarik eza» dagoela. «Gaur egun Osakidetzako plantilla osatzen duten +/- 27.000 lanpostuetatik, 4. hizkuntza eskakizuna (HE) soilik euskararen zaintzaren ardura duten profesionalei eskatzen zaie: hogei inguru (bost itzultzaile eta hamabost euskara teknikari inguru) eta guztiak, Osakidetzan bertan». Lanpostua lortzeko hizkuntza eskakizuna egiaztatu behar duten kasuetan gehienezko maila B2a dela zehaztu du oharrean: «Horrek esan nahi du osasun arloko lanpostu bakar batean ez direla eskatzen edo baloratzen C1 (EGA) edo C2». Are gehiago, C1 profila egiaztatua duten hainbat mediku badaudela gehitu du, eta horrek ez diela puntuazio gehiago ematen. Zupiriak uste du Anduezaren esanek «alarma» eragin dezaketela horretarako arrazoirik ez egonda ere. «Osakidetzako hizkuntza eskakizunen araubideak ez du lan arloko gatazkarik sortzen profesionalen artean, progresibotasun printzipioak gidatu duen normalizazio araubidea baita. Andueza jaunaren baieztapenek gaur ez dagoen kezka sor lezakete».

Zupiriak arrazoitudu zein irizpideren arabera dagoen finkatuta hizkuntza eskakizuna: «Errealitate soziolinguistikoa (euskara eskatzen da euskaldun kopuru handiena duten eremu soziolinguistikoetan; eskakizuna askoz ere txikiagoa da euskara gutxiago dagoenetan) eta osasun arretaren mota (euskara eskatzen da ahozko arreta handiena ematen den zerbitzu eta arreta unitateetan (lehen mailako arretan), eta haurren arreta zerbitzuetan, besteak beste)». Halaber, zehaztu du pazienteak artatzeko osasun zerbitzuetako lanposturik ez dela geratu bete gabe euskara eskatzearen ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.