ERRESUMA BATUA-IPAR IRLANDA

Bruselarentzat «kaltegarria» litzateke Londresek protokoloa bere kabuz aldatu nahi izatea

Ipar Irlandarako esportazioetan Erresuma Batuko edo EBko arautegia aukeratu ahal izatea planteatu du Johnsonek. Nazioarteko zuzenbidea «urratzea» egotzi diote

EB Europako Batasuneko bandera bat, eta, atzean, Erresuma Batuko bandera bat Komunen Ganberaren eraikinean. ANDY RAIN / efe. ANDY RAIN / EFE
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 13a
19:33
Entzun

EB Europako Batasuna eta Erresuma Batua 2020ko urtarrilean dibortziatu ziren, eta akordioaren zutarrietako bat da Ipar Irlandako Protokoloa, bi aldeek negoziatutakoa. Londres, baina, inoiz ez da eroso sentitu mekanismoarekin, eta horren alderdi batzuk alde bakarrez erreformatzeko bidea hasi du. Protokoloa aldatzeko lege proiektuaren tramitazioa hasi du Erresuma Batuko Gobernuak, gaur, Komunen Ganberan.

Liz Truss Erresuma Batuko Atzerri ministroak erregistratu eta aurkeztutako lege proiektuak esportazioei dagokienez planteatzen du aldaketarik handiena. Proposatutakoaren arabera, Britainia Handitik Ipar Irlandara esportatzerakoan, Erresuma Batuko eta EBko arautegien artean aukeratzeko aukera edukiko lukete enpresek. Erreformak planteatzen du, gainera, EBren Justizia Auzitegiari begirale rola kentzea Ipar Irlandako barne merkatuaren funtzionamenduan.

Bruselak ez du gogo onez hartu Boris Johnson lehen ministroaren kabinetearen mugimendua. «Alde bakarrez jokatzea kaltegarria da elkarren arteko konfiantzarako, eta ziurtasunik ezerako formula bat da», nabarmendu du, gaur, Maros Sefcovic Europako Batzordearen presidenteordeak.

Trussekin telefonoz hitz egin ondoren mintzatu da Sefcovic, Twitterren. Iruditzen zaio «arretaz» erreparatzen diola brexit-ak Ipar Irlandan duen eraginari, eta «irtenbide funtzionalak» planteatu izan dituela. Joan den ostegunean, ordea, Downing Streeteko 10. zenbakiak egotzi zion Bruselari protokoloari buruzko negoziazioez hitz egiteko gonbidapenari ez erantzun izana. Bruselak ez du protokoloa berriro negoziatzeko asmorik.

Ipar Irlandako Asanblearako bozak maiatzaren 5ean egin zituzten, eta bi aste geroago jakinarazi zuen Erresuma Batuko Gobernuak prest zegoela protokoloa ez betetzeko. Eta lege proposamena erregistratzeko erabakia heldu da, hain justu, Johnsonek Alderdi Kontserbadorearen barruan konfiantza mozio bat gainditu duenean pandemiako festen eskandaluaren harira. Lehen ministroak LBC irratian gaur adierazi duenez, erreformarekin «garrantzirik gabeko doikuntza» bat planteatzen dute.

Zenbait hedabidek Alderdi Kontserbadorearen iturriak baliatuz kaleratu duten informazioek diotenez, diputatu tory batzuei iruditzen zaie lehen ministroa nazioarteko zuzenbidea «urratzen» ari dela.

Johnson ez dago ados horrekin. Gaur azpimarratu du, bide batez, «gehiegikeria bat» litzatekeela Bruselak erreakzionatzea gerra komertzial bat hauspotuz. «Guk gauzak sinplifikatu nahi ditugu Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren arteko komertzioari oztopoak kentzeko». Irlandako Errepublikako RTE telebista kateak gaur argitaratu du EB pentsatzen ari dela Erresuma Batua auzitara eramatea datozen egunetan. Keir Starmer Alderdi Laboristako liderrak ere uste du Londresen erabakiak nazioarteko zuzenbidea «urratzen» duela, eta negoziatzera deitu du Johnson.

Brexit-aren ondorio da Londresek eta Bruselak adostutako mekanismoa, eta, finean, bi helburu ditu. Batetik, han bakea bermatze aldera, Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko muga, orain arte bezala, irekita mantentzea. Eta, bestetik, EBren merkatu bakarra babestea. Horretarako, bi aldeek adostu zuten, 2020an, Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraituko zuela ondasunentzat, eta EBren aduana legeak errespetatuko zituela bere portuetan. Horrek esan nahi du Irlandako itsasoan, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean, kontrolak jartzea.

Baina DUP Alderdi Demokratiko Unionistak uste du protokoloak zalantzan jartzen duela Erresuma Batuaren lurraldetasuna, eta, gainera, burokrazia katramilatzeak produktuen gabezia bat eragin duela. Erresuma Batuko Gobernuaren arabera, mekanismoak «doikuntzak» behar ditu, bai Ostiral Santuko Akordioari eusteko, bai Ipar Irlandako Gobernua martxan jartzeko. Izan ere, joan den maiatzaren 5ean Asanblearako hauteskundeak egin zituzten, bai, baina DUPek erabaki du erakundeak blokeatzea protokoloa erreformatzen ez duten bitartean.

DUPen Komunen Ganberako diputatu Sammy Wilsonek BBC hedabideari gaur adierazi dionez, «atseginez» hartu dute Downing Streeteko 10. zenbakiaren erabakia, iruditzen zaielako «arazo bat» dagoela «aitortzen» ari dela. Nolanahi ere, «pausoz pauso» joatera deitu du.

Gehiengoaren gutuna
Bestalde, Ipar Irlandako Asanbleako gehiengoak gutun bat sinatu du Erresuma Batuko Gobernuaren lege proposamena arbuiatuz. 90 diputatu ditu legebiltzarrak, eta 48k izenpetu dute: Sinn Fein indar nagusiko 27k, Aliantzako hamazazpik eta SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laboristako bederatzik. «[Erresuma Batuko] Gobernuaren zuhurtziarik gabeko legedi berriaenpresen gehiengoak eta Ipar Irlandako herritarren gehiengoak adierazitakoaren kontra doa», nabarmendu dute gutunean.

Michael Martin Irlandako Errepublikako lehen ministroak gaur adierazi duenez, «deitoragarria» da Erresuma Batuak nazioarteko zuzenbidea «urratu» nahi izatea. Negoziatu dezatela eskatu die bi aldeei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.