Lan gatazkak

Sindikatuek diote Mercedes instituzioak «presionatzen» ari dela langileek amore eman dezaten

ELA, LAB eta ESKren ustez, «xantaia» egiten ari da enpresa, iradokita lan baldintzak malgutu ezean ez duela egingo iragarritako inbertsioa. Instituzioei leporatu diete «enpresaren bozgorailua izatea».

Mercedesek Gasteizen duen lantegiko sarrera. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko ekainaren 14a
13:25
Entzun

ELAk, LABek eta ESK-k Mercedeseko zuzendaritzari leporatu diote sindikatuei «xantaia» egitea enpresak proposatutako lan hitzarmena sinatzeko, eta salatu dute multinazionala instituzioak «presionatzen» ari dela hori gerta dadin. Alemaniako taldeak dio akordioa funtsezkoa dela Gasteizko lantegirako iragarri duen 1.200 milioi euroko inbertsioa egiteko, baina, langileen ordezkarien ustez, enpresa inbertsio hori erabiltzen ari da, besteak beste, beharginen lan baldintzak okertzeko.

Gaur, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak elkar ulertzeko memoranduma sinatuko dute Espainiako Mercedesekin. Urrats hori multinazionalak Gasteizen jarraitzeko erakundeen laguntza gisa interpretatzen dute sindikatuek. Haien ustez, «oso larria» da agintari politikoen jarrera.

Besteak beste, Gonzalezek berak eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak hitzarmena negoziatzeko eskatu diete sindikatuei, argudiatuta multinazionalak iragarritako inbertsioari ezin zaiola «ihes egiten utzi» eta «lurraldearen etorkizuna jokoan» dagoela. Astearte honetan, Gonzalez «kezkatuta» agertu da sindikatuen jarrerarekin. Azpimarratu du «gatazka giroa» helarazten ari direla eta hori dela orain «bidal daitekeen mezurik okerrena».

Sindikatuek agintari politikoei leporatu diete enpresaren asmoekin lerratzea eta langileen beharrak aintzat ez hartzea. «Klase politikoak denbora gutxi behar izan du enpresaren bozgorailua izateko, lantaldeaz eta lan baldintzez arduratu gabe. Larria da enpresaren alde ateratzea enpresaren asmoa norainokoa den jakin gabe, baina are okerragoa da enpresa defendatzea, lantaldeari proposatutako baldintzak ezagututa eta, beraz, legitimatuta», salatu du Igor Gebara langile batzordeko presidenteak (ELA), Gasteizen eginiko agerraldi batean.

«Bermerik gabe»

Mercedesek Gasteizen duen lantegia Euskal Herriko handiena da: 5.000 langile inguru ditu, eta zeharka beste 15.000, harentzat lan egiten duten enpresetan. Mercedes aztertzen ari da furgoneta elektriko berria Arabako plantan ekoiztea, han egiten diren modeloen diesel lineak ordezkatuz. Horretarako, 1.200 milioi euroko inbertsioa iragarri du, eta testuinguru horretan kokatu ditu sindikatuekin negoziatzen ari den lan hitzarmena eta erakundeekin dituen elkarrizketak.

Enpresak langileei egin dien proposamena ez da sindikatuen gustukoa izan: funtsean, ibilgailu eskariaren arabera egokitu nahi du ekoizpena, eta, horrekin batera, lan baldintzak. Besteak beste, malgutasun handiagoa eta soldata eskala bikoitza planteatu ditu, bata langile berrientzat —txanda berrietarako— eta bestea langile finkoentzat.

Sindikatuen arabera, ez dago zertan nahastu inbertsio hori lan hitzarmenaren negoziazioarekin. «Ontzat jotzen dugu Gasteizko fabrikan inbertitzea eta, ondorioz, enplegua sortzea. Hala ere, lantaldearen balioa eta azken urteetan ezarri diren ekoizpen errekorrak zein kalitate mailak berez nahikoa dira lantegi honen aldeko apustu garbia egiteko», azaldu du Gebarak.

Gainera, ELA, LAB eta ESK-k zalantzan jarri dituzte enpresaren konpromisoak; uste dute akordioa egiteak ez duela ziurtatzen iragarritako inbertsioa gauzatzea. «Akordio bat sinatzea ez da inbertsioak egiteko bermea izango, erabaki hori gero Alemanian hartuko baita».

Sindikatuak bananduta

Duela hemezortzi hilabete hasi zituzten lan hitzarmena berritzeko negoziazioak. Zuzendaritzak apirilaren hasieran gelditu zituen elkarrizketak, ibilgailu elektriko berria zein lantegitan egingo duen ziurtatu arte. Maiatzaren erdialdean negoziazioei ekin zien berriro.

Sindikatuek, baina, ez dute negoziazio plataforma bateraturik osatu. Hiru talde daude: alde batetik, UGT eta CCOO daude: batzordearen %35 ordezkatzen dute. Lanuzteak hasi dituzte, eta enpresak eskatu die protestak bertan behera uzteko haiekin negoziatzeko. Beste talde bat osatzen dute ELA, LAB eta ESK-k: batzordearen %45 ordezkatzen dute. Ez dute bat egin UGT eta CCOOren lanuzteekin, baina ez dute baztertzen batzea. Beste sindikatuei eskua luzatu diete plataforma bateratu bat sortzeko. Ekintzak eta PIMek osatzen dute langile batzordea.

ELA, LAB eta ESK-k uste dute marra gorri batzuk ezin direla zeharkatu. «Besteak beste, erosteko ahalmenari eutsi nahi diogu, urteko lanaldia murriztu, txanda kontratu hobeak nahi ditugu, ez dugu nahi malgutasuna handitzea gaueko asteekin, eta ez dugu langile berrien eta finkoen arteko diskriminaziorik nahi», azaldu du Gebarak. Hiru sindikatu horiek batzar batera deitu dituzte langile guztiak asteazken honetarako, goizean eta arratsaldean, negoziazioen nondik norakoen berri emateko eta aurrera begirako urratsak aztertzeko. UGT eta CCOOk, berriz, elkarretaratzea egingo dute lantegiaren aurrean, eguerdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.