Etxebizitza

Mugimendua indartu beharra

Baigorri-Ortzaize-Garaziko espekulazioaren kontrako taldeak zortzi proposamen helarazi dizkie diputatugaiei. Udazkenean elkartea sortu nahi luke, mugimendua egonkortzeko.

jarraia214513.jpg
Iñaki Etxeleku.
2022ko ekainaren 10a
13:15
Entzun

Joan den urtetik jada, hamar bat laguneko batzorde bat sortu zuten Baigorrin, hautetsi eta herritar artean, lurra eta etxebizitzaren gaiari lotzeko. COVID-19aren garaian, prezioak sekulako abiaduran goiti ari ziren, eta Ipar Euskal Herri osora hedatua zen fenomenoa. Lehen lana trebatzea izan zuten, gaia lege mailan eginahala menperatzeko, eta diren tresnen ezagutzeko. Lurren Tokiko Erakunde Publikoarekin bildu ziren, Etxalde elkartearekin, eta bizilagun kooperatibak zer ziren ere aztertu zuten. “Hortik erabaki genuen inkesta baten egitea etxebizitzari buruz”, esplikatu du etxebizitza batzordeko Bixente Hirigaraik. Helburua da jakitea Baigorrin zenbat bizitegi den hutsik, erdi hutsik, eta zergatik hala diren: turistikoak direlako, bigarren egoitzak direlako eta kanton. “Inkestaren emaitza udazkenean aurkeztuko dugu”, dio Hirigaraik.

Ondotik jin ziren baigorriar franko asaldatu zituen espekulazio handiko etxe saltzeak, hala nola Ameztoiarenak, zeinaren aitzinean elkarretaratzea antolatu baitzuten iazko irailaren 20an. Hortik sortu zen kolektibo zabalago bat, Baigorri-Ortzaize-Garazi aldeko herritarren artean. Gogoeta taldean dago Jojo Bidart, eta erran du Ameztoia kasu bat dela beste zenbaiten artean: “Beste etxe batzuk badira prezio ikaragarrietan joan direnak. Ingurumen hurbil batean sekulako gauzak gertatzen ari dira, bi urte barne”. Berriki, beste bat Bastida auzoan. Duela bi urte, Bordele (Okzitania) aldeko norbaitek, 250.000 euroan erosi etxe bat, eta kasik doblea saldu du. “Ez du kasik zangorik sartu etxe horretan, ez obrarik egin, eta berriz saldu du 400.000 euroz goiti”.

Proposamenak

Baigorri aldeko etxebizitza kolektiboak, “egoera horri buru egiteko”, Frantziako Legebiltzarrean har daitezkeen erabaki batzuk zerrendatu ditu, eta diputatu hautagaiei igorri. Zortzi proposamen, espekulazioa mugatu eta haren ondorioei jalgibidea bilatzeko.

Trebatzeari esker ohartu dira arazo batzuez, Hirigaraik kontatu duenez. “Hortik dugu jakin fiskalitate aldetik [jabe batentzat] interesgarriagoa zela sasoika alokatzea, urte osoan baino. Segidan ikusi dugu arazo bat zela”. Ondorioz, kolektiboak proposatzen du udatiarrei alokatu bizitegien gaineko zerga urte osoko alokatzeena baino gorago izatea, konparazione. Ikusiz nolako kinkan den merkatuaren meneko den auzia, Hirigaraik argi du neurri horiek gutieneko aitzinamenduak liratekeela: “Uste dugu neurri horiekin gauzak doi bat bederen aldatzen ahal direla”. Nahiz argi duten beste mugimendurik beharko dela kalteen geldiarazteko. “Arazoa da espekulazioa legala dela”.

“Espekulaziotik begiratu nahi diren etxebizitzak ez daitezen erori kanpotik etorri erosle sosdunen eskuetarat”, egoiliar estatutua ezartzearena aipatzean, estatutua ukaiteko hiru urtez bertan eta urte osoan bizitzea eskatzen du taldeak. Hautsi-mautsi bat izan da taldean, eztabaidan, batzuek urte gehiago jarri nahi baitzuten; beste batzuek gehiegi zela zioten. “Hiru urte gutienez” trenkatu dutela aitortu du Hirigaraik.

Konpentsazio araudia barnealdean ere aplika dadin galdegiten dute tentsio gune edo eremua ez dadin Lapurdi itsasaldean mugaturik egon eta Ipar Euskal Herri guzira heda dadin. “Oinarrian, egoera bera da, eta ez dugu goaitatu behar kostaldeko prezio berak izatea; berantegi izanen da”, adierazi du Bixente Hirigaraik.

Mugimendua errotu

Arbonatik jalgi Ostia kolektiboa lurra eta etxebizitzaren arazoari buru egiteko herri taldeen bilgune da, artetan. Herritar multzoak sortu dira, baina mugimendu orokorrik ez oraino. “Beharra badela argi da, baina momentuan gure ahalak zein diren ikusten dugu”, dio Bidartek; Baigorri aldean duten lantaldea errotzea nahi lukete. “Fisikoki biltzen garenen artean, jada, ari gara nola mugimendu hori iraunarazi, egonkortu”. Bizitegien inguruko inkesta, besteak beste, inguruko herrietan ere egiteko.

Higatzen hasia zen dinamika ikusirik, Baigorri aldeko multzoko jarraikienek proposatu dute azken deialdi bat egitea: irailaren 1ean berriz biltzera deitu dituzte herritarrak, gaia eskuetan hartuko lukeen elkarte bat sortzeko udazkenean. “Edo egiazko tresna eraginkor bat sortzen dugu, edo ez du balio bil gaitezen”, erran du Hirigaraik. Hiru helburu jarri dituzte: legez kanpoko jabeen jokamoldeak agerian ezartzea; salmenta guzien gaineko label bat sortzea —hainbat irizpideren arabera— errateko salmenta bat onartezina denetz; eta bizitegien inkesta Baigorri-Ortzaize-Garazi eskualdeko ahal bezainbat herritan egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.