Sergio Aierra

«Bizitza soziala erabat normala daukat gaur egun; lehen, ez»

Oso gazte zela hasi zen tik handiak egiten Sergio Aierra tolosarra, eta etxean geratzera bultzatu zuen horrek. Adinean aurrera egin ahala, sintoma horiek gutxitzea da ohikoena, eta hala gertatu zaio hari ere.

Sergio Aierra. BERRIA
Miren Garate.
2022ko ekainaren 10a
12:57
Entzun

Tiken konbinazioa da Touretteren sindromearen ezaugarri nagusia; aldatuz ere joaten dira tik horiek, eta, maiz, antsietatea edo nahasmendu obsesibo konpultsiboa ere ekar ditzakete. Sergio Aierra (Tolosa, 1979) da gaitza dutenetako bat. Azaldu du tikak ezin direla kontrolatu, eta kontrolatzeko ahaleginak ere ondorio kaltegarriak izaten dituela. “Denbora osoan zaude tik horren kontra borrokan, eta horrek antsietatea sortzen du”.

Joan den asteartean izan zen Touretteren Sindromearen Nazioarteko Eguna. Oraindik ere ez da oso ezaguna gizartean. Zein dira gaixotasunaren ezaugarriak?

Ez da oso ezaguna, ez; gaixotasun arrarotzat hartzen da. Lehenik eta behin, tikak dira tourettearen ezaugarri nagusia: alde batetik, tik fonikoak, ahotsarekin egiten diren soinuak eta abar, eta batzuetan koprolalia ere bai, hau da, hitz itsusiak edo irainak esatea; bestetik, tik motorrak edukitzen dira, begiak, ahoa, sorbalda edo beste edozer mugitzea. Urteek aurrera egin ahala, beste gauza batzuk ere agertzen dira; nire kasuan, adibidez, antsietatea. Nahasmendu obsesibo konpultsiboa ere ohikoa izaten da; esate baterako, kalean farola bat ikusiz gero, hiru buelta eman beharra nahitaez. Nik neuk, ordea, aldi labur batzuetan baino ez dut izan nahasmendu obsesibo konpultsiboa.

Tikak dituzten guztiek, ordea, ez dute Touretteren sindromea, ezta?

Ez, bizitzako uneren batean tikak edukitzea oso normala da. Tourettea diagnostikatzeko, tiken arteko konbinazio batek egon behar du derrigor, eta eboluzio bat ere izaten da; aldatuz joaten dira tikak. Diagnosia izateko, urtebete edukitzen zaituzte behaketan, eta dituzun tik guztiak kontrolatzen dizkizute.

Nola eragiten dio touretteak sindromea duenari?

Fisikoki, tik bat asko errepikatuz gero, giharretako mina-eta izaten dira, baina, batik bat, ondorio sozialak izaten dira. Bakartu egiten zara. Nire kasuan, adibidez, oso gazte hasi nintzen tik handiekin. 12-13 urterekin, kalean nindoanean makurtu, lurra ukitu, buelta bat eman eta saltotxo bat egiten nuen. Eskolatik ateratzean, zain egoten zen jendea nitaz barre egiteko, beste eskola batzuetakoak ere bai, eta etxean geratzen hasi nintzen. Botikak hartzen ere hasi nintzen, ez nuelako nahi tikak egitea. Haurtzaro gogorra izan nuen.

Norbera jabetzen da tikak egiten dituela?

Bat-batean agertzen dira, eta, tik berri bat bada, lehen egunetan agian ez zara jabetzen, ingurukoek esaten dizute, baina gero bai.

Badago kontrolatzerik?

Ezinezkoa da saihestea. Erlaxazioarekin, irakurketarekin eta beste gauza askorekin, tik batzuk kontrolatzea lortu nuen nik. Baina ateratzen ez zaizkizun tik horiek lan bat sortzen dute zure buruan. Denbora osoan zaude tik horren kontra borrokan, eta horrek antsietatea sortzen du.

Umetan agertu ohi da Touretteren sindromea. Ikertu izan da zein den haren jatorria?

6-9 urte bitartean agertzen da gehienetan, eta 18-19 urtera arte ager daitekeela esaten da. Baieztatuta dago genetikoa dela. Gure burmuinak dopamina gehiegi sortzen du, eta, horregatik, ezberdin funtzionatzen du. Ez dakigu, ordea, zerk eragiten duen dopamina gehiegi sortzea.

Umetan agertzen da, eta zer bilakaera izan ohi du urteek aurrera egin ahala?

Normalean, gutxinaka-gutxinaka, ahultzen joaten dira tikak. Nire kasuan, nire borrokagatik sortu zen antsietatea mantentzen da, baina tik motorrak eta fonikoak ahultzen joan dira, eta gutxiago dauzkat. Komertziala naiz, enpresa bat daukat, asko bidaiatzen dut, bezeroekin egoten naiz, eta bizitza soziala erabat normala daukat gaur egun; lehen, ez. Normalena gutxitzea da, baina badaude bestelako kasuak ere, gaztetan ez zirenak hain larriak izan eta gerora konplikatu direnak. Nahiko zaila izaten da eguneroko bizitza mantentzea tik pila batekin. Horregatik saiatu behar gara gauzak normalizatzen: eskoletan, kalean… Ez da ondo pasatzen.

Badago botikarik tourettearen sintomak arintzeko?

Gaur egun, touretteak ez du sendabiderik. Medikazioa badago, eta, dakidanez, asko hobetu da, baina ez dugu ahaztu behar neurokimikoei buruz ari garela; gainera, zaila izaten da medikamentu eta dosi zuzenak aurkitzea. Duela hogeitaka urte medikazioa oso gogorra zen, albo ondorio izugarriak zituen: botika batzuekin, egun osoa lo pasatzen nuen nik, beste batzuekin ezin lorik egin, gizendu egiten nintzen, argaldu… Ez nintzen batere ondo egoten medikazioarekin. 16-17 urte nituenean erabaki nuen uztea, eta hala iraun dut gaur arte.

Badago lagungarria den zerbait?

Haurren kasuan, adibidez, sozialki gauzak ondo badoaz umearentzat, lagunekin ondo badago eta abar, kito, hori da garrantzitsuena. Gainerakoan, meditazioa, tai txia, yoga…; gauza asko probatu ditut, eta niri ez zidaten asko lagundu. Hori bai, erlaxazioaren bidez, gauza asko lortu nituen. Kirolak asko lagundu dit, eta gaur egun ere asko egiten dut. Fisikoki eta mentalki oreka ematen dizun edozerk on egiten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.