Zahar etxeak

ELAk grebara deitu du Bizkaiko zahar etxeetan ekainaren 23rako eta 24rako

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gesca, Lares eta Geroan patronalen «utzikeria» salatzeko deitu dute lanuztera. ELAk salatu du patronalek ez dutela «borondaterik» Gipuzkoako zahar etxeetako lan ituna negoziatzeko eta akordioak lortzeko. 

Bizkaiko zahar etxeetako zaintzaileen greba, otsailean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko ekainaren 13a
14:37
Entzun

Grebara deitu du ELA sindikatuak Bizkaiko zahar etxeetan: ekainaren 23an eta 24an egingo dituzte lanuzteak, Diputazioaren eta Gesca, Lares eta Geroan patronalen «utzikeria» salatzeko. Sindikatuak gogorarazi du azken hilabeteotan grebara deitu duten seigarren aldia dela, eta, besteak beste, salatu du langileak falta direla egoiliarrei arreta «duina» bermatu ahal izateko.

Lan baldintzak hobetzeko ere exijitu dute, eta salatu dute, besteak beste, gaur egun langileak ez dituztela ordezkatzen baja hartzen duten lehenengo egunetik, lanean «egonkortasunik ez dagoela» eta erosteko ahalmena galtzen dutela. ELAren ustez, «negozioari pertsonen gainetik lehentasuna ematen dion arreta ereduaren alde» ari dira egiten, eta horregatik daude gabezia horiek gutiak. Gainera, ohartarazi du gai horiei ez erreparatzeak plantilletako eta egoiliarren «arrisku psikosozialak» kroniko bihurtu ditzakeela.

Ikusi gehiago:Bizkaiko zahar etxeetako langileek aldundiaren «arduragabetasun larria» salatu dute

Gipuzkoan, negoziazioa «zapuztuta»

Gipuzkoako zahar etxeetan ere ari dira Diputazioarekin eta patronalekin negoziatzen, lan hitzarmen «duina» lortzeko helburuarekin. Gaur izan dute ituna negoziatzeko bosgarren mahaia, eta ELAk salatu du patronalek izandako jarrerak bilera «zapuztu» duela. Sindikatuak azaldu duenez, patronalek uko egin diete sindikatuen proposamena baloratzeari, eta aurretik onartutako proposameneko puntu batzuk erretiratzeko ere eskatu dute.

Aurreko negoziazioan, sindikatuek proposamen «erreal eta ausartago» bat egiteko eskatu zieten Diputazioari eta patronalei, aurkeztutakoa «onartezina» iruditu zitzaielako. ELAren arabera, baina, patronalek gaurko bilera «eragotzi» dute: «Gaurko mahaian argi geratu da patronalek ez daukatela inolaz ere Gipuzkoako erresidentzietako sektoreko hitzarmena negoziatzeko eta akordioak lortzeko inolako borondaterik».

Ikusi gehiago:Sindikatuek salatu dute «onartezina» dela Gipuzkoako zahar etxeetako patronalaren proposamena

Sindikatuarentzat, «onargaitza» da patronalen jarrera, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren «arduragabekeria» ere, «behin eta berriz» dagokion ardura har dezan eskatu arren, «beste aldera» begiratu duelako. Horrekin, sindikatuak gogorarazi du sektorea eta bertako langile eta egoiliarrak bizitzen ari diren egoera «ankerraren» azken erantzukizuna Diputazioarena dela, eta «hein handi batean» berari dagokiola egoera konpontzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.