Osakidetza

Sagarduik azalpenak emango ditu Eusko Legebiltzarrean, proposatutako eredu aldaketari buruz

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak mobilizazioak bertan behera uzteko deia egin die sindikatuei, dioenez «ez delako egia» Osakidetza «eraisteko» planik dagoela.

Gotzone Sagardui gaur goizean, udako ikastaroen aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko ekainaren 13a
10:51
Entzun

Polemika apaldu nahi izan du Gotzone Sagarduik. Lehen Mailako Arretaren Udako Ikastaroa inauguratu du goizean Bilbon, eta bertan adierazi du Osakidetzak baduela «profil profesional batzuen defizita», baina «ateak irekita» dauzkala lehen mailako arretan lan egin nahi duten profesional guztientzat: «Familia eta pediatria mediku egoiliar guztiek lan eskaintza bat dute praktikak amaitu aurretik».

Legebiltzarrean azalpenak ematera joatekoa dela ere esan du sailburuak Onda Vasca irratian, gaur goizean bertan. Haren hitzetan, ezin da esan Osakidetza «eraisten» ari direnik edo murrizketak egiten ari direnik: «Euskadin 1.980 euroko inbertsioa egiten dugu biztanleko, eta gobernu honen apustua da osasungintzan inbertitzea».

«Aldaketa kultural bat»

Hautsak harrotu zituzten Sagardui Osasun sailburuaren berbek joan den astean. «Aldaketa kultural batez» ohartarazi zuen, Osakidetzako osagile faltak eragingo dituen arazoei aurre egiteko: «Eskualdeko ospitale eredu batetik ospitale espezializatu batera pasatzeak mugimendu handiagoa ekarriko du».

Segituan erantzun zioten sindikatuek. ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK joan den ostiralean bildu ziren Bilbon, eta manifestazio batera deitzea erabaki zuten, «lehen arretaren alde eta Osakidetza desegitearen aurka». Sindikatuek «oso larritzat» jo zituzten adierazpenak, eta kalean «irmo» erantzutera deitu zituzten langileak eta herritarrak. Ekainaren 26an izango da manifestazioa, Bilbon, eta 22an ere protestak eta itxialdiak egingo dituzte lehen arretako zentro batzuetan.

«Dena ez da langile gehiagorekin konpontzen»

Azken hiru urteetan egiturazko 196 lanpostu sortu dituztela adierazi du Sagarduik lehen mailako arretako langileen aurrean. Esan duenez, medikuntza espezializatuan formazioa egiteko eskaintzen marka «hautsi du» Osakidetzak «berriro ere». 2021eko otsailean Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako datuen arabera, behin-behineko 24.600 langile zeuden orduan Osakidetzan: %58.

Sailburuaren datuen arabera, Osakidetzak eskaini ditzakeen trebatze postu guztiak eskaini ditu, eta horietako 109 familia medikuen lanpostuak dira. Ez da arazoaren gakoa, haren ustez. «Nahiz eta neurri horiek hartu, egia da hutsuneak dauzkagula, baina okerra litzateke pentsatzea dena langile gehiagorekin konpontzen dela».

Sagarduik azaldu du egungo gizartea ez dela orain dela 20 edo 30 urtekoa, eta «hausnartu beharra» dagoela «antolakuntza neurriei» buruz. Sailburuaren berbetan, «diziplina anitzeko lantaldeen» alde egingo dute, baina ez dute nahi lanbide batek bestea ordezkatzea: «Profesional bakoitzak bere gaitasunak dauzka, eta denak dira beharrezkoak eta osagarriak biztanleak modu eraginkorrean artatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.