Energia

Itsas azpiko kable elektrikoa bi urte atzeratuko da

REEk eta RTEk diote 2025ean ez, 2027an bukatuko dutela Gatika-Cubnezais kablea. 200 milioi gehiago kostatuko da: 1.950 milioi.

Kable elektrikoaren aurkako pankarta bat, Gatikako azpiestazioan, maiatzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 13a
17:39
Entzun

Uste baino beranduago eta uste baino garestiago, baina aurrera doa Bizkaiko golkoa zeharkatuko duen itsaspeko kable elektrikoa. 2025ean amaitu nahi zuten haren bultzatzaileek, REE Red Electrica Españolak eta RTE Reseau de Transport d’Electricitek, baina orain aitortu dute 2027ra arte ez dutela bukatu ahal izango. Gainera, aurrekontua 200 milioi euro handitu behar dute azken urtean, 1.750 milioi eurotik 1.950 milioira. Diru horren %30 Europako Batasunak jarriko du —interes komuneko proiektutzat dauka—; REEk %43, eta RTEk, berriz, %27.

Bilbon agerraldia egin dute REEk eta RTEk, proiektuaren tramitazioa nola doan azaltzeko. Kableak dagoeneko badu Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Frantziako Gobernuaren oniritzia, eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren ingurumen baimenaren zain dago. Aldi berean, zabalik dago informazio publikorako beste epe bat . 2021ean egindakoaren ondoren haren ingurumen kaltea txikitzeko aldaketa batzuk egin dituztela ziurtatu dute.

Lanak, 2024an

Administrazioaren tramiteak 2023rako bukatuko direla espero du proiektuaren zuzendariak, Juan Prietok, baina eraikitze lanak ez dira hasiko 2024 arte, tartean hornidura kontratuak egin behar direlako. Arazo gehiago ez badira sortzen, 2024an hasiko dira lurreko zatiaren lanak eta kablearen produkzioa. 1.600 kilometro kable behar dira, lotura elektrikoak lau kable izango baititu, bi noranzko bakoitzean.

Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Gironda, Akitania Berria, Frantzia) lotuko dituzte kable elektrikoek, eta gero handik konektatuko dira Iberiar penintsulako eta Frantziako sare elektrikoetara. Kablearen helburua da bi lurralde horien arteko lotura elektrikoa 2.800 MWetik 5.000 MWera handitzea, hau da, ekoizpen gaitasunaren %3tik %5era igarotzea. EBk nahi du 2030erako %15eko lotura egotea, hartara estatu kide batean argindar soberakinik bada besteen beharrak betetzeko erabili ahal izateko, eta EB osorako argindar merkatu bateraturako urratsak egiteko.

Gaur egun, «enbutua» sortzen da REEk eta RTEk kudeatzen dituzten sareen artean. Prietok azaldu duenez, urteko orduen %75etan bere gaitasun osoan aritzen dira gaur egun indarrean dauden kableak —tartean, Lapurdi eta Gipuzkoa artekoa, Argia-Arkale—, eta %60ra txikitu nahi dute «kolapsoa».Kopuru horiek auzitan jarri dituzte Euskal Herrian «autobide elektrikoen» aurka dauden taldeek. Mungialdean, Gatikako Interkonexio Elektrikorik Ez plataforman bildu dira aurkakoak.

Capbretongo arroila

400 kilometro inguruko bidea egingo du kableak Gatikako eta Cubnezaisko azpiestazio elektrikoen artean. Lurpean joango da kablea, bai itsaspean baita Bizkaian eta Girondan kilometroetan ere. Bizkaian, zehazki, hamahiru kilometro egingo ditu, Gatikan, Maruri-Jataben eta Lemoizen. Kableak ez du hirigunerik eta errepiderik zeharkatuko, eta baso bideen azpitik joango da zatirik handienean. Gainera, inguru horretan dauden hamar kilometroko kableak eta dorreak kenduko dituzte.

Girondan, berriz, 80 kilometro egingo ditu, eta zehaztu ez duten distantzia labur bat Landetan. Izan ere, Bizkaiko golkoa zeharkatzen duen Capbretongo itsaspeko arroilak arazo teknikoak sortu dizkie proiektuaren bultzatzaileei, eta horiek gainditzeko erabaki dute arroila inguratzea eta Capbreton inguruan kableak lurrez kilometro gutxi batzuk egitea, berriro itsasoratu arte. Atzerapenaren arrazoietako bat izan da bide alternatibo hori bilatu behar izatea.

Kablearen eraikuntzak, materialen hornidurak eta ondorengo mantentze lanek 6.800 lanpostu zuzeneko eta zeharkako sortuko dituela ziurtatu dute bultzatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.