Frantziako Asanblearako bozak
Frantziako Asanblearako bozei buruzko 'Gaualdia' saioa, zuzenean ikusgai
Euskal hedabideen elkarlanaren emaitza da saioa, eta 20:30era arte iraungodu.
Igandean egin zen Frantziako Asanblearako bozen lehen itzulia: Ensemble eta NUPES alderdien aldeko botoak gailendu ziren Ipar Euskal Herrian, eta horiek lehiatuko dira bigarren itzulian laugarren, bosgarren eta seigarren hautesbarrutietan. EH Baik 16.385 boz bildu zituen denetara, eta ez da izango bigarren itzulian.
Interpretazio orokorrari dagokionez, Macronen mugimenduak ozta-ozta irabazi zion Melenchonen koalizioari, eta igande honetan ere hura izango du aurkari nagusi. Korsikan, hiru diputatu autonomista sailkatu dira aurretik norbere hautesbarrutian, eta nazionalisten arteko batasuna eta mobilizazioa funtsezkoak izango dira bigarren itzulian irabazteko.
Igande honetan erabakiko da dena, eta, bigarren itzulirako egun urri falta diren honetan, hauteskunde legegileei buruzko telebista saio bat egitea erabaki dute euskal hedabideek. Gaualdia izena jarri diote saioari, eta Gure Irratiaren Uztaritzeko egoitzatik egiten ari dira, zuzenean: 19:00etan hasita. Ordu bat eta erdi iraungo du gutxi gorabehera, 20:30ak aldera arte, hain zuzen ere.
Euskal hedabide askoren artean eginiko elkarlan bat da: Kanaldude, Euskal Irratiak, Kazeta, Herria Euskal Astekaria eta Ipar Euskal Herriko Hitza –BERRIA– hedabideek hartu dute parte. Saio horretan da Ekhi Erremundegi Beloki BERRIAko eta Ipar Euskal Herriko Hitza-ko kazetaria ere, aurkezle lanetan.
Bi atal ditu saioak. Lehenengoan, joan zen igandeko emaitzen inguruan hausnartuko dute. Besteak beste, Eguzki Urteaga soziologo eta EHUko irakaslearen laguntza edukiko dute horretarako, eta bozketan parte hartu zuten hainbat hautagaik analisia egingo dute.
Bigarren atalean, bozen azken itzuliaren emaitzek eta hortik aterako den Asanbleak Euskal Herrian zer eragingo duen aztertuko dute gonbidaturiko kazetariek: Euskal Irratietako Kriztof Arotzarenak, Herria astekariko Menane Oxandabaratz, Kazeta hedabideko Mikel Irastorza eta Kanaldudeko Josu Guillen izango dira estudioan.
BERRIA saioa zuzenean ikusteko aukera ematen ari da webgunean.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.