espetxea

Preso bat hilik topatu dute Basauriko kartzelan

Ostiralean sartu zuten kartzelan, eta atzo arratsaldean topatu zuten hilik. Gertatutakoa ikertzen ari dira.

Basauriko espetxea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko ekainaren 14a
12:20
Entzun

Preso bat hilik topatu dute bere ziegan Basauriko espetxean (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak eman du gertatutakoaren berri, Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian: azaldu duenez, ostiralean sartu zuten kartzelan, behin-behinean. 19:30ean gainerako presoekin afaldu zuen, baina 20:10ean, ziegara botikak ematera joan zitzaizkionean, ziegan hilik topatu zuten.

Eusko Jaurlaritzak iazko urrian espetxeen eskumena bere gain hartu zuenetik kartzelan hil den aurreneko presoa da. Zupiriak azaldu du gertatutakoa ikertzen ari direla: «Hori ikusita, protokoloa aktibatu zen, eta lehen pausoa da Guardiako Epaitegiari abisua ematea, epaileak eta auzitegi medikuntzako taldeak gorpua eraman dezan. Ondoren, familiari jakinarazi zitzaion, eta prozesu osoan lagundu; azkenik, Saileko Espetxe Ikuskaritzari eman zitzaion horren berri».

Gaur bertan, Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikarako Saileko ordezkaritza bat Basauriko presondegira joan da, gertatutakoaren berri izateko: Ana Agirre sailburuordea, Eugenio Artetxe Justizia zuzendaria eta Jaime Tapia espetxe arloko aholkularia joan dira. Jaurlaritzak azaldu duenez, Espetxe Ikuskaritza eta epaitegia nor bere txostena prestatzen ari da, gertatutakoa ikertzeko eta indarrean dagoen protokoloan zer hobetu aztertzeko: «Tamalez, suizidio arriskua etengabea da espetxe guztietan, bereziki behin-behineko espetxealdian dauden pertsonen artean. Horregatik, detekzio eta jarraipen protokolo bat dago konfiantzazko presoekin, suizidioak saihesteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.