Osakidetza

Osakidetzako sindikatuek manifestaziora deitu dute ekainaren 26rako Bilbon

Sagarduiren adierazpenei kalean «irmotasunez» erantzuteko eskatu dute ELAk, LABek, SATSEk, CCOOk, UGTk eta ESK-k. Osasun etxeetan itxialdiak ere egingo dituzte hilaren 22an.

Osakidetzako sindikatuak Bilbon bildu dira gaur goizean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko ekainaren 10a
13:04
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik azken egunotan Osakidetza «berrantolatzeaz» egindako adierazpenak «oso larritzat» jo dituzte sindikatuek, eta kalean «irmotasunez» erantzutera deitu dituzte langileak eta herritarrak. ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK gaur goizean bildu dira Bilbon, eta, batzarra amaitzean Esther Saavedra ELAko arduradunak denen izenean iragarri duenez, manifestazioa egingo dute ekainaren 26an, igandearekin, Bilbon, «lehen arretaren alde eta Osakidetza desegitearen aurka»; Jesusen Bihotza plazatik aterako dira, 12:00etan. Era berean, hilaren 22an kontzentrazioak eta itxialdiak egingo dituzte lehen arretako zentro batzuetan, «udari begira murrizketak aplikatzen eta zentroak ixten ari direla» salatzeko.

Ikusi gehiago:Andueza: «Ezin dugu espero izan lanpostuak betetzeko mediku guztiek 4. hizkuntza eskakizuna izatea»

Langileen ordezkarien ustez, sailburuaren adierazpenek agerian utzi dute Jaurlaritzaren asmoa dela «lehen arreta desegitea, gainerako arreta mailak prekarizatzea, eta, beraz, pribatizazioari bide ematea». Izan ere, sindikatuon arabera, murrizketak ez dira etorkizuneko mehatxu bat, baizik eta egungo errealitatea: «Ez dago ordezkapenik, langileek lankideen lana hartu behar dute beren gain, eta izugarrizko gainkarga izaten dute. Hori bereziki larria da udan: zentro batzuk zuzenean itxi egiten dituzte, eta beste batzuetan ordutegiak mugatu».

Arazoa zabalagoa dela berretsi du Saavedrak: «Lehen arreta desegite bidean da aspalditik: murrizketak egiteaz harago, ez dago beste planik. Pandemia aurretik jada egoera oso larria zen, eta horregatik egin genituen 2019ko grebak». Era berean, gogora ekarri du sindikatuak aspalditik ari direla ohartarazten Osakidetzaren egiturazko arazoez: «Guretzat, Sagarduiren adierazpenak ez dira berriak, baina oraingoan sailburuak hitzez adierazi du zein den Jaurlaritzaren bide orria. Eta lehen aldiz argitu du zergatik dauden hain tematuta Basurtuko ospitaleko [Bilbo] bihotz kirurgia ixtearekin: plan orokor bati erantzuten dio, haiek aipatutako erietxe espezializazio horren bidez ospitale zerbitzuak ere murrizteko».

Sindikatuek gogora ekarri dute osasungintza «funtsezko zerbitzu publikoa» dela, eta arriskuan ikusten dutela: «Pandemia eta medikuen falta aitzakia gisa erabiltzen ari dira, baina bazekiten gabezia hori iritsiko zela eta ez zuten neurririk jarri, asmoa zelako puntu honetara heltzea eta horrelako politikak martxan jartzea». Erantsi dute EAJren eta PSE-EEren gobernuaren jardun eta erabaki politikoak horretara bideratuta egon direla: «Mediku egoiliarrei dagokienez, Jaurlaritzak adierazi du Madrilen eskumena dela mediku berrien kopuruak zehaztea, baina ez du ezer egin kopuru horiek handitzeko edo arazoa behintzat mahai gainean jartzeko. Gainera, profesional gazteak kriminalizatu nahi ditu, konpromisorik ez dutela esanez».

EH Bildu ere, kritiko

EH Bildu ere gogor mintzatu da Sagarduiren adierazpenez. Eusko Legebiltzarreko ordezkari Maddalen Iriartek eta Rebeka Uberak agerraldia egin dute gaur, eta bertan gogora ekarri dute Osakidetzaren gaitz ugari azaleratu direla azken urteetan: etenik gabeko arreta guneen itxiera, langile falta, lan gainkarga handia, ordutegi murrizketak, gaixo kronikoen jarraipena egiteko zailtasunak, txanda presentzialak lortzeko trabak... «Azken urteotan pairatu dugun egoera araua izango da Osakidetzan aurrerantzean», gaitzetsi du Uberak. Iriartek, berriz, Jaurlaritzari egotzi dio «planifikatu nahi ez izatea», eta jarrera horrek helburu jakin bat duela salatu du: «Argi ikusten dugu estrategia bat martxan dagoela aspaldidanik, osasun sistema publikoa ahultzeko, sare pribatua indartzeko. Eta hau guztia lehen arretan hasten da. Negozioa egin nahi dute jendearen oinarrizko eskubideekin, eta hori ezin dugu onartu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.