Kulturguneak

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak bere jarduna etengo du

Zortzi urteko ibilbidearen ondoren, hilaren 30ean hartuko du azken ekitaldia. Hilabete batzuk barru, martxan egongo da Gasteiz antzokia.

Oihaneder Euskararen Etxearen bosgarren urteurreneko ekitaldi bat, 2019an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Andoni Imaz.
2022ko ekainaren 13a
14:17
Entzun

«Oihaneder Euskararen Etxea indartsu heldu da bere zortzi urteko jardunaren azken txanpara, eta, ekaineko ekitaldi interesgarriekin, agur esango dio ibilbide horri». Hala jakinarazi zuen Oihaneder Euskararen Etxeak berak, atzo, ohar baten bidez. 2014ko urriaren 15ean inauguratu zuten, eta, ordutik hona, 66.500 herritar baino gehiago izan dira antolatu dituen 900 bat jardueretan. «Ez da marka makala, ezta hurrik eman ere!». Lazarraga kultur elkarteak sustatu du proiektua, eta elkarteak bide berri bati ekingo dio laster: Gasteiz antzokia abian jartzeari.

Oihaneder «euskal kulturaren erakusleiho» izan da, eta euskal sortzaile ugarik erakutsi dituzte beren lanak han: idazleek, musikariek, aktoreek, margolariek, zinemagileek, dantzariek, marrazkilariek, artista plastikoek... «Hori behar dute euskal sortzaileek: plaza eta oholtza, bozgorailua eta arreta. Oihanederren, plaza izateaz gain, aulkiak nork bete ere izan da, zortzi urte hauetan erabiltzaile komunitate zabala osatu baita Euskararen Etxearen bueltan», adierazi dute.

Oihaneder Euskararen Etxea Gasteizko Kafe Antzokiaren lehen zutabe gisa abiatu zuten, eta zortzi urteko ibilbideak proiektu horri «oinarri sendoak» jartzeko balio izan du. Gasteizko Udaleko Kultura eta Euskara zerbitzuek lagundu dute bide horretan, oharrean esan dutenez.

«Gasteizko euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko sortu zen proiektu hau, eta uste dugu kultur akuilu gisa lan mardula egin dela, kulturaren balio eraldatzailean sinesten baitugu, eta hori baita eguneroko lanabesa». Karmele Jaio idazle gasteiztarrak aurtengo Korrikaren mezuan azaldu zuen ideiaren harira, euskarari «gorputz bat» eman diotela uste dute Oihanederreko kideek.

Lazarraga kultur elkarteak lanean jarraituko du «Gasteizek merezi duen kulturgune euskaltzalea» ahalik eta lasterren izan dezan. Litekeena da urte amaieran edo 2023aren hasieran irekitzea Gasteiz antzokia. Ruiz de Bergara jauregian egongo da, Zapatari eta Errementari kaleen artean. Aurrerantzean, hark hartuko du Euskararen Etxea.

Gasteizko Udalak Izaskun Arrue kulturgunea izena jarri nahi dio; Arruek euskarazko eskolak eman zituen Francoren diktadura garaian, eta Olabide ikastolan lan egin zuen 1973ra arte, ikastolak euskara batuaren alde egin zuen arte. Txema Ramirez de la Piscina kazetari eta ikertzaileak BERRIAn idatzitako artikulu batean salatu du udalak «aldebakarrez» hartu duela erabaki hori, egitasmoa prestatzen ari direnekin hitz egin gabe.

Azken ekitaldiak

Datozen egunetako ekitaldiak, beraz, Oihanederren egingo diren azkenak izango dira. Besteak beste, ostegunean, Lurralde oreka jomugan izeneko jardunaldia egingo dute, Eusko Ikaskuntzaren bidez; hilaren 21ean, Batera sormen deialdian irabazi duten proiektuak aurkeztuko dituzte; eta hilaren 30ean, itxiera egunean, Liher eta Lamiak taldeak ariko dira zuzenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.