Ingurumena

Masaien aurkako errepresio gogorra, luxuzko ehiza egitasmo baten ondorioz

Indigena bat hil eta 44 zauritu dituzte Tanzanian, masaiek euren lurraldetik bota nahi dituztelako egindako manifestazio batean

Masai talde bat, Kenyan. CRISTOBAL GARCIA / EFE
2022ko ekainaren 13a
17:19
Entzun

Poliziak gogor jo du masai indigenen aurka, Tanzanian, eta gutxienez lagun bat hil eta dozenaka zauritu dira, Survival International gobernuz kanpoko erakundeak ohar batean jakinarazi duenez. Masaiek manifestazioa egin zuten joan den ostiralean, Tanzaniako Gobernuak Serengeti parke nazionalean sortu nahi duen ehiza barrutiaren aurka protesta egiteko. Otterlo Busines Campany (OBC) Arabiar Emirrerri Batuetako enpresak kudeatutako proiektu bat martxan jarri nahi dute masaien lurraldean. Proiektuak 1.500 kilometro koadroko lur eremu hori gorde nahi du luxuzko ehizarako, safarien turismorako eta "kontserbaziorako".

Proiektu hori martxan jarri nahi duten eskualdean, Arushan, 70.000 masai etxetik bota nahi dituztela salatu du Survivalek. Etxez etxeko "errepresioan" ari da Tanzaniako Polizia masaien aurka, GKE horren arabera. Horren ondorioz, milaka indigenak etxetik alde egin dute, eta basoan babestu dira. "Gobernuak indarkeria erabiltzea erabaki du gure arbasoen lurraldetik botatzeko. Ikaragarria da guri lurra kentzea Arabiar Emirrerrietako buruzagien luxuzko ehizarako", ohartarazi du buruzagi masai batek. "Loliondon gertatzen ari dena giza hondamendi bat bihurtzen ari da, eta agerian uzten du naturaren kontserbazioaren benetako aurpegia", salatu du Fiore Longo Survival Internationaleko ikertzaileak.

OBCk denbora darama proiektu hau gauzatu nahian, baina masaiek gogor egin diete aurre, eta 2018an auzi bat ireki zuten Afrika Ekialdeko Justizia Auzitegian; epaileek debekatu egin zuten proiektua aurrera eramatea eta han bizi zirenak handik botatzea, azken ebazpena eman bitartean. Auzitegi horrek ekain honetan eman behar du ebazpena auzi honen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.