Korsika

Nazionalisten arteko batasuna eta mobilizazioa giltzarri bigarren itzulian irabazteko

Korsikako hiru diputatu autonomistak aurretik sailkatu dira norbere hautesbarrutian. Abstentzioa %55,41ekoa izan da, 2017an baino 4,75 puntu handiagoa.

Acquaviva —erdian—, Colombani —ezkerrean— eta Castellani —Colombaniren atzean—, iragan martxoan. BERRIA
ander perez zala
2022ko ekainaren 13a
12:18
Entzun

Korsikako nazionalistek duela bost urteko arrakasta lortu nahi badute berriz, estrategia bakarra dago mahai gainean: lehian izan diren autonomistek eta independentistek bigarren itzulirako sailkatu diren hautagaien alde bozkatzera deitzea, eta boto emaileak mobilizatzea.

2017an diputatu kargua lortu zuten Paul-Andre Colombani (botoen %37,24), Michel Castellani (%33,77) eta Jean-Felix Acquaviva (%33,46) autonomistak aurretik sailkatu dira norbere hautesbarrutian, eta hirurak dira faborito datorren igandean berriz ere irabazteko. Halere, garaipena ziurtatzeko, mugimendu nazionalistako beste sektoreen babesa behar dute, eta hiru hautagai horiek horretaz jakitun daudela mintzatu ziren atzo gauean.

Colombanirena izan da emaitzarik hoberena nazionalistentzat. Hego Korsikako 2. hautesbarrutian lehiatu da berriz ere, eta duela bost urte baino babes handiagoa lortu du lehen itzulian, 8,14 puntu igota; are, 2017an bigarrena izan zen, eskuinaren atzetik, eta aurten ordena aldatu egin da.

«Zuloa eginda dago, eta hori estaltzea zaila izango da. Ez nago kezkatuta, jada garaitu dudalako Fronte Nazionalaren aliatua den eskuin hau. Ez dut ikusten garaipen honek nola egin diezadaken ihes», esan zuen atzo PNC Korsikako Nazioaren Alderdiko diputatugaiak. Emmanuel Macronen aliantzako Valerie Bozziren (%27,62) aurka lehiatuko da Colombani, eta, haren kontra irabazteko, abstentzionistak mobilizatzea jarri du helburutzat —%57,13koa izan da abstentzioa—, nazionalisten hautagai bakarra izan baita lehen itzulian.

Castellani ere faboritoa da diputatu kargua berriz lortzeko Korsika Garaiko 1. hautesbarrutian. Hark ere gora egin du duela bost urteko emaitzekin konparatuz gero —3,35 puntu—, baina 5.000 boto eskasen aldea izan du etiketarik gabe aurkeztu den Julien Morgantirekiko (%13,61), eta, hori kontuan harturik, Femu a Corsica autonomistako diputatugaiak jada finkatu du bere estrategia. «Beste nazionalistei, abstentzionistei [%59,07koa izan da] dei egiten diet: beharrezkoa da Parisen indartsuak izatea laster [Frantziako] gobernuarekin abiatuko diren eztabaidetarako».

Colombaniren kasuan ez bezala, Castellanik hautagai independentista bat izan du parean lehen itzulian, Corsica Liberako Petru Antone Tomasi, zeinak botoen %7,38 bildu dituen. Alderdi horrek oraindik ez du jakinarazi nor bozkatzera deituko duen, baina harritzekoa litzateke faboritoaren alde ez egitea erabakiko balu.

Korsika Garaiko 2. hautesbarrutian aukeratu zuten, duela bost urte, hirugarren diputatu autonomista, eta aurten ere Acquaviva faborito da aulki hori lortzeko. Hori bai, Femu a Corsicako hautagaiak lan handia du aurretik, 2017an baino babes txikiagoa lortu baitu —2,98 puntu gutxiago— eta abstentzioa sei puntu handitu baita, %51,81eraino.

«Partida gure gizarte proiektuaren eta alderdi paristar batenaren artekoa izango da», Acquavivaren arabera. Hautagai autonomista erasokor dago jada, eta atzo esan zuen «frogatu beharra» dagoela datorren igandeko bozketa «garrantzitsua» dela Korsikarentzat. Hala, garaipena lortzeko, «Korsikaren aldean» daudenak elkartzeko konpromisoa hartu du, betiere «oinarri argiekin».

Adierazpen hori Lionel Mortini independentistari begirakoa izan zen, zeinak babesen %17,99 bildu dituen eta erabakigarria izango den iganderako. Corsica Liberako hautetsi ohi bat da Mortini, eta atzo etiketarik gabe lehiatu zen. François-Xavier Ceccoli eskuindarraren (%29,06) kontra lehiatuko da Acquaviva bigarren itzulian.

Marcangeli aurretik

Uharteko azken lehian, Hego Korsikako 1. hautesbarrutian, eskuina faborito da berriz ere, 2017an bezala. Aiacciu hiriburuko auzapez eta Korsikako Asanbleako kontseilari Laurent Marcangelik botoen %33,7 bildu ditu —Macronen aliantzaren etiketarekin aurkeztu da—, eta dena du aldeko datorren igandeko bigarren itzulian irabazteko.

Nazionalistentzako albiste ona da lehen aldiz hautagai bat izango dutela bigarren itzulian: Femu a Corsicako Romain Colonna (%17,48). 2017an, etiketarik gabeko Jean-Paul Carolaggi gutxigatik ez zen sailkatu hurrengo bozketarako, baina aurten mugimenduaren zatiketak kalte egin dio, eta 8,72 puntu egin du behera, babesen %12,69raino.

Marcangeliren eta haren arteko aldea handia den arren, Colonnak uste du baduela garaipenerako aukerarik: «Pozik nago [emaitzagatik], baita nazionalistek gora egin dutelako ere, 2.000 boto gehiago lortu baititugu. Laurent Marcangelik, berriz, ez du gora egin Jean-Jacques Ferrararen [2017ko] emaitzekin konparatuz gero. Komeni da familia nazionalista guztia elkartzea».

Frantziako Asanblearako bozen lehen itzuliak urteotako joera baieztatu du: Korsikako lehia mugimendu nazionalistaren eta eskuin jakobinoaren artekoa da. Printzipioz, ez da aldaketarik espero 2017ko emaitzekin konparatuz gero, hiru hautagai autonomistak eta diputatugai eskuindarra baitira faboritoak norbere hautesbarrutian.

Abstentzioarekin zer gertatuko den izango da gakoetako bat: oro har, irlan, %55,41ekoa izan da, duela bost urte baino 4,75 puntu handiagoa. Bestea, nazionalisten dinamikak bere horretan jarraituko duen, lehen itzulian botoen %41,17 jaso baitituzte, 2017an baino 11 puntu inguru gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.